Hiru burguen eta harresien ibilbidea

Hiru burguen ibilbidea

Erdi Aroko hiru burguak Batasunaren Pribilegioaren ondoren (1423) hiriak zuen ondare artistiko, kultural eta historikoaren erakusle dira.

 

NABARRERIAREN INGURUA

Gaur egungo Katedralaren inguruan kokatua, bai Iruña baskoiaren zein Pompaelo erromatarraren oinordeko zuzena zen. Antza denez, izenaren jatorria mendialdeko jendeak toki hau izendatzeko erabiltzen zuten hitzetik dator: “Naba” –”cuenca” hitza euskaraz– eta “herria” –”pueblo” hitza euskaraz–. “Nafarrak” hain zuzen ere.

Hemen Andre Maria Erreginaren katedrala kokatzen da, Nafarroan aurki dezakegun gotikoaren lan gorena.

Izena, Foruen zinaren ondoren, bertan errege-erreginen koroatze ekitaldiak gauzatzen zirelako jarri zitzaion. 1100 eta 1127 urteen bitartean eraiki zen katedral erromanikoaren eraisketaren ondoren, gotikoa (XIV.-XVI. mendea) eraiki zen, Karlos III.a Prestuak bultzatuta. Katedralaren eraikin-multzoa Estatuko osatuenetako bat da, eta Europako klaustro gotikorik onenetako bat du. Elizbarrutiko Museoaren Occidens erakusketa sarituaren parte dira hainbat gela: bihitegia, kapitulu-gela, errefektorioa eta sukaldea. Nabearen erdian Karlos III.a Prestuaren eta Leonor Trastamarakoaren alabastroko hilobi ikusgarria dago. Katedral gotikoa Ventura Rodríguez ospetsuak 1783an diseinatutako fatxada neoklasikoak ezkutatzen du. Ipar dorrean Maria kanpaia ikus daiteke, Estatu osoan erabilgarri den handiena. 

Arga ibaiaren gainean gailentzen da Errege-erreginen Jauregia, Antso VI.a Jakitunaren ekimenez eraikia XII. mendean. Rafael Moneok birgaitu zuen eta gaur egun Nafarroako Artxibo Nagusiaren egoitza da. Hegoalderantz, Ingurabideko pasealekua jarraituz, Andre Maria Erreginaren plazara iritsiko gara, eta hor kokatu zen Judutegia. 


SAN ZERNIN BURGUAREN INGURUA.

Burgu honetan frankoak bizi ziren –batez ere artisauak eta merkatariak–, Donejakue bidea zela-eta iritsiak. Portalapeako Etxartean oraindik ere Burguaren harresien aztarnak aurki ditzazkegu, hemen baitaude ikusgai Johan Caritaten dorrea eta Nabarreriako gerrako (1276) katapulta-jaurtigaiak.

Etxartearen parean, San Zernin eliza lirain ageri zaigu, bi eginkizun izan zituena, bata erlijiosoa eta bestea defentsarakoa. Eraikin gotikoa da (XIII. m.), nabe bakarrekoa eta neurri handikoa. Klaustroa zegoen tokian Donejakue Bideko Ama Birjinaren kapera barrokoa eraiki zen. 55 metro garai diren dorre prismatikoek Iruñeko profilik bereizgarriena marrazten dute.

Antzina burguaren ardatz zen Kale Nagusiaren hasieran Kondestablearen Jauregia dago, hiriko etxe nagusietako bat eta Interes Kulturaleko Ondare izendatua (1997). Bertako lehen solairuan Sarasate museoa dago, iruindarrik unibertsalenetako bati eskainia, non biolin-jotzaile honek hiriari utzi zizkion objektuak, artelanak eta musika-instrumentuak daude ikusgai.

Burguaren muinean Kontuen Ganbera dago, hiriko eraikin gotiko zibil bakarra. 1524tik 1836ra bitarte, bertan Nafarroako Erresumako Kontuen Auzitegia egon zen, eta errege-finantzen kontrola eta Nafarroako txanponak egiteko ardura zeukaten. Horiez gain, besteak beste artxibo-lanak ere egiten zituen; hain zuzen, Europan dagoen Erdi Aro Berantiarraren inguruko artxiborik osoenetako bat da.

Kale Nagusia jarraituz Ultreia, Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa dugu, eta Ezpeleta jauregia, zalantzarik gabe hiriko jauregi barrokoen adibiderik gailenena. 1709an eraikia San Miguel de Aguayoko markesen aginduz. Nabarmenena aitzinaldea da, jauregiaren lehen jabearen jarduera militarren inguruko motiboak dituena.

San Lorentzo eliza Erdi Aroan eraiki zuten, eta bere dorre garaiak ere defentsa-funtzioak bete zituen. Barruan San Fermin kapera dago, eta bertan santuaren busto-erlikiontzia. Nafarroako Museoa nahitaezko geralekua da bisitari ororentzat. Bertan ezinbestekoak diren hainbat obra daude: Leireko kutxatila, San Adriango Markesaren erretratua –Francisco de Goyak egina–, katedral zaharraren kapitel erromaniko paregabeak –Esteban maisuak egina–, edota Abauntzeko mapa eta horma-pintura gotikoak. Museoaren ondoan, Santo Domingoko aldaparen harresi-hormatalean San Ferminen horma-hobia dago. Bertan korrikalariek, goizero, sanferminetako entzierroa hasi baino minutu gutxi batzuk lehentxeago santuari abesten diote. 

SAN NIKOLAS HIRIAREN INGURUA.

Defentsa-puntu nagusia San Nikolas eliza izan zen. Gangak eta absidea gotikoak dira, baina tenpluaren gainontzeko atalak zistertarrak. Bertan dagoen organo barrokoa hiriko hoberena da. Kontseiluko plaza txikian Gendulaingo Kondeen jauregia dago, Nueva Granadako erregeorde Sebastián de Eslava jaunak eraikia XVIII. mendeko erdialdean. Barruan Berlina erako karroza rokoko bikain bat dago. Jauregiaren parean Neptuno Haurraren iturria aurkitzen da, Paret y Alcázarrek hirira uraren ekarrerarentzat diseinatutakoen guztienetarikoetatik agian ikusgarriena.

 

Gazteluko plaza ere aipagarria da, hiriaren bihotza dena. Plazaren ondoan Nafarroako Jauregia –Gobernu autonomikoaren egoitza– eta Gayarre Antzokia aurki ditzazkegu. 

Turismo Bulegoa dagoen plazan Iruñeko Udaletxearen fatxada barrokoa ikusi daiteke.

Harresien ibilbidea

Batasunaren Pribilegioaren ondoren, Erdi Aroko harresiak bazter geratzen hasi ziren. Zaharkitzapen hori berretsi zen Albako Dukearen tropen artilleriak Iruña konkistatu zuenean 1512an.

XVI. mendean, Iruña gaztelar koroaren gune aurreratua bihurtu zen Frantziari aurre egiteko orduan, eta, horregatik, lehen mailako defentsa-sistema bat eraiki behar izan zuten: artilleria modernoari eutsi ahal izateko horma-ezpondak, bastioiak, errabelinak, kontraguardiak, zubi altxagarriak, eta abar. Hiru aurrealdeak ditu: SAN BARTOLOME GOTORLEKUA / MAGDALENA-FRANTZIAKO AURREALDEA, ARROTXAPEA-TAKONERAKO AURREALDEAK eta ZIUDADELA.

San Bartolome gotorlekua harresietan barna ibiltzeko abiapuntu egokia da. Gune aurreratu hau XVIII. mendean eraiki zen, XVI. mendeko harresien defentsa-izaera sendotzeko asmoz. Jorge Próspero de Verboomek diseinatu zuen, Vauban ingeniari frantziar oso ezagunaren ikasle izandakoak.

Jarraian Labriten Bastioia dago, barruti gotortu osoko bastioirik zaharrena. Ondoan ditu Artzapezpiku-jauregia eta Labrit zein Jito Alai pilotalekuak.

Barbazán Apezpikuaren pasealekua edo Barbazán ingurabidea hartuta, iparralderantz, Redingo bastioian, Zaldi Zuriaren txokora iritsiko gara; hura da hiriko tokirik enblematikoenetako bat eta ohiko defentsa-sistema errenazentista baten gainean dagoen begiratoki ezin hobea. 1960ko hamarkadan eraiki zen gaur egun ikus dezakegun ostatua, kutsu historizista duena eta inguruari Zaldi Zuriaren txokoa izena eman diona, nolabait. San Cristobal gotorlekuak Ezkaba menditik zelatatzen gaitu, hirian egin zen azken defentsa-eraikina eta Gerra Zibileko zenbait gertaera tamalgarriren agertoki izandakoa.

Harresiak zituenez, Iruñeak sei portale baino ez zituen, XVI. eta XVIII. mendeen artean eraikiak. Bertako ariel-etxoletan kobratzen ziren harresiez haragotik iristen ziren jateko, edateko edo erretzeko objektuen gaineko tasak. Redinen ondoan dago Frantziako edo Zumalakarregiren Atea, sei horietatik jatorrizko tokian dagoen bakarra. Hiru ate ditu, eta kontrapisu-sistema eta bihurgune-egiturak mantentzen ditu.

Ingurabideko pasealekuan barna helduko gara San Pedro Errege-erreginen Jauregira, Nafarroako Artxibo Nagusira, alegia. Bertan zegoen elurtegian elurra biltzen zuten, lastoa eta elurra geruzaka tartekatzen zituen sistema zehatz baten bidez (hori dugu gaztelaniazko “limpio de polvo y paja” esaeraren jatorria). Egitura horretaz “elurtzaina” arduratzen zen. Berak zuen elurra bildu, haraino garraiatu, jaitsi, pilatu eta prentsatzeko ardura, baita gero eskatzen zuen edonori izotza ematekoa ere.

Aurrerago, Arrotxapeko Atetik gora –horrek bertan dagoen harresiaren aurrealdeari izena ematen dio – Ate Berrira iritsiko gara, zeina hainbat aldaketa izan arren, Iruñeko sarrerarik ikusgarrienetakoa baita.

Behin Takonerako lorategian –Takonerako bastioian kokatua–, garaipen-arku itxurako ateak ikusiko ditugu, hala nola izen bereko atea, San Nikolas atea eta Taconerako bastioia. Harresi-barrutiaren gainerako bi ateak Arrotxapeko Atea eta Telleriako Atea dira. Biak XX. mendearen hasieran desagertu ziren.

Alabaina, hiriaren gotortzea ez zen osatu Ziudadela eraiki arte, ziur aski, Errenazimentu espainiarraren arkitektura militarrean eredurik hoberena. Fernando Katolikoak Luis Hutínen Erdi Aroko gaztelua eraitsi zuen eta Santiago gaztelua eraiki. Dena den, Iruñeko defentsa-sistema errenazentista ez zen osatzen hasi Karlos I.a Espainiakoaren eta Filipe II.aren erregealdiak arte. Iruñeko Ziudadela, “gaztelu oso nagusia”, hiriaren arnasgune berdea da, Hiriartea arte garaikideko zentroaren kokalekua eta munduan oraindik erabiltzen diren gotorleku pentagonaletan zaharrena. 1571n diseinatu zuten –Filipe II.aren aginduz– Giacomo Palearo (Fratin) italiarrak eta Nafarroako erregeorde Vespaiano Gonzaga y Colonna-k. Haren eginkizuna ulertu ahal izateko, aintzat behar dugu bost bastioietako bi hiriaren barnealdera zuzenduta zeudela; ongi adierazten zion hori Antonelli ingeniariak Filipe II.ari: “kanpoko nahiz barruko arriskuetatik defendatzeko balio beharko du”.

Ziudadelara Armada etorbideko ate nagusitik edo Laguntza atetik sar daiteke, doan.

 

HARRESIAK ETA HEMINGWAY

‘The Sun Also Rises’ eleberrian Hemingwayk behin baino gehiagotan aipatzen ditu Iruñeko harresiak. Horietako batean Jake eta Brett protagonistak jendetzatik atera eta paseo bat ematea erabaki zutela azaltzen du: “Belardi hezea zeharkatu genuen eta gotorlekuen harrizko parapetora heldu ginen. Lautadaren hondoan jada ilun zegoen, nahiz eta oraindik mendiak ikusten ziren. Gertuen zegoen mendian gora zihoan errepidean auto baten argiak ikusten ziren. Tontorrean gotorleku militarraren argiak ikusi genituen. Elkarrekin egin genuen parkea zeharkatzen zuen bidea... eta harresietako portale handikoa, zeinetik hirira berriz ere sartzen zen”.

Eta harresiei ere erreparatzen die Gaseko eskortetan zezenak ikusten daudenean: “Harresi zaharretan eta gotorlekuan zehar jendetza pilatzen zen. Gotorlekuen ondoz ondoko hiru lerroek jende ilara beltzak osatzen zituzten. Harresien gainetik beste askoren buruak agertzen ziren etxeetako leihoetatik”.