Informazio praktikoa
Helbidea: Gazteliko Plaza, z/g. 31001 Pamplona - Iruña
Ibilbidea:
Iruñearen bihotza dela esan daiteke, erdigune nagusia. Plazak luze-zabal dituen 14.000 m²-ak Iruñeko historian zehar funtsezkoak izan dira. Izena 1310. urtean Luis Hutinek eraikitako gaztelutik datorkio, gaztelu hau plazaren ekialdean kokatua zegoen Xabier kalearen inguruan. Plaza bera gazteluaren arma-patio gisa erabiltzen zen. Erdi Aroan hiru burguen arteko gatazken garaian plaza inorena ez den lurra bilakatu zen, hala ere eginkizun militarraz gainera, 1324. urtean merkatua ere izan zen eta XIV. mendean belarrak eta garia landatzeko erabili zen.
Gero eremu soila bilakatu zen, harik eta XVII. mendean hiriko bizitzan txertatu zen arte. Mende horren erdialdera arte ez zen etxebizitzak eraikitzen hasi, eta kostata egin zuten, bertan ez baitzen hiri-tradiziorik. Plaza eraikitzeko lanak XVIII. mendera arte iraun zuten.
Plaza laster aisialdirako eta ikuskizunetarako gune aparta izateko eratu zen. 1405. urteaz geroztik bertan egin ziren errege-erreginek edo hiriko jauntxoek antolatutako ospakizunak. Halaber, plaza honetan egin ziren ia zezenketa guztiak 1385. eta 1844. urteen artean, harik eta zezen-plaza finkoa eraiki zuten arte. Lehen eraikina testuinguru horretan egin zuten, 1612. urte aldera zezen-etxea eraiki baitzen, gaur egun 37. zenbakia dagoen tokian, mendebaldean. Ondoren, XIX. mendean, justa eta zezenek kafeei lekua utzi zieten, beste zerbitzu batzuekin batera, gaur egun arte, mantendu den gizarte funtzioarekin.
Erdiko kioskoa, 1943koa, aurrez zegoen egurrezko 1910eko beste baten ordez jarri zuten, eta hori berriz, XVIII. mendeko Luis Pareten Ongintzako iturriaren ordez jarria zuten. Iturriaren estatua nagusia, Mariblanca, gaur egun, Takonerako lorategietan dago.
Aparkalekua eraiki eta plaza berrurbanizatzeko berriki egin diren indusketa-lanek argira atera dituzte hainbat garaitako aztarna arkeologikoak. Mosaiko erromatar baten puska bat berreskuratu da, nekropoli musulman bateko ehun bat ehorzketa topatu dira, eta Erdi Aroko Done Jakue komentuaren aztarnak aurkitu dira, eta bertan berrogeita hamar hilobi baino gehiago. Horrez gain, San Nikolas hiriko lehen harresiaren ekialdeko atalaren zati bat aparkalekuan txertatuta geratu zen.
Gazteluko Plaza eta Hemingway
Gazteluko plaza Iruñeko bihotza da. Puntu horretatik bideratzen da hiriko bizitza osoa. Ernest Hemingwayk ezagutu zuen hiriko lehen tokia da, bere emazte Hadley Richardson-ekin batera heldu zenean, 1923ko uztailaren 6an. Hemingwayk plaza bere hiriko ezinbesteko tokia bihurtu zuen.
Plazan Iruña Kafea taberna historikoa eta ‘The Sun Also Rises’-ko protagonisten topalekua dago. Hortik gertu ehun urtetik gorako La Perla hotela dago, eta pare-parean jada desagertu den Quintana hotela zegoen, eta ondoan, Txoko taberna. Hemingwayren eleberriko protagonistak plazatik paseatzen dira, jada desagertu diren Café Suizo delakotik (37. zenbakian) eta Torino tabernatik, eleberrian Milano izenarekin (3. zenbakian); eta idazle amerikarra berak, 1953an, jada desagertutako beste kafe bat gozatu zuen: Kutz kafea (Jakoba pasagunearen eta Iruña Kafearen artean).
‘The Sun Also Rises’-ko protagonistak autoz heldu ziren Iruñera, “plaza handira... Beroa egiten zuen, plazak eta zuhaitzak berde zeuden, eta banderak bigun zeuden mastetatik zintzilik, eta atsegina izan zen eguzkitik irten eta plaza lau aldeetatik inguratzen duten arkupeetako itzaletara sartzea”.
Hemingwayk ongi pasatu zuen Gazteluko plazan –Konsituzioaren plaza eta Errepublikaren plaza izenekin ere ezagutu zuen–, sanferminei hasiera ematen zien suzirien jaurtiketa gozatu zuen (Txupinazoa 1939an hasi zen Udaletxetik jaurtitzen), eta pena eman zion 1931n Gayarre antzokia tokiz mugitu eta jada ez zuela plaza ixten ikusteak.
Gazteluko plazan hartu zuten autobusa Hemingwayk eta haren lagun-taldeak Auritzera joateko (‘The Sun Also Rises’-en ageri da). Bidaian herritarren lagun egin ziren. Eleberrian, Bill Gordon-ek, protagonistaren lagunak, zalantzarik gabe dio: “Euskaldun hauek jende zoragarria dira”.