Hauxe dugu, ezbairik gabe, Iruñeko zokorik xarmangarrienetakoa; paseoak emateko toki zoragarria da, San Jose plaza eta Katedralaren ondoan.
Hau da Redingo Bastioiaren alderik gorena. Hemen zegoen, aspaldian, jauregi bat; egun 1500. urteko Solastokiko Gurutzea baino ez da gelditzen. Bertan gauzatzen ziren garai hartan exekuzioak. Redingo bastioia Iruñeko defentsagunerik hoberena zen, eta harresi multzoko tokirik eskuraezinena. Hiru puntako izar itxurakoa baita, kanoiek tiro-angelu guztiak babesten ahal zituzten. XVI eta XVII. mendeetan, harresia eraikuntza berriekin indartu zuten, defentsaguneak garai eta arma berrietara egokitzeko; izan ere, bastioiaren beheko aldean lubanarroak ireki eta gotorleku berriak eraiki zituzten, esaterako, Guadalupeko beheko bastioia, eta are beherago, Errege-erreginen errebelina; hori hiruki-formakoa da, eta eginkizuna erasotzaileak zatitzea dauka, eta harresia babestea, tiro gurutzatuen bitartez.
Zaldi Zuriaren ostatua da, begiratokiarekin batera, txoko honetako beste gune garrantzitsua. Behinola, erromesek hemen hartzen zuten ostatu, eta egun, ostalaritzako establezimendua da.
Zaldi zuria eta pikota
Parean dugun jauregiari Zaldi Zuria esaten zaio, baina ez dago hemen aspaldi-aspalditik, kanpoko harriek antzinakoa dela salatzen badigute ere. 1961ean eraiki zen Agerretarren jauregi eraitsiko harriak eta apaingarriak hona ekarrita, jauregi hori Alde Zaharreko kale Berrian baitzegoen.
Urte hartan ere Mentidero izeneko gurutzea paratu zen hemen. Oinarria eta fustea baizik ez ditu gaur egun eta eraikinaren barruti barnean dagoen zutabe txiki horixe da. Egia esan, pikota bat zen, jende kondenatua hiltzeko toki bat, alegia. 1500ean eraiki zen, Mentidero esaten zitzaion lekurako (egungo Navarrería, Curia, Calderería eta Mañueta karriken elkargunean).
Sokagileak eta harresietako txokoak
XX. mendeko 60ko hamarkadara arte, harresiak leku ezin hobea izan ziren sokagileen lanerako. Hormen arteko leku zabal eta handiari esker, sokagileek hemen espartzuzko eta kalamuzko harizpiak lantzen zituzten, gurpilak eta txirrikak erabilita, eta lubanarroetan sokak ehunduta. Redingo Bastioi honetan bertan aritu ziren lanean XX. mendeko hirurogeiko hamarkadara arte, lanabes guztiak luze eta zabal hemen jarrita.
Maka mutiko ikastuna zen eta etengabe eragiten zion txirrikari, sokagileak ezpelezko tronpa abileziaz zerabilen bitartean. Tresna horrek hariak elkarrekin txirikordatzen zituen, eta horrela soka luzeak osatzen ziren. Lana beti aire zabalean egiten zen. Tresnak eta gai guztiak oraindik ere zutik dirauen harrizko etxola zahar horretan gordetzen ziren.
Harresiak mendez mende izan dira nekazari, merkatari eta erromesen sartu-ateraldien lekuko; harresi gainetik, gizonek oihu egiten zieten erreka bazterrean arropa garbitzen zuten emakumeei, eta latsariek tonu berean erantzuten zieten. Argan, herritarrek loinak, amuarrainak eta aingirak harrapatzen zituzten, denetariko arrantza-tresnak erabilita. Harresietako bazter eta zoko-mokoek, gainera, bikote aunitzen lehen fereka eta musu amultsuak gorde dituzte isilpean.
Iruñerriko txakolina
Hiria toki garai batean eraikia dago. Iruñean, toki horri “koroa” esan izan zaio euskaraz, hiriko toponimiak darakuskigun bezala. Toki estrategikoa benetan, eta ikuspuntu militarretik, oso ona, Erdi Aroan hiria defenditzeko. Arga ibaia bera ere lagungarria zen hiriaren defentsarako, lubanarro naturala baitzen. Hiria, gutxi gorabehera, mendiz inguratutako lurralde zelai edo ordoki samar baten erdian dago. Ordoki zabal horri Iruñerria esaten zaio.
Lehenago esaten zenez, Iruñeko Katedraleko Maria ezkilaren soinua noraino, haraino iristen zen Iruñerria. Nekez irudika dezakegu ordoki hori urbanizatu gabe, baina lur emankorrak direnez, laborea ugari erein da XX. mendera arte, eta txakolina ere erruz egin da; txakolin beltza, batez ere. Mahastiak ere gure parean dugun Ezkaba mendiko mazeletan landaturik zeuden.
Ezkaba mendiko gotorlekuko ihesaldia
Ezkaba mendiko gotorlekua oso ezaguna da gaur egun, Espainiako Gerra Zibilean presondegia izan baitzen. Hiru solairu ditu mendi barnean. Hantxe, frankismo garaiko preso ihesaldirik handiena gertatu zen, 1938ko maiatzaren 22an. Ia preso guztiak harrapatu edo erail zituzten, askatasunaren bila ihesi zihoazenean. Gorpu asko hilobi komunetan agertu izan dira, handik hamarkada batzuetara.
Hiria gotortu eta defenditzeko sistema etengabe eraldatu zen, mendez mende. Hori dela eta, harresi batzuk garaiagoak dira beste batzuk baino, eta horregatik daude bastioiak, rebellinak, garitak... Armen bilakaerak aldaketak eragin baititu beti. Ez baita gauza bera abaila batekin eraso egitea edo balezta batekin, edo fusil batekin eraso egitea edo kanoi batekin.
Iruña defendatzeko sistema hura munduko onena zela zirudienean, artilleriako arma berriak agertu ziren, XIX. mendean. Karlistek arma horiek baliatu zituzten hiria Ezkaba mendiko tontorretik setiatzeko. Hura ikusirik, karlistaldiaren ondotik, han goian, gotorlekua eraiki zen, eta lanak bukatu gabe zeudela, hegazkinak agertu, eta dena zaharkitua gelditu zen.
Informazio praktikoa
Helbidea: Redin, z/g, 31001 Pamplona - Iruña
Ibilbidea:
Iruña harresiak dira
Iruña berdea da