Labrit Bastioia

Informazio praktikoa

Helbidea: Santa María la Real plaza. 31001 Pamplona - Iruña

Ibilbidea:

      Iruña Harresiak dira

Bastioia eraiki ondotik eman zitzaion Labriten Bastioia izena. Baliteke izenak Joan Labritekoarekin izatea zerikusia, hura azken erregea izan baitzen Iruña hiriburutzat zuen Nafarroa burujabean eta, hain zuzen ere, Joanek ate horretatik ihes egin zuen, 1512ko uztailean armada inbaditzailea iristeko zorian zela. Handik lau hilabetera doi, hiria berreskuratzen saiatu zen, Iruña setiatuz eta leku honetatik bertatik sartzen ahaleginduz. 
Ate hau tunel bateko sarrera da. Tunelak harresia zeharkatzen du Caparrosoren errotara agudo iristeko, errota Argaz bestaldean baitago. Bastioiaren eginkizun nagusia errota babestea izan zen. 
Ate gaineko horma-hobian Iruñeko Andre Maria Erreginaren harrizko erreprodukzio bat dago. Irudia 1946koa da, urte hartan Andre Maria Erregina gisa koroatu baitzuten Sagrarioko Ama Birjina. Zenbait mende lehenago, Nafarroako errege-erreginekin erabilitako erritu berbera erabili zen, irudi horren aurrean koroatzen baitzituzten, Iruñeko katedralean. 

Nafarroako Erresuman, errege-erreginek foruak errespetatuko zituztela zin egin behar zuten koroatuak izanen baziren. Ondoren, armarri baten gainean igo, eta errege koroatzen zituzten, jendeak Errege! Errege! Errege! oihu egin bitartean. Herriak leialtasun-zina egiten zion erregeari, foruak errespetatzeko baldintza jarrita. Foruak Erresuma historiko honen askatasunaren eta independentziaren ikur baitziren.

 

Errota babestea

Atetzar hau Arga ibaiaren ertzean dagoen Caparroso errotara azkar iristeko harresia zeharkatzen duen tunel baten sarrera da.

Gotorleku honen kokapena ez da kasualitatea; edozein bastioiren berezko funtzioez gain, errota zaindu eta babesteko funtsezko eginkizuna zuen: gotorleku edo haren gaineko defentsa gisa jokatzen du. 

Nabarreriako gerra (1276) eta Albako Dukearen tropa inbaditzaileen sarrera (1512) errotak defendatzearen garrantzia agerian utzi zuten bi gertakari historiko dira.

 

Pilotaren katedrala, judutegia eta emakumeen izenak

Labriten bastioiko gune horretan bertan, alde batetik, Jito Alai pilotaleku ezaguna dago (ijitoena), eta, bestetik, pilotaleku profesional bat, Labrit pilotalekua, pilotaren katedrala. Biek gogorarazten digute lurralde honetan pilotaren jokoa tradizio bihurtu dugula, eta bertatik abiatuta nazioarteko bihurtu dugula, "euskal pilota" izenarekin.

Gure aurrean Artzapezpiku-jauregia dugu, XVIII. mendean eraikia. Artzapezpiku-jauregiaren ezker aldetik hedatzen diren kaleen multzoak eta plaza honek garai batean judutegia eratu zuten, non ez baitzen falta ez sinagoga, ez bainuak, harategia eta ospitalea; hori guztia haien sinesmenetara egokituta.

Ingurabidera iristeko eskaileren eta arrapalaren hasieran dagoen harrizko monolitoa erromatarren garaiko hilarri baten kopia da, zeina Navarrería kalean agertu baitzen. Bertan, hiriaren historian lehen aldiz, II. mendeko emakumeen izenak agertzen dira idatzita: Antonia, Stratia, Festa eta Rustica.