Errege Antso VI.a Jakitunak agindurik, hemen Nafarroako Errege-Erreginak bizitzeko jauregia eraiki zen.
Hainbat mendez atzera eginen bagenu eta, gainera, gauza ere izanen bagina estratega militar haien pentsamenduan sartzeko, berehala ohartuko ginateke hauxe dela hiria defenditzeko tokirik garrantzitsuenetako bat.
Uste izatekoa da kokaleku hau hasierako gune baskoiaren zati bat zela, sekulako talaia baita bazterrak zaintzeko. Hemen erromatarren garaiko eta Erdi Aroko aztarnak agertu dira. Inguru hau guztia historiaz jantzia dago.
Nafarroa inbaditu ondoren (1512), konkistatzaileek eraikina erregeordearen egoitzarako erabili zuten. Gero, 1841eko Lege Hitzartuaren ondotik, Gobernu Militarraren egoitza izan zen, 1971ra arte, eta Kapitaintza Jenerala ere esan zitzaion.
1979an, armadak eraikinaren jabetza Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi zuen.
Egungo eraikina (2003) Rafael Moneo nafar arkitektoak egina da eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren egoitza da. Hemen gordea dago Nafarroako Erresumak independentzia galdu aurreko eta ondoko memoria dokumentatua. Tematika anitzeko erakusketak zein mikroerakusketak ere antolatzen dira, non artxiboko dokumentu originalak erakusten diren.
Kanpotik oso eraldatuta egon arren, barnean elementu historiko ugari mantentzen ditu: 12. mendeko barruko bi paretak, 15. mendeko pilare oktogonalak, sarrera ate gaineko Austria dinastiaren armarri errenazentista, erdiaroko elur putzua eta gangadun kripta erromanikoa. Kripta hau zehazki, hiriko altxor arkitektoniko garrantzitsuen artean dago. Sei ataletan eraikita dago, sei gurutze ganga eta sei leiho txaranbelduz osatuta. Lurpeko areto hau da, 800 urte baino gehiago aldaketa handirik jasan gabe igarota, Artxiboko aldi baterako erakusketak egiteko erabiltzen dena.
Jauregiarekin bukatzeko, Iruña 1900. urtean nolakoa zen erakusten digun maketa dotore batekin topo egingo dugu. Honi buelta osoa eman eta gero, harresi multzo osoa ikusiko dugu, 1888. eta 1915. urteetako eraispenak gertatu aurrekoa (hau da, Lehen eta Bigarren zabalguneak eraiki baino lehenagokoa). Maketa honetan Gayarre antzokiaren jatorrizko kokapena ere ikusiko dugu, hiriak izan zuen lehendabiziko zezen plaza atzekaldean zuelarik.
Elur putzua. Berezko hozkailua
Hona hemen hiriko elur-putzuetako bat. Zilindrikoa da eta 7 metro da sakoneran.
Elurra geruzaka sartzen zuten barnera, trinkotuta, geruzen artean lastoa paratuta, elurrak iraun egin zezan. Zeregin horretaz elurtzaina arduratzen zen; hau da, elurra bildu, honaino ekarri, barnera sartu, metatu eta trinkotzen zuen. Gero, eskatzen zuenari ematen zitzaion.
Garai hartan, elurra edo izotza funtsezko hiru gauzatarako erabiltzen zen: janaria kontserbatzeko, gaixotasunak sendatzeko eta freskagarriak egiteko.
Gure irudimena dantzan jarri beharko dugu bere harresietan hertsirik zegoen Iruña hartara joateko; batzuetan ezinezkoa zen kanpora ateratzea edo ez zen batere gomendagarria. Hiriak prest egon behar zuen setio luzeetatik ere onik ateratzeko. Horregatik, ur-putzuak arras garrantzitsuak ziren; bai eta elur-putzuak ere.
Informazio praktikoa
Helbidea: Dos de Mayo kalea
Telefonoa: 848 424 667
E-mail: archivogeneral@navarra.es
Ibilbidea: Iruña Harresiak dira
Ordutegia: astelehenetik igandera eta jai egunetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Sanferminetan:
Uztailaren 6tik 9ra: Itxita
Uztailaren 10etik 14ra: 10:00etatik 13:00etara.