Barbazan Ingurubidea

Harresien oinetan ibaia dago, zuhaitzek Arga ikustea galarazten badigute ere. Ibaiaren inguruko arkeologia-indusketek harria lantzeko industria erakutsi dute, gizakia duela 75.000 bat urtetik hemen bizi dela salatuz. Giza populazioa egonkorra izan da, gutxienez, K.a. lehen milurtekotik aurrera. Hasierako populazio hura baskoia zen eta hiria baskoien hizkuntzan eta kulturan sustraiturik garatu da aro garaikidera iritsi arte. K.a. 75. urtean, baskoien kokaleku horren gainean, Ponpeio erromatar jeneralak populazio gune bat sortu zuen eta erromatar hirien egitura eman zion. Inperioa eta latina hona iritsi eta euskararekin uztartzearen ondorioz, Pamplona izena sortu zen.

 

OPUS SPICATUM

Aurrean dugun horma honetan harresi-atal bateko zati berezi bat ikusiko dugu. Harriak arrain-hezurraren forman daude jarrita eta (opus spicatum) izeneko eraikuntza moldearekin du antza. Molde hori 1000. urtea baino lehen erabili zen; garai karolingioan beharbada. Une hura giltzarri izan zen Iruña-Nafarroako Erresumaren historian.

778. urtea zen. Frankoen enperadore Karlomagnok baimena eman zien soldaduei Iruñeko harresiak txikitzeko eta hiria arpilatzeko. Garai nahasiak ziren. Erromatar Inperioa erori berria zen. Baskoiek bizirik irauteko ahaleginean ziharduten, frankoak iparraldetik ari baitziren bultzatzen; omeiatarrak hegoaldetik, eta asturrak, mendebaldetik.

Egoera nahasi hartan Karlomagnok hiriari eraso egin zion, Zaragoza setiatzetik atzera zetorrela. Handik egun batzuetara baskoiek Karlomagnoren armada oinperatu zuten Orreagako mendien arteko zintzurretan. Hura Baskoniako egituratze juridiko eta politikoaren abiapuntua izan zen, hau da, Iruñeko Erresuma sortu zen, ondoren Nafarroako Erresuma izanen zena.

INFORMAZIO PRAKTIKOA

Helbidea: Barbazan Gotzainaren ingurubidea, z/g 31001 Pamplona - Iruña

Ibilbidea:

     Iruña Harresiak dira