XIV eta XV. mendeetan eraiki zuten, eliza erromaniko baten aztarnen gainean. 1799. urteko fatxada neoklasikoa Ventura Rodríguezek egindakoa da, eta barruko aldea, gotiko frantziarra. Klaustroa –1472an amaitua– Europako ederrenetakotzat jotzen dute.
Barrualdean Occidens erakusketa aurkitzen da. Ondoko artelanak ere nabarmentzen dira: erretaulak, koruko sileria –Esteban de Obrayk egindakoa–, XII. mendeko Andre Mariaren tailua, Santo Kristoa –Anchietak egindakoa–, Carlos III.a Prestuaren eta bere emaztearen alabastroko hilobia –Tournaiko Johan Lomek egindakoa– eta Barbazan apezpikuaren kapera –ganga oktogonal gotikoduna, klaustroko gune antzinakoena–.
Artzapezpiku-jauregia
Erdi Aroan, hiriaren alde hau judutarren auzoa zen. Hemendik abiatuta, Labriteko bastioira joan daiteke edo Barbazanaren ingurubiderantz jo.
Eraikinaren obrak 1732. urtean hasi ziren, eta 1736an bukatu. Emaitza arkitektura barrokoko eredu bikain hau daukagu. Sintesia da: batetik, Nafarroako Alde Ertaineko ohiko arkitektura –non harlanduak nagusi baitira–, eta, bestetik, Erriberako arkitektura –adreilua, nagusi–.
Eraikina oinplano angeluzuzena da, eta fatxadak, txurrigereskoak. Fatxada horietako batean horma-hobi bat dago, eta bertan, elizbarrutiaren patroia den San Ferminen irudia.
Iruñeko katedrala eta Hemingway
‘The Sun Also Rises’ eleberriaren une batean, Jake Barnes protagonistak, Iruñean barna paseo bat eman ondoren, katedrala topatu zuen. “Kalearen amaieran katedrala ikusi nuen eta hara joan nintzen. Ikusi nuen lehen aldian fatxada itsusia zuela iruditu zitzaidan, baina orain gustatu zitzaidan”.
Erakarria sentitzen da: “Sartu nintzen. Ilun zegoen eta zutabeak oso altu igotzen ziren eta otoi egiten zuen jendea zegoen eta intsentsu usain bizia. Beirateak zoragarriki handiak ziren. Belaunikatu eta otoi egiten hasi nintzen, burura etorri zitzaizkidan guztiongatik egin ere: Brett eta Mike; Bill eta Robert Cohn eta ni neu, eta toreatzaile guztiak, lehenbizi gustatzen zitzaizkidanak eta gero besteak; nire buruagatik otoi egin nuen berriz...”
Egungo Iruñeko Andre Maria Katedrala tenplu gotikoa da, antzinako katedral erromanikoa 1389. urtean eraistearen ondorioz eraikia. Iruñeko Katedraleko tokirik preziatuena klaustroa da, estilo gotikoaren gailurretako bat. Hemingwayk ‘The Sun Also Rises’-en aipatzen duen “fatxada itsusia” estilo neoklasikokoa da eta 1784 eta 1800 urteen artean eraiki zen.
Informazio praktikoa
Helbidea: Dormitalería kalea. 31001 Pamplona - Iruña
Telefonoa: +34 948 212 594
E-mail: museo@catedraldepamplona.com
Web-orria: www.catedraldepamplona.com
Ibilbidea:
Ordutegiak:
Bisitarien ordutegia:
Udazkena-Negua (urriaren azken astetik aurrera ):
Astelehenetik larunbatera, 10:30etik 17:00etara. - Azken sarrera: 16:00etan.
Udaberria - Uda (martxoaren azken astetik aurrera ):
Astelehenetik larunbatera, 10:30etik 19:00ra. - Azken sarrera: 16:00etan.
Elizaren irekiaren ordutegia:
Astelehenetik ostirala, 9:00tik 10:30ra.
Igandetan, 9:30etik a 14:00ra.