Hiru burguen ibilbidea

Erdi Aroko hiru burguak Batasunaren Pribilegioaren ondoren (1423) hiriak zuen ondare artistiko, kultural eta historikoaren erakusle dira.

 

NABARRERIAREN INGURUA

Gaur egungo Katedralaren inguruan kokatua, bai Iruña baskoiaren zein Pompaelo erromatarraren oinordeko zuzena zen. Antza denez, izenaren jatorria mendialdeko jendeak toki hau izendatzeko erabiltzen zuten hitzetik dator: “Naba” –”cuenca” hitza euskaraz– eta “herria” –”pueblo” hitza euskaraz–. “Nafarrak” hain zuzen ere.

Hemen Andre Maria Erreginaren katedrala kokatzen da, Nafarroan aurki dezakegun gotikoaren lan gorena.

Izena, Foruen zinaren ondoren, bertan errege-erreginen koroatze ekitaldiak gauzatzen zirelako jarri zitzaion. 1100 eta 1127 urteen bitartean eraiki zen katedral erromanikoaren eraisketaren ondoren, gotikoa (XIV.-XVI. mendea) eraiki zen, Karlos III.a Prestuak bultzatuta. Katedralaren eraikin-multzoa Estatuko osatuenetako bat da, eta Europako klaustro gotikorik onenetako bat du. Elizbarrutiko Museoaren Occidens erakusketa sarituaren parte dira hainbat gela: bihitegia, kapitulu-gela, errefektorioa eta sukaldea. Nabearen erdian Karlos III.a Prestuaren eta Leonor Trastamarakoaren alabastroko hilobi ikusgarria dago. Katedral gotikoa Ventura Rodríguez ospetsuak 1783an diseinatutako fatxada neoklasikoak ezkutatzen du. Ipar dorrean Maria kanpaia ikus daiteke, Estatu osoan erabilgarri den handiena. 

Arga ibaiaren gainean gailentzen da Errege-erreginen Jauregia, Antso VI.a Jakitunaren ekimenez eraikia XII. mendean. Rafael Moneok birgaitu zuen eta gaur egun Nafarroako Artxibo Nagusiaren egoitza da. Hegoalderantz, Ingurabideko pasealekua jarraituz, Andre Maria Erreginaren plazara iritsiko gara, eta hor kokatu zen Judutegia. 


SAN ZERNIN BURGUAREN INGURUA.

Burgu honetan frankoak bizi ziren –batez ere artisauak eta merkatariak–, Donejakue bidea zela-eta iritsiak. Portalapeako Etxartean oraindik ere Burguaren harresien aztarnak aurki ditzazkegu, hemen baitaude ikusgai Johan Caritaten dorrea eta Nabarreriako gerrako (1276) katapulta-jaurtigaiak.

Etxartearen parean, San Zernin eliza lirain ageri zaigu, bi eginkizun izan zituena, bata erlijiosoa eta bestea defentsarakoa. Eraikin gotikoa da (XIII. m.), nabe bakarrekoa eta neurri handikoa. Klaustroa zegoen tokian Donejakue Bideko Ama Birjinaren kapera barrokoa eraiki zen. 55 metro garai diren dorre prismatikoek Iruñeko profilik bereizgarriena marrazten dute.

Antzina burguaren ardatz zen Kale Nagusiaren hasieran Kondestablearen Jauregia dago, hiriko etxe nagusietako bat eta Interes Kulturaleko Ondare izendatua (1997). Bertako lehen solairuan Sarasate museoa dago, iruindarrik unibertsalenetako bati eskainia, non biolin-jotzaile honek hiriari utzi zizkion objektuak, artelanak eta musika-instrumentuak daude ikusgai.

Burguaren muinean Kontuen Ganbera dago, hiriko eraikin gotiko zibil bakarra. 1524tik 1836ra bitarte, bertan Nafarroako Erresumako Kontuen Auzitegia egon zen, eta errege-finantzen kontrola eta Nafarroako txanponak egiteko ardura zeukaten. Horiez gain, besteak beste artxibo-lanak ere egiten zituen; hain zuzen, Europan dagoen Erdi Aro Berantiarraren inguruko artxiborik osoenetako bat da.

Kale Nagusia jarraituz Ultreia, Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa dugu, eta Ezpeleta jauregia, zalantzarik gabe hiriko jauregi barrokoen adibiderik gailenena. 1709an eraikia San Miguel de Aguayoko markesen aginduz. Nabarmenena aitzinaldea da, jauregiaren lehen jabearen jarduera militarren inguruko motiboak dituena.

San Lorentzo eliza Erdi Aroan eraiki zuten, eta bere dorre garaiak ere defentsa-funtzioak bete zituen. Barruan San Fermin kapera dago, eta bertan santuaren busto-erlikiontzia. Nafarroako Museoa nahitaezko geralekua da bisitari ororentzat. Bertan ezinbestekoak diren hainbat obra daude: Leireko kutxatila, San Adriango Markesaren erretratua –Francisco de Goyak egina–, katedral zaharraren kapitel erromaniko paregabeak –Esteban maisuak egina–, edota Abauntzeko mapa eta horma-pintura gotikoak. Museoaren ondoan, Santo Domingoko aldaparen harresi-hormatalean San Ferminen horma-hobia dago. Bertan korrikalariek, goizero, sanferminetako entzierroa hasi baino minutu gutxi batzuk lehentxeago santuari abesten diote. 

SAN NIKOLAS HIRIAREN INGURUA.

Defentsa-puntu nagusia San Nikolas eliza izan zen. Gangak eta absidea gotikoak dira, baina tenpluaren gainontzeko atalak zistertarrak. Bertan dagoen organo barrokoa hiriko hoberena da. Kontseiluko plaza txikian Gendulaingo Kondeen jauregia dago, Nueva Granadako erregeorde Sebastián de Eslava jaunak eraikia XVIII. mendeko erdialdean. Barruan Berlina erako karroza rokoko bikain bat dago. Jauregiaren parean Neptuno Haurraren iturria aurkitzen da, Paret y Alcázarrek hirira uraren ekarrerarentzat diseinatutakoen guztienetarikoetatik agian ikusgarriena.

 

Gazteluko plaza ere aipagarria da, hiriaren bihotza dena. Plazaren ondoan Nafarroako Jauregia –Gobernu autonomikoaren egoitza– eta Gayarre Antzokia aurki ditzazkegu. 

Turismo Bulegoa dagoen plazan Iruñeko Udaletxearen fatxada barrokoa ikusi daiteke.