DONEJAKUE BIDEaren IBILBIDEA

Puente de la Magdalena.

Donejakue Bidea Iruñean Burlatatik sartzen da, Arga ibaiaren ertzetik, baratze eta lorategien artean. Hirira iristeko, erromesek Magdalenako zubia zeharkatu behar dute, kultura-intereseko ondasun eta monumentu historiko-artistiko izendatutako XII. mendeko eraikina. Alde Zaharrerako sarbidea Iruñeko Errenazimentuko harresi-multzoaren bidez egiten da, Bide osoko sarbiderik handientsuenetako batez.

Behin harresien ataria Frantziako portaletik igarota –XVIII. mendeko bere zubi altxagarriarekin–, Alde Zaharrak modu lasai eta abegitsuan egiten die harrera erromesei. Donejakue Bidea Karmen kalean gora doa, eta Navarrería plaza gurutzatzen du; handik Andre Maria Erreginaren katedralaren dorreak mirets daitezke. Tenpluak fatxada neoklasikoa du, eta barruan zenbait altxor topatuko ditugu, esate baterako Karlos III.a errege nafarraren mausoleoa, klaustro gotiko ikusgarri bat eta arte sakratuko Occidens erakusketa saritua.

Donejakue Bidearen ibilbideak Mercaderes kale alaian zehar jarraitzen du, Iruñeko Udaletxea buru duen Udaletxe plazaraino. Ezinbestekoa da bertan gelditzea eta fatxada barroko bikainari zein balkoi apainduari behatzea; hain zuzen, balkoi horretatik jaurtitzen da sanferminei hasiera ematen dien txupinazoa uztailaren 6 orotan.

Ibilbideari berriro ekiteko, erromesek Kale Nagusia hartu behar dute, antzina hiriko kale garrantzitsuena zena, hain zuzen, Donejakue Bidea handik pasatzen zelako. Kalearen bi aldeetan hainbat jauregi barroko eta errenazentista daude; horien artean aipagarriak dira Kondestablearen Jauregia, Pablo Sarasate biolin-jotzaileari eskainitako museoa barne hartzen duen Kultur Intereseko Ondasun izendatutako XVI. mendeko eraikina, eta Ezpeletarren jauregia, Iruñeko jauregi-arkitektura barrokoaren adierazpiderik bikainena. Kalearen bi muturretan bi eliza garrantzitsu daude: San Saturnino edo San Zernin eliza, hiriko patroiaren omenez Erdi Aroan eraikitako tenplua, eta San Lorentzo, non San Fermin kapera baitago.

Azkenik, Donejakue Bideak Alde Zaharra atzean uzten du, Takonerako lorategi ederrak –1888koak– alde batera utzi eta Gaztelugibeleko parkea zeharkatzeko. Oso parke handia da, Ziudadela -XVI-XVII. mendeetan eraikitako gotorleku pentagonala- inguratzen duena. Ondoren, Donejakue Bideak Iturrama auzoa zeharkatu eta Iruña atzean uzten du Nafarroako Unibertsitateko kampuseko lorategietan barna, zeinak edertasun handikoak eta biodibertsitate anitzekoak baitira.