

Zalantzarik gabe entzierroa sanferminetako ekitaldirik ezagunena da. Munduan interesik handiena pizten duena gainera.
Jatorria Erdi Aroan du, zaldizkoek abere-taldeak hiriaren erdigunera eramaten zituztenean. XVI. mendean, zenbait gaztek eta hiriko harakinek agintariei aurre egin eta zezenen aurrean korrika hasi ziren. Gaur egungo ibilbidearen jatorria XVIII. mendearen bukaeran du eta San Domingoko eskortetatik zezen-plazaraino 848,6 metro ditu.
Festetako ekitaldi nagusia da eta funtsean sei zezen suharren aurrean korrika egitea da. Goizero zezenak hiriko Alde Zaharreko kaleetan behar bezala hesitutako ibilbide batean barna goizeko 08:00etan unai eta joaldunen gidaritzapean Santo Domingoko eskortatik Zezen-plazara eramaten dituzte. Lasterketa artegatsu eta bortitza da, non une orotan istripu bat edukitzeko aukera senti daiteke. Zezenek sortzen duten begi-bistako arriskuengatik ez ezik, kanpoko faktore askorengatik ere, bai korrikalarien pilaketagatik edota lasterketaren esparru fisikoaren nolakotasunagatik.
08:00ak baino minutu batzuk lehenago, Santo Domingo aldapan kantuek santuari babesa –bere "kapotetxoa"– eskatzen diote. Zezen-taldea, udaletxe plaza ondoren, Mercaderes eta Estafeta kaleek Frantzisko Urkolak 1922an diseinatutako zezen-plazaraino eramaten dute.
1776an entzierroaren ibilbidean hesiak jartzen hasi ziren, ordura arte atze-oihalen modura karrika-buruak ixten zituzten mantak ordekatuz. Egungo hesia pinu-zurez egina dago, iraunkorra eta usteltasuna ongi pairatzen duelako. 2.044 ohol horizontal, 388 zutoin, 40 ate, 200 oholesi, 2.400 zurezko falka eta 10.000 bat torlojuk osatzen dute. Hori guztia 846 metro luze dituen ibilbidean zehar muntatzen da.
Iruñeko kaleetatik egiten den zezen eta korrikalarien lasterketa definitzeko ‘Entzierro’ izena lehen aldiz 1856an erabili zen. Orduan ibilbidearen parte zen Txapitela kalearen ordez Estafeta kalea izatera pasatu baitzen, Gayarre antzokiaren inguruan zegoen zezen-plaza inauguratu zelako. Lehenago lasterketa Gazteluko plazan amaitzen zen, zezen-plaza gisa prestatzen baitzen. Ordura arte ‘entzierroak’ ‘sarrera’ izena zuen, zezen-taldea hiriko kaleetan oldarka sartzea izendatzen baitzuen.
Entzierrilloa
Entzierroaren aurreko gauean hurrengo goizean korrika egingo duten zezenak Gaseko eskortetatik (Arrotxapea) atera eta San Domingoko eskortetara eramaten dituzte. Zezenen leku-aldaketa honek ez dauka ordutegi finkorik; ilunabarrean egiten da eta martxaren hasiera adar-soinuek iragartzen dute. Une horretatik aitzina, erabateko isiltasunean (flasha erabiltzea edota zezen-taldea despistatu ahal duen beste edozein ekintza debeku da) eta unaien eta joaldunen laguntzarekin baino ez, zezenek Gaseko eskortetatik San Domingokoetara dauden 300 metroak ibiltzen dituzte.
Ahal den heinean Entzierrilloa isiltasunean egiteko eta zezenen ez aztoratzen aldera, jendearen sarrera mugaturik dago. Hala nola Udalak sanferminen aurreko egunetan eguneko txartelak jendearen eskura jartzen ditu.
Informazio Praktikoa
Data: Uztailaren 7tik 14ra.
Ordua: 8:00
Distantzia: 848,6 metroko ibilbidea.
Gutxi gorabeherako iraupena: 2 min.
Entzierroan parte hartzeko arauak
Entzierroa nola ikusi
Korrikalariarentzat: Adinez nagusi diren guztiek Entzierroan lasterka egin ahal dute. Hala ere Entzierroa korritzea erabakitzen duenak arduratsu jokatu behar du. Polizien zein unaien jarraibideak errespetatu eta oinarrizko arau batzuk bete beharko dituzte, bestela zehapen ekonomiko bat ezarriko zaio arau-hausleari. Sakazazu hemen arauak ikusi nahi badituzu.
Ikusleentzat: Entzierroa ikusteko hiru modu daude:
Hesian. Lehen hesi-tartea lasterkarientzat, osasun-langileentzat, prentsa eta abarrentzat erreserbaturik dago, eta bigarren tartea berez jendea bertan jartzeko da. Lekua hartzeko gutxienez bi ordu lehenago joatea gomendatzen da.
Balkoi batean: hiriko turismo-enpresa askok balkoiak alokatzeko aukera ematen dute, horrekin batera gosariak zein bisita gidatuak eskainita ere.
Zezen Plazan: Zuzenean zezen-plazara ere joan zaitezke eta bertan entzierroaren azken tartea ikusi, korrikalariak eta adardunak nola iristen diren zatia alegia. Sarrerak online edo 06:00etatik aurrera leihatilan erosi daitezke.
Erne! Kontuan izan entzierroaren ibilbideko kaleak lasterketa hasi baino 90 minutu lehenago ixten direla.