Entzierroan korrika egiteko arauak

Entzierroan korrika egin nahi eta eskarmentu gutxi duten korrikalariek lasterketa arriskutsu honen ezaugarrien berri jakin behar dute. Halaber, norberaren eta aldamenekoen segurtasunaren alde hartu beharreko babes-neurriak ezagutu beharko dituzte.

 

1. PRESTAKUNTZA FISIKOA
Entzierroan ezin du edozeinek parte hartu: sosegua, erreflexuak eta prestaketa fisiko ezin hobea beharrezkoak dira. Baldintza horiek bete ezean inork ez luke parte hartu behar. Izan ere, arriskua handia da.

2. TARTE BAT BAKARRA
Entzierroaren bide osoa egitea ezinezkoa da; hortaz, korrika egiteko tarterik egokiena aukeratzea beharrezkoa da.

3. ADINEZ NAGUSIA
18 urtetik beherakoek debeku dute korrika egitea.

4. EKIPAMENDU EGOKIA
Ezinbestekoa da, norbere segurtasunaren hobe beharrez, jantzi eta oinetako egokiak eramatea.

5. TRABARIK GABE
Oztopo izan daitekeen objekturik gabe egin behar da lasterka, hots, bizkar-zorro, kamera, telefono mugikor eta halakorik gabe.

6. MUGA-ORDUA
Korrikalariak ibilbidera goizeko 7:30ak baino lehenago sartu behar dira. Uztailaren 7an, larunbatean eta igandean, muga-ordua 07:15ak dira.

7. UDALTZAINGOA
Entzierroan korrika egin nahi dutenek Tokiko Poliziak osatutako hesiek mugatzen dituzten tarteetan egon beharko dute, eta zehatz-mehatz bete beharko dituzte udaltzainen aginduak, parte-hartzaile guztien segurtasunaren hobe beharrez.

8. BAZTERRAK ETA ATARIAK
Debeku da, hagitz arriskutsua baita, ibilbideko bazter, angelu itsu, atari eta establezimenduetan babes hartzea zezenak atera aurretik.

9. LASKERTA ZUZEN EGIN
Aurrera zuzen egin behar da korrika, zezenen eta beste korrikalarien aitzin gurutzatu edo gelditu gabe.

10. EZ UKITU
Zezenei ez zaie inon eta inolaz ere deitu behar, ezta haien arreta bereganatu eta haiek ukitu ere.

11. NONDIK IRTEN AURREIKUSI
Korrikalariek aurrez erabaki behar dute non atera entzierrotik, eta ibilbidearen alboetatik eginen dute. Ez da supituki gelditu behar, ezta hesi, atari edo antzeko batean geratu ere, ezen, hala egiten badute, lasterketa bera eta beste korrikalariek babesa hartzeko aukera oztopatuko baitituzte.

12. HONDARRA LIBRE UTZI
Zezen-plazara sartu ahala, korrikalariek ahal den azkarren hartuko dute babesa hesiaren atzean, eta libre utziko diete atzetik datozenei. Ez diete zezenei deituko, eta hondarra libre utziko dute, unaiek eta kapadunek beren lana egin ahal izan dezaten.