Sanferminetan, nahi izanez gero, egun bakoitzean esperientzia ezberdinak bizi daitezke. Programa jarduerez beterik dago, eta musikak zein gastronomiak toki berezia betetzen dute.
LEHENBIZIKO EGUNA
Uztailaren 6an, 09:00etan, kuadrillak hamaiketakoa -arrautza frijituak eta urdaiazpikoa tomatearekin, pikillo-piperrak...- egiteko eta honen ondoren, 12:00etan, txupinazora joateko elkartu egiten dira. Jendez gainezka egoten den Udaletxe plazara edo beste toki batzuetara, hala nola Gazteluko plazara edo giro lasaiagoan Karlos III.aren etorbidera joan daiteke. Tokiotan txupinazoa bizitzeko pantaila erraldoiak instalatzen dira. Ia taberna eta jatetxe guztiek une honetaz gozatzeko telebista dute ere, eta ez du udaletxe plazan bizi daitekeena baino gutxiago merezi. Edozein iruindarren pare hamaiketakoa bizi nahi izanez gero, tokia denborarekin erreserbatzea nahitaezkoa da. Gogoratu egun horretan txupinazoaren unean xanpainaz topa egiten dela.
13:00etatik aurrera gainezka egoten den Foruen plazan eskualdeetako dantzen ikuskizuna hasten da. Emanaldia dantzarien kopuruarengatik, jantzien ikusgarritasunagatik eta musikagatik deigarria da oso. Bermutaren ordua da jada eta tabernek pintxoz beteriko barrak erakusten dituzte. Uneaz gozatzen nafar ardo on batez edo sagardoz lagunduta zutik, barraren kontra, eserita edo kalean jan daitezke.
6an, iruindar askok bazkariak lagunekin egiten dituzte; hortaz, eserita bazkaldu nahi baduzu, aurrez erreserba eginzazu. Bazkaldu ondoren, 17:00ak inguruan Udaletxe plazan Riau-riau-a hasten da. Festetako lehen ekitaldi zibiko-erlijiosoa da, non Udalbatzak, erraldoien konpartsak eta La Pamplonesa musika-bandak parte hartzen dute. Miguel Astráinek 1850ean sortutako bals ospetsu batek -festetako kantarik famatuenetakoa bilakatu dena- ekitaldia girotzen du: Haren leloak gaztelaniaz honela dio:
porque llegaron las fiestas
de esta gloriosa ciudad
que son en el mundo entero
unas fiestas sin igual.¡¡Riau riau!!
Arratsaldea taberna edota kaleetan zehar aurki ditzazkegun txaranga edo estilo orotako kontzertuen musikaz gozatzeko unea da. Musika-eskaintza hori hiriko bazter guztietara zabaltzen da, baina bereziki Alde Zaharrean biltzen da. Alternatiba lasaixeagoa nahi izanez gero, Bigarren Zabalgunea, Sarasate pasealekua edo Antoniutti parkea aukera egokiak izan daitezke.
23:00ak Ziudadelatik jaurtitzen diren su artifizialen ordua da. Askok afaltzeko erabiltzen duten 20 minutuko une lasaia izaten da. Su artifizialez gozatzeko giro lasaia eta bista ikusgarriak nahi badituzu, Baluarteko jatetxera joan zaitez; bertan, nafar baratzeko sasoiko elikagairik hoberenez hornitutako afariaz ingurune paregabe batean gozatu ahalko duzu. Aldez aurretik sarrera eskuratu behar da. Sarrerak normalean edari bat eta dantza-saio bat barne hartzen ditu ere.
Bigarren Eguna
Jaiegun guztiak 06:45ean hasten dira. Ordu honetan Alde Zaharreko kaleetan zehar La Pamplonesa musika-bandak dianak jotzen dituzte. Guztira lau partitura desberdin jotzen dituzte, baina ez dute orden zehatzik jarraitzen ezta tarteka ia atsedenik hartzen ere. Parrandazale handienentzako gaua oso giro berezian, dantzan eta umore on-oneko giroan bukatzeko modua da. Goiztiarrenentzako ordea zezen-plazara giro lasai eta alaitsuan iristeko modua da.
Egunero, 08:00etan, zezenek korrika egiten dute San Domingo aldapan, Udaletxe plazan eta Mercaderes zein Estafeta kaleetan barna, zezen-plazaraino, entzierro azkar eta jendetsu batean. Entzierroa da festetako ekitaldirik ezagunena eta jendetsuenetako bat. Hartara, honako aukera hauek dituzu hura ikusteko:
- Hesian: Lehen hesi-tartea erreserbaturik dago lasterkarientzat, osasun-langileentzat, prentsa eta abarrentzat, eta bigarren tartea, aitzitik, jendea bertan jartzeko da. Gutxienez bi ordu lehenago joatea gomendatzen da.
- Balkoi batean: hiriko turismo-enpresa askok balkoiak alokatzeko aukera ematen dute, horrekin batera gosariak eta bisita gidatuak ere eskainita.
- Zezen-plazan: Zuzenean zezen-plazara ere joan zaitezke eta bertan ikusi entzierroaren azken tartea, korrikalariak eta adardunak nola iristen diren. Sarrerak online eros daitezke, edo leihatilan, 06:00etatik aurrera.
Kontuan hartu entzierroaren ibilbideko kaleak lasterketa hasi baino 90 minutu lehenago ixten direla.
Korrika egin nahi baduzu, jakin ezazu parte hartu nahi duten adinez nagusi guztiek egiten ahal dutela lasterka. Entzierroa korritzea erabakitzen duenak arduratsu jokatu behar du, polizien zein unaien jarraibideak errespetatu eta oinarrizko arau batzuk bete, bestela, zehapen ekonomikoa ezartzen zaio arau-hausleari. Arau horiek kontsultatzeko, sakatu hemen.
Entzierroaren ostean, halabehar, gosari edo hamaiketakoaren ordua da. Sanfermintean, oso tipikoak dira “txurroak txokolatearekin”, arrautza frijituak txistorrarekin, pikillo-piperrekin, urdaiazpikoa tomatearekin... edo "salda”.
Egunero, 09:30etik aurrera, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, musikaz lagundurik, Iruñeko kaleetan barna ibiltzen hasten da. Kontuan hartu ibilbidea aldatzen dela egunero; hortaz, sanferminoficial aplikazioa kontsultatu, konpartsari denbora errealean segitzeko. Giroa familiartekoa da, oso lasaia. Une egokia da bermuta hartzeko. Proposamena osatzeko, festa-egun bakoitzean egoten diren ikuskizunetako bat ikus daiteke, musika, dantza, antzerki eta herri-kirolekoa.
Bazkaria ezinbesteko unea da indarrak berritu, atseden hartu eta lagunartean gozatzeko. Ezin zara Iruñetik joan pintxo-ibilbide bat egin gabe, izan ere, miniaturazko mokadu horretan biltzen dira hobekien sukaldaritza-teknikarik gorenak eta jaki nafar hoberenak. Pintxo-eskaintza askotarikoa da Alde Zaharrean.
Bazkalostean eta zezenketa baino lehenago, Zaldunen eta mandakoen desfilea egiten da, segizio ikusgarri bat, beltzez eta kapaz jantzitako zaldunez, mandakoek inguraturiko mandoez eta La Pamplonesa udal musika-bandaz osatua, pasodoblearen erritmopean Alde Zaharreko kaleak zeharkatu eta zezen-plazara bidean.
Zezenketaren alternatiba bat nahiago baduzu, aprobetxatu sanferminetan Eskortak bisitatzeko, bertan gordetzen baitira biharamunean plazan toreatu beharreko zezenak. Gunea prestaturik dago bisitak jasotzeko, eta zezenen tamainak eta nobleziak harrituko zaituzte. Sarrera 2 € inguruan dago helduentzat.
Eskorten ondoan, feria edo “barrakak” daude, tiobiboz eta bestelako atrakzioez osaturiko gunea, haurrentzat zein helduentzat, nondik bista ikusgarriak dauden Iruñeko harresietara.
Eguna amaitzeko, antzezlan batez gozatzen ahal dugu, festa-egun guztietako arratsalde edo gauetan, Gayarre Antzokian, eta... zergatik ez gehitu ukitu kulturalagorik? Antzerkia gustuko ez eta bestelako ikuskizunak nahiago badituzu, Iruñeak festagune ezberdinak eskaintzen ditu egunero mota orotako jendearentzat, gazte zein helduentzat... baita jazz-musika ere. Programazioa urtetik urtera aldatzen da, doan da, gune irekietan; hortaz, ez da aurrez erreserbarik egin behar. Programa kontsultatu.
Hirugarren Eguna
Halaber, entzierroaz gozatu daiteke toki lasaian eta gosaldu bitartean. Kasino Berria, ehun urtetik gorako Iruña Kafearen gainean dagoena, topagunea da iruindar eta bisitari askorentzat, hor hasten baitute eguna entzierroaren ostean txurroak txokolatearekin hartuta, Espartinen dantzaldi esklusiboaz giroturik.
Sanferminetako festa-egun orotan bezala, entzierroa ikusi eta gero gosaria edo hamaiketakoa hartzea modurik egokienetakoa da egunari animoz eta indarrez beterik heltzeko. Badira hain goiztiarrak ez direnak eta festari goiz erdian batzen zaizkionak, beste festa-egun batez gozatzeko. Kaleko musikak eta ikuskizunek hartzen dute berriz ere tokia entzierroaren ostean, eta bere horretan segitzen dute lagun-taldeek eta familiek hamaiketakoa eta bermuta hartzen dituzten bitartean. Eguerdian, Sarasate pasealekuan jota-kantaldi bat egiten da, Nafarroako edo ondoko erkidegoetako taldeen eskutik.
Bada beste jarduera bat, ‘Banaketa`; ez da hain ezaguna, ’, baina oso erakargarria da jende askorentzat. Zezenen zozketa eta banaketa egiten da ekitaldian arratsaldeko zezenketarako. Zozketa ez da jendaurrean egiten, baina aukera dago zezenak zein bere eskortara banatzen direnean ikusteko.
Bizi daitekeen esperientziarik aberasgarrienetakoa peña edo gastronomia-elkarte bateko bazkaria da. Sanferminak ispilu egokiak dira gastronomiaren garrantzia eta iruindarren kultura gastronomikoa erakusteko. Dena ospatzen baita mahai baten bueltan, bukaeran musika, jotak eta dantzak lagun. Benetako esperientzia bat.
Mahaiak altxatu eta zezen-plazara abiatzen da jendea. Zezenketara joan ala ez, hurbil zaitez Estafeta kalera edo Udaletxe plazara, peñen koadrilak ikustera: soinean eskuoihal bat eta txano bat dituztela, jaki finez beteriko taperrekin eta jelak zein edari freskoak dituzten kuboekin, aurrera egiten dute zezen-plazarantz. Behin plazara iritsita, eztanda egiten du peñen alaitasunak beren musikarekin. Peñak, hain zuzen, egunaren eta gauaren protagonistak dira, baina ezinbesteko bilakatzen dira zezenketetan. Bukatu eta gero, plazatik segizio batean ateratzen dira, non, dianetan bezala, umorea eta giro ona nagusi baitira peñen artean. Segizioak Alde Zaharreko kaleetan barna egiten du, pankartak goian dituela, hori baita peñen beste bereizgarri bat.
21:00etan, zezenketa amaitzearekin batera, dantza herrikoiak hasten dira Gazteluko plazan: zortzikoa, larrain-dantza, jota, purrusalda eta jauziak. Jarduera honetan, hoberena da dantzatzen jakin ala ez, beti zarela ongi etorria.
Su artifizialak aitzakia egokia dira atseden hartzeko, ogitarteko bat afaldu bitartean Gaztelugibelaren edo Foruen plazaren inguruetan. Gero, rock-kontzertuez gozatu daiteke bertan.
Laugarren Eguna
Entzierroa balkoi batetik ikustea, turismo-gidari batekin batera, aukera polita da egunari hasiera emateko; gainera, batzuetan Iruñeko gosari tipikoen eskaintza ere barruan sartzen da. Gidari horiek, halaber, bisita gidatuak ematen dituzte hirian barna, hura erakusteko eta festen bitxikerien berri emateko. Bisitak gaztelaniaz eta ingelesez egin daitezke, eta batzuetan aurrez erreserbatu behar dira.
Familiarekin edo haur txikiekin etorriz gero, jakizu Iruña hiri segurua dela eta egunero, gustu eta adin guztietarako eskaintza zabala dagoela sanferminetan,. Goizez, Birjolastu, Kirol Ari eta Hauek Festak Hauek! doako aisialdi guneak. Horra etxeko txikienendako dibertimendua. Gune horiek Iruñeko Askatasun plazan eta bi berdegunetan kokatzen dira, Taconerako lorategietan eta Media Luna parkean, eta bertan jarduera ludikoak eta kirolekoak eskaintzen dira: puzgarriak, mahai-jolasak, kirola, kultura... Goizez eta arratsaldez daude zabalik.
Beste aukera bat da festa eta atsedena tartekatzea. Iruña pozez blai dagoen bitartean, handik kilometro gutxira, paisaia eta gune lasai askoak topatzen ahal dituzu, bestelako jarduerak egiteko, hala nola mendi-ibiliak, arrantza... Ernest Hemingwayk Iruñera zetorrenean egiten zuen bezala.
Ez galdu, nolanahi ere, benetakoaren bila etorri bazara, Labrit frontoian pilota partida bat ikusteko aukera. Zezenketekin gertatzen den bezala, pilota-partidak egunero jokatzen dira sanferminetan, eta giroa hurbileko zezen-plazan bizitzen denaren antzekoa da. San Fermin txapelketa dago esku-pilotan, eta erakustaldiak, bestelako modalitateetan, profesionalak ala ez, gainerako egunetan.
Hala Iruñean nola Nafarroan badira ospe handiko chef-ak, dastatze-menuak eskaintzen dituztenak, eta gure gastronomiaren hoberena helaraziko dizute. Festek ez dute eskaintzaren kalitatea jaitsarazten, eta jatetxe horietan bermaturik dago.
Jardunaldia amaitzeko, eta Alde Zaharreko zalapartatik aldendu nahi baduzu, kontuan hartu hiriko hoteletako askok kontzertu txikiak, dantzaldiak... eskaintzen dituztela oso giro bildu eta berezian.