San Fermin Foodie-ntzat

Sanferminetako plater nagusietako bat eta plan onenetariko bat Iruñeko gastronomia bikaina dastatzea da. Ehunka taberna eta jatetxek bertako pintxo eta plater tipikoak eskaintzen dituzte, edari mota askorekin. Sanferminetan jatea, benetan, plazera da, baita giro onagatik ere. 

Festetan sukaldaritzako aukera sorta zabala da: Michelin izarrak dituzten jatetxeetan jan daiteke edo hirian sakabanatuta dauden taberna gehienetan bokata bat hartu. Festetako 9 egunek aukera guztiak dastatzeko parada eskaintzen dute, eta hala, jende guztiaren beharretara egokitzen dira.

Sanferminetako sukaldaritza-tradizio ohikoenetako bat txurroak txokolatearekin gosaltzea da. Alde Zaharrean gosari hori prestatzen duten hainbat establezimendu tradizional daude. Eguerdian hamaiketakoaren ordua dator, bertako otordu oso tipikoa. Sanferminetan uztailaren 6ko hamaiketakoa -"almuercico"-, Txupinazoaren aurretikoa, eta gainontzeko egunetakoak desberdindu behar dira, ohikoa baita familiarekin zein koadrilarekin biltzea festei hasiera emateko. Otordu horretan maiz “arrautzak zerbaitekin” jaten dira, hots, arrautza frijituak tomatearekin eta urdaiazpikoa, txistorra edo hirugiharrarekin

Bazkalorduan jatetxeetako sukaldeak plater tradizionalak prestatzeaz arduratzen dira, osagai tipikoekin baina prestaketa modernoez baliatuta. Nafarroako plater tipikoen artean daude bakailaoa ajoarriero erara eta arkumea txilindronean. Tipikoak dira, baita ere, haragirik onenak txingarretan erreak eta baratze nafarrak eskaintzen dituen barazkirik goxoenak. Horrez gain, zezen-isats erregosia oso plater tipikoa da sanferminetan, eta karta gehienetan topatuko duzu. Eta plater horiek guztiak laguntzeko ez dago Nafarroako ardo on bat baino lagun hoberik. Beste aukera bat sagardoa da, freskoa eta azidotasun puntu batekin. Amaitzeko, bazkalostean ezin da falta Nafarroako digestio-laguntzaile nagusia: patxarana.

Hamaiketakoen antzera, zezenketako askariak ere sanferminetako beste otordu klasikoa dira. Hemen ez dago araurik: irudikatu daitekeen edozein plater jan dezakezu askorentzat eguneko otordu bakarra den tripakada berezi honetan. Zezen-plazara joaten ez direnek pintxo-tabernak dituzte aukeran, arrautza- edo piper-frijitua, onddo-nahaskia, patata-tortilla eta kroketa tradizionala dastatzeko.

Eguneko azken otordurako, afarirako, ohikoena bokata bat jatea da, gorputzari atseden hartzen uzteko su artifizialak ikusi bitartean. Beste aukera bat barraketara, Antoniuttira edo Basotxoko eskualde-etxeetara joatea da, non jatetxeak ere baitaude pintxo eta ogitartekoekin.

Azkenik, eguna uste baino gehiago luzatu zaien horientzat, ez dago urdaila egonkortzeko modu hoberik salda bero on bat hartzea baino.

Informazio Praktikoa

-Erresumako Jatetxeen Elkartea

Ospedun sukaldariak eta nafar sukaldaritzako proiekzioa. Tradizionalaren identitatearekiko errespetua, modu berritzaileak eta haien sorkuntzetarako lehengairik onenak bilatzeko obsesioa uztartzen dituzte.
Info +http://restaurantesdelreyno.com/

-Nafarroako Jatetxeak
Info +: www.restaurantesnavarra.com/

-Hemingway hanburgesa

Omenaldi gastronomikoa Iruñeko eleberrigile eta gonbidatu ospetsuari bere hanburgesa gogokoena birsortzen. Ezagutu errezeta.