Quintana Hotela eta Hemingway

“Quintana, zalerik onena eta Espainiako lagunik leialena, zeinak hotel eder bat baitzuen, logela guztiak beteta”. Hala aipatzen du Ernest Hemingwayk ‘Death in the Afternoon’ liburuan Juanito Quintana, Quintana hoteleko jabea (Montoya hotela ‘The Sun Also Rises’ eleberrian). 

1924ko ekainean, Madrilen, Rafael Hernández zezenketa kritikariak Quintana hotelean ostatu hartzea gomendatu zien. Urte horretan bertan Juanito Quintanaren lagun egin ziren eta 1924ko sanferminetako azken festa-egunetan haren hotelean hartu zuten ostatu. Quintana hotela Hemingwaytarren eta haien lagunen ostatu izan zen 1925etik 1931ra bitarte. Jabea, Juanito Quintana, Hemingwayren lagun mina izan zen; bat zetozen zezenekiko zaletasunean eta ideologia errepublikarrean. Gerra zibilaren hasieran Errepublikaren aurkako tropa kolpistek Quintana hotela hartu zuten. 

Juanito Quintana Mont-de-Marsan-en zegoen orduan, eta urte batzuez Biarritzera bizitzera joan zen, non anaia hotel baten arduradun baitzen. 1941ean itzultzea eskatu zuen, eta Donostian ezarri zuen bizitokia. 1953an, A. E. Hotchner-ek ‘Papa Hemingway’-n dioenaren arabera Hemingway berriz ere elkartu zen “bere lagun zahar” Juanito Quintanarekin, eta elkarrekin itzuli ziren Iruñera. 

Peter Viertel-ek ‘Dangerous friends’-en azaltzen du 1953an Hemingwayk, Donibane Lohizunetik heldu berri, Juanito Quintaren deia jaso zuela, “haren lagunik onena Iruñean, agian Espainia osoan zuen onena”.  Azaltzen du, baita ere, Juanito Quintanaren ideia errepublikarrek hotela frankisten esku amaitzea ekarri zutela, eta azkenik itxi zela.

Ernest Hemingway eta Juanito Quintanaren arteko adiskidetasuna agerikoa da idazleak bere argitaratzaileari 1927ko martxoaren 23an bidali zion gutunean, non eskatzen baitio ‘The Sun Also Rises’ eleberriaren ale bat, sei hilabete eskas lehenago argitaratua, Don Juan Quintanari bidaltzeko. Quintana hotela, Iruña. 1927ko ekainaren 17an Juanito Quintanak Hemingwayri erantzun eta eskerrak eman zizkion zera esanez: “asko gustatu zait eleberria. Montoya izeneko pertsonaiak Juanito Quintana izan behar duela uste dut. Hala da, ezta?”. 

Juanito Quintanak 1927an erreserbatu zion logelatik idatzi zuen Hemingwayk kontserbatzen diren haren gaztelaniazko gutun eskasetako bat. Waldo Peirce pintoreari zuzenduta dago, zeinarekin 1927ko festak gozatu baitzituen, eta bere lehen emazteaz dibortziatu dela jakinarazten dio eta aurten, Iruñean, Pauline Pfeiffer ezagutuko duela.

Informazio Praktikoa

Helbidea: Gazteluko Plaza, 18. 31001 Pamplona - Iruña

Ibilbidea:

     Iruña Harresiak dira

     Iruña San Fermin da