San Bartolome gotorlekuak aukera emanen dio jendeari urrira arte tamaina handiko antzara-joko bat erabiltzeko, Donejakue bidearen mapa enkriptatua

San Bartolome gotorlekuak aukera emanen dio jendeari urrira arte tamaina handiko antzara-joko bat erabiltzeko, Donejakue bidearen mapa enkriptatua
Erabilera libreko 16 m2-ko taula Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Kazetarien Elkartearen ekimena da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Abuztutik urrira bitarte, Iruñeko Udalak, Nafarroako Kazetarien Elkartearekin elkarlanean, betiko joko hori berrikustea proposatzen du, non jatorria, oro har, ez baita oso ezaguna herritarren artean. San Bartolome gotorlekuak tamaina handiko (4x4 metro) antzara-joko bat eskainiko du ohiko ordutegian. Jokoa erabilera librekoa da, eta haren taula Donejakue bideko mapa zifratu bat da, Tenplarioekin lotuta.

Teoria bakarra ez izan arren, batzuek diote monje militarren ordena horrek diseinatu zuela hasierako jokoa, egin beharreko 63 laukiek joan-etorriko bidaia bat osatzeko, bide espirituala zein fisikoa irudikatuta, Donibane Garazitik Santiagora. Mapak, jokalarien ezagutza-mailen araberako hainbat informazio-maila dituelarik, bidea egiten laguntzen zien erromes askori Erdi Aroan, garai hartan ohikoa baitzen, alfabetatzerik ezean, sinboloak interpretatzea. Gaur goizean, Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziak eta Miguel Ángel Barón Nafarroako Kazetarien Elkarteko presidenteak aurkeztu dute Udalarena den joko hau, zeina Donejakue bideko beste herri batzuetan barna ibili baita, Donejakue Bideko Kazetarien Elkarteen Ligaren eskutik.

Gaurtik aurrera, nahi dutenak oro, ahal dela 8 urtetik gorakoak, gotorlekura hurbildu daitezke, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara. Patua irudikatzen duten bi dadoak eskuragarri daude zentroaren informazio-gunean. Partidek gehienez lau jokalari onartzen dituzte, eta zentroan bertan eskuratzen ahal da jokoaren lauki bakoitzaren esanahiari buruzko informazio labur osagarria. Halaber, informazio osagarria Udalaren webgunean izanen da eskuragarri.

Donejakue bidea Iruñeko bizitzaren parte da, eta hiriko ibilbide turistiko nagusietako bat, urtero mundu osoko bisitariak ekartzen baititu. Izan ere, Iruñeak badu erromesei harrera egin eta Donejakue bidea interpretatzeko zentro bat, eta bertan hiriaren historia eta ibilbide horrekiko duen lotura daude ikusgai baliabide interaktiboen eta ikus-entzunezkoen bitartez. ULTREIA zentroa doakoa da, eta zabalik dago Iruñeko Donejakue bidearen ardatz nagusian: Kale Nagusian, 20. zenbakian. Irisgarritasun unibertsaleko zentroa da, publiko ororendako egokitua.

Deskribapen fisikoa eta bidaia-gida

Udalaren ekimena bat dator 120. konpostelar urte santuarekin, noiz eta Vatikanoak, salbuespen gisa COVID-19a dela eta, ospakizun hori 2022ra bitarte luzatzea erabaki duenean. Hain zuzen ere, Compostelako Santiago katedrala da antzara-joko honen amaierako laukia, eta ibilbide fisikoaren zein espiritualaren helmuga markatzen du, Donejakuek Paradisua irudikatzen baitu taulan.

Laukiek ibilbide horri ospea eman zioten historia, artea eta ohiturak dituzte hizpide: Nafarroan zeharkatzen dituen herriak –Orreaga, Gares eta Torres del Río kasu–, ibilbidean altxatutako azpiegiturak –horietako asko oraindik zutik dirautelarik, hala nola zubiak, aterpeak, ospitaleak, eta abar– edo “hiri santuetara” joaten ziren erromesak bidelapurrengandik babesten zituzten erlijio-ordenak eta ordena militarrak –tenplarioak, Done Jakueren Ordenako zaldunak eta Calatravako Ordenako kideak, adibidez–. Halaber, monjeek zeukaten zergak ordaintzetik salbuetsita zeuden bidaiariak zerga haiek ez ordaintzeko ardura, eta bidea ardatz hartuta sistema bat asmatu zuten ondasun-maileguak egiteko ordainketa-aginduen bidez: halako aginduak diru bihurtzen zituzten monjeek Bidean zituzten enkomienda edo etxeetan, hala nola Gareseko enkomienda tenplarioan.

Beraz, jokoa Bidearen irudi bat da: badira helmugara iristea eragozten duten oztopoak, hala nola klimako gorabeherak, gaixotasunak, heriotza-mehatxuak edo kartzela, baina dira, baita ere, ibaiak zeharkatzeko zubiak eta atsedena hartzeko ostatuak.

Espiritualtasunaren gako sinboliko-esoterikoak

Jokoa, bestalde, bada ibilbidearen izaera espiritualaren metafora bat. Nonahi agertzen diren bi irudi daude taula honetan. Alde batetik, erromesa, pordoiarekin eta txirlarekin ibilbide lurtar zein espiritual gorabeheratsua egiten. Laugarren laukian, adibidez, zezen bat airean ibili duen erromes bat dugu. Eta bestetik, antzara, jakituriaren ikurra, zeinaren hanka maiz agertzen baita marraztuta Bideko eraikuntza nagusietako hargin-marketan. Irudi hori omen da gaur egun Bidea identifikatzen duten gezi horien aitzindaria. Joko honetan, antzarek ibilbidean Tenpluko Ordenarenak ziren lekuak ere identifikatzen dituzte, garrantzi materialeko guneak, eskuratutako “bidaia-txekeak” kobratzeko lekuak baitziren, non bidaiariek pasahitza pertsonalen beharra baitzuten identifikatzeko.

Bide fisikoaren eta Esne Bidearen arteko paralelismoak bezala, taulako laukien segidak ere "taula espiritual" batekiko korrelazioa bilatzen du, salbaziorako bide pertsonal bat, Biziaren Bidea, non atzerapenak (ostatuak) dauden, bekatuak eta barkamena (putzua) edo heriotza eta berpizkundea (hasierako laukira daraman burezurra...).

Halaber, jokoak izaera esoterikoa du: 9 zenbakian eta haren multiploetan oinarritzen da, Ordenaren zenbaki sakratuan alegia. Bederatzi izan ziren monje sortzaileak, eta lauki-kopurua, 63, 9aren multiploa da; haren faktoreen batura (6+3) ere 9 da, Konpostelako katedralean dauden bederatzi nabeak nola.

¿Te ha sido útil esta página?