
Iruñeko Udalaren Feminismoen Eskolako azken edizioan 39 lagunek parte hartu dute: 25ek, I. mailan (23 emakume eta 2 gizon) eta 14k, II. mailan (13 emakume eta 1 gizon). Ikasleek oso positiboki baloratu dute genero-teoriaren eta feminismoen barruko zenbait alderdiri buruzko prestakuntza-jarduera, gehieneko puntuazioa eman diote programari, edukiei eta IPESen metodologia eta koordinazioari, eta, ondoren, materialei, ikastaroa egiteko espazioari eta egutegi-ordutegiei.
Feminismoen Eskolaren edizio hau Emakumeen Etxean egin da. 36 prestakuntza saio eman dira hastapen-mailan eta maila aurreratuan: 18 saio eta 45 prestakuntza-ordu maila bakoitzean, 2026ko urtarriletik ekainera bitarte. Irakasle-taldea generoan eta dagozkien prestakuntza arloetan espezializatutako 25 profesionalek osatu dute; horietatik 15 Iruñekoak eta Nafarroakoak izan dira, 2 Madrilgoak, 4 Euskal Autonomia Erkidegokoak, 2 Kataluniakoak eta 2 Zaragozakoak; eta bi pertsona aritu dira koordinatzaile lanetan.
Feminismoen Eskola gizarte-errealitatea kritikoki aztertzeko eta historia feministan eta genero-teoriaren eta feminismoaren esparru kontzeptualean sakontzeko espazioa da. Helburuetako bat kalitatezko prestakuntza egokia eskuratzeko aukera ematea da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari, politika publikoei eta agenda feministari buruzko trebakuntzari bide emateko. Halaber, genero-rolak eta -estereotipoak zalantzan jarriz, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertuz eta emakumeek jasaten dituzten diskriminazio desberdinak testuinguruan jarriz, desberdintasunak iraunarazten dituzten egituren inguruan ikuspegi kritiko bat eraikitzeko espazio bat sortzen du.
Aipatutakoak xede hartuta, ikasleek egungo joera eta eztabaida feminista berriei buruzko prestakuntza ere jasotzen dute, hala nola feminismo postkoloniala, ekofeminismoa, antikapazitismoa edo queer teoria. Hori guztia genero-ikuspegi intersekzional batetik egiten da, eta ikuspegi kritikoa eskaintzen du hainbat eremutan desberdintasuna gurutzatzen eta betikotzen duten egiturei buruz, generoaren araberako berezitasunekin, baina baita arrazaren, klase sozialaren, desgaitasunaren, identitatearen eta sexu-orientazioaren araberako berezitasunekin ere.
Rut Iturbide Rodrigo da Feminismoen Eskolaren koordinatzailea; doktorea da Generoan, Emakumeen aurkako Indarkerian, eta genero-ikuspegidun esku-hartze sozialean aditua, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta ikertzailea ere. Era berean, aurtengo edizioan "eragile ebaluatzailearen" rola ere egon da, prestakuntza osoan zehar behaketa parte-hartzaile bat egiteko eta saioen garapenari eta irakasle eta ikasleen beharrei buruzko zuzeneko informazioa emateko. Magdalena Piñeyro proiektu-teknikariak, teoria feministan espezializatutako berdintasuneko eragileak eta IPES Fundazioko lantaldeko kideak egin zuen lan hori.
FEMINISMOEN ESKOLAKO EDUKIAK. 2026KO URTARRILETIK EKAINERA
1. maila (hastapen-maila)
I. blokea: Genero-teoriaren hastapenak eta oinarrizko kontzeptuak
II. blokea: Genero desberdinkeriak: jatorriak eta gakoak
III. blokea: Feminismoen historia
IV. blokea: Subjektibitateak, harremanak eta generoa
II. maila (aurreratua)
I. blokea: Genero-teoriaren hastapenak
II. blokea: Generoa, boterea eta emakumeen aurkako indarkeriak
III. blokea: Esparru sozioekonomikoa. Bizitzaren erreprodukzioa
IV. blokea: Intersekzionalitateak eta gorputzak
V. blokea: Gizarte eta kultur adierazgarritasuna