483.000 euro inguruan adjudikatu dira Caparrosoren bidea berrurbanitzatzeko eta berritzeko lanak

483.000 euro inguruan adjudikatu dira Caparrosoren bidea berrurbanitzatzeko eta berritzeko lanak
Galtzadako 500 metrotan eginen da jarduketa, erabilerak ordenatu eta hornidura-hodi bat aldatzeko
Camino de Caparroso

 

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Caparrosoren bidea berritu eta urbanizatzeko lanak 482.964,11 euroan adjudikatu ditu, lizitazioan aurreikusitako 550.000 euroen ordez. Zenbateko horri esker Atarrabia eta Burlata lotzen dituen bideko 500 metrotan eginen da esku-hartzea, ibilgailuek, oinezkoek eta ziklistek partekatzen duten eremuaren erabilerak antolatzeko.

Lanak Lacunza Hermanos SL enpresari adjudikatu zaizkio eta bost hilabete iraunen dute. Hala ere, enpresak urriaren 30erako lanak amaituta edukitzea espero du, azaroan akabera- eta garbiketa-lanak egiteko. Motordun ibilgailuendako 20 km/h-ko abiadura-muga duen kale bat sortzea izanen da egiteko nagusia.. Horretarako, bidea berriz asfaltatuko da, eta, hainbat trazadura eta kolore erabiliko dira ibilgailu motordunen zirkulazioa mugatzeko. Gainera, ezponda zapalgarria sortuko da, bideari zabalera emateko. Hala, oinezkoek eta errepideko zirkulazioak bat egiten dutenean oinezkoendako babes-eremu bat gaituko da. Bidegorri bat ere seinaleztatuko da. Azkenik, eremuko argiteria berritu eta areagotuko da, eta aurrerantzean 18 farolaren ordez 26 izanen dira; gainera, eserlekuak eta jardinerak ere instalatuko dira ibilbidean barna.

Horrez gain, lan horiek baliatuta, lurpetik doan eta dagoeneko bere erabilera-aldia bete duen zuntz-zementuzko hornidura-hodi bat ordeztuko da. Ordezkapena Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak sinatutako hitzarmen baten bidez eginen da. Hitzarmen horren bidez, Mankomunitateak bere gain hartuko du bidea berrurbanizatzeko obraren aurrekontu osoaren % 19,42. 

Lau fase
Lanak lau fasetan eginen dira. Hasiera batean, hornidura-sareko lanak gauzatuko dira. Horretarako, hodia osorik ordeztu bitartean, beste eremu bat instalatuko da behin-behinean, ur-hornidurako zerbitzua mantentzeko. Bigarren fasean, eremuaren drainatze-lanekin eta obra zibilarekin lotutako lanak eginen dira. Horiek amaituta, zoladura eta instalazio elektrikoa jartzeko fasean sartuko dira lanak. Eta, azkenik, lorezaintza- eta seinaleztapen-lanak egin eta hiri-altzariak instalatuko dira. Prozesu osoan zehar, baratzeetarako eta inguruko etxebizitzetarako sarbideak bermatuko dira. 

Lan horien bidez, Iruñeko Udalak egun 2,8 eta 3 metro arteko zabalera duen eta espaloirik edo oinezkoendako espazio bereizirik ez duen bideak duen arriskua murriztu nahi du. 

¿Te ha sido útil esta página?