Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin lankidetzan antolatutako Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariak baditu irabazleak 2026ko edizioan, lehiaketaren hogeigarren edizioan, alegia. Gaztelaniazko modalitatean Sergio Manuel Moreno Domínguezek irabazi du, Septiembre y lunes lanarekin; euskarazkoan, berriz, Ane Zuazubiskar Iñarrak, Tigre bat azalean lanari esker. Saria eskuratu duten bi egileen poema-bildumak argitara emanen dira, eta gainera, 3.000 euro eskuratuko ditu bakoitzak. Guztira, 383 olerki-bilduma (364 gaztelaniaz eta 19 euskaraz) aurkeztu dira lehiaketara, aurreko edizioan baino 41 gehiago, igoera horrek agerian uzten du nazioarteko poesiaren esparruan dagoeneko sendo finkatuta dagoen lehiaketaren garrantzia.
Sergio Manuel Moreno Domínguez (Jérez de la Frontera, 1982) Arte Ederretan lizentziaduna eta Humanitateetan eta Arteetan masterduna da Kataluniako Universitat Oberta-n (UOC). Aurretik, XXXVIII. Joaquín Lobato Poesia Sari Nazionala (2025), LXIX. Alcaraván Nazioarteko Poesia Saria (2022) eta XVIII. José María Valverde Nazioarteko Poesia Saria (2014) jasotakoa da. También la sombra crece (Granada, 2026) y 30 tweets de amor y una publicación desesperada (Sevilla, 2017) poema-bildumen egilea da, halaber.
Ane Zuazubiskar Iñarrak (Arrasate, 1997) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen eta, batez ere, kazetari-lanak egin ditu Euskadi Irratian. Gainera, Zulora eta Ez hain ondo podcastak aurkeztu ditu Gaztean. Gaur egun, irakasle eta ikertzaile gisa dihardu Mondragon Unibertsitatean eta bertsolaria da.
Lehiaketaren XX. urteurrena
Lehiaketaren sorreraren XX. urteurrenaren karietara bi jarduera berezi antolatu dira. Sari-banaketa urriaren 30ean eginen da Kondestablearen jauregian eta ekitaldia osatzeko, arratsalde horretan bertan, Pompelo Civivoxean Lamentos de la Gran Manzana ikuskizuna eginen dute: Federico García Lorcaren Poeta en Nueva York lanean inspiratutakomusikala. Javier Asiáin Navarro poeta nafarra izanen da protagonista eta bertsoen deklamazioa eta zuzeneko jazz-musika uztartuko ditu.
Era berean, Pedro Salaberri Zunzarren pintoreak eta Nafar Ateneoko lehendakariak ospakizunerako berariaz egindako lan-piktoriko bat aurkeztuko da, eta lehiaketako bi modalitateetako irabazleen lanak jasoko dituzten argitalpenetan txertatuko da.