2.300 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ikasturte honetan Iruñeko Adinekoen Sareek antolatutako jardueretan

2.300 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ikasturte honetan Iruñeko Adinekoen Sareek antolatutako jardueretan
Hirugarren urtez jarraian, udako hilabeteetan ere jarduerak antolatu dira
Redes de Mayores

 

2025-2026ko ikasturtean, 65 urtetik gorako 2.371 lagunek parte hartu dute guztira Iruñeko hamabi Adinekoen Sareek urritik ekainera bitarte antolatutako jardueraren batean. Horietatik guztietatik % 85,32 emakumeak dira: guztira 2.023 emakume eta 348 gizon. Hiriko Adinekoen Sareek hiruhileko 30 jarduera antolatu dituzte batez beste, eta eskaintza zabala dute, hala nola aisialdi- eta kirol-jarduerak, garapen kognitibokoak, topaketak eta askotariko eskulan-lantegiak.

Iruñeko Udalak, auzoetako erakunde, denda eta bizilagunen elkarteekin lankidetzan, Adinekoen Sareak sustatu ditu hiriko auzoetako adinekoei hurbileko laguntza, zaintza eta babesa eskaintze aldera. Xedea da elkarrekiko harremanak, konexioa eta arreta sustatzea adineko pertsonengandik hurbilen dauden giroetan, haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko eta, batez ere, nahi ez den bakardadea prebenitu eta autonomia sustatzeko. Hori dela eta, sareak auzoetako osasun-zentroekin, dendekin eta farmaziekin lankidetzan ari dira, bai eta bizilagunen eta adinekoen hainbat elkarterekin eta adinekoekin harremana duten beste espazio batzuekin ere. 

Hirian 12 sare daude maiatzetik, Buztintxurik hilabete horretan bat egin baitzuen. Horrez gain, sareak daude Azpilagañan, Alde Zaharrean, Zabalgunean, Ermitagañan eta Mendebaldean, Etxabakoitzen, Iturraman, Mendillorrin, Arrosadian, Arrotxapean, Santa María la Realen eta Txantrean. Donibane auzoan Donibaneko Adinekoen Itunarekin batera lan egiten dute. Auzo bakoitzean adinekoen interesen araberako jarduerak antolatzen dira. 

Udan ere bai
Proposamen gehienak ikasturtean zehar egiten dira, urritik ekainera bitarte, baina, duela hiru urtetik, Adinekoen Sareek udako hilabeteetan ere jarduerak eta lantegiak antolatzea sustatu dute, uztailetik irailera bitarte. Izan ere, uda garaian bakardade-sentsazioa indartu ohi da, urteko programazioak eten eta gizarte-harremanak mugatzen direlako. Oraingoan, hogei jarduera inguru egitea aurreikusi da, honako hauek, besteak beste: ibilaldi osasungarriak, musikoterapia- eta psikoestimulazio-jarduerak, topaketa sozialak, mantentze-gimnastika, gaitasun digitalak, eskulanak, bingoa, eguneko bisitak Iruñean barna, eta dantza-, ongizate-, memoria- eta puntu- eta kakorratz-lantegiak.  

Modu horretan, udan hirian geratzen diren adinekoak aktibo egotea eta asteburu bakoitzerako plan bat izatea lortu nahi da. Orain arte 260k eman dute izena. Jarduerak datorren astean abiatuko dira eta oraindik leku libreak daude Kafea eta erritmoa izeneko jardueran, ONCEren ate irekien egunean eta beste ekitaldi batzuetan parte hartzeko. Informazio gehiago eskuratzeko, 682123093 zenbakira deitu edo mayores@pamplona.es helbidera idatzi behar da.

Izen-emateak 010 Herritarrendako Arreta Telefonoaren bidez egiten dira aurten, parte-hartzaileei izapideak errazteko; izan ere, lehen, posta elektronikoz edo telefonoz osatu behar zituzten izen-emateak sare bakoitzean. 

Sareek balorazio bikaina lortu dute
Aurtengo urtarrilaz geroztik gogobetetasun-inkesta bat egin zaie Adinekoen Sareetako jardueren erabiltzaileei, programazioari eta jarduerak egiteko guneei buruzko iritzia ezagutzeko. Gogobetetasun-maila 5 puntutik 4,84koa da, eta horrek islatzen du ederki koordinatu direla antolatutako jarduerak eta adinekoen behar eta kezkak. 
Hala ere, hobetze aldera mahaigaineratutako iradokizunen artean, jarduera fisikoarekin eta ongizatearekin lotutako jarduera gehiago eskaintzea proposatzen dute, hala nola indar-gimnastika, oreka lantzeko ariketak, yoga, tai jia eta dantza osasungarria, besteak beste.
 
Iruñeko azken diagnostikoaren arabera, biztanleen % 23 65 urtetik gorakoak dira, hau da, 48.400 pertsona baino gehiago. Gainera, bizi-itxaropena luzatzeko joerari eusten zaio. Izan ere, 2023ko datuen arabera, Nafarroa bigarren autonomia-erkidegoa da bizi-itxaropenari dagokionez (batez beste 83,85 urte); adin hori 86,67 urtera iristen da emakumeen kasuan, eta 81,05 urtera gizonen kasuan. 
 

¿Te ha sido útil esta página?