
Iruña Ekintzaileren edizio berrian izena emateko epea zabalik dago jada, maiatzaren 31ra arte. Iruñeko Udalak Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa sozietate publikoarekin (NEBZ-CEIN) elkarlanean bultzatzen duen programak prestakuntza eta laguntza eman nahi die 20 pertsonari negozio-ideiak antzeman eta garatzeko, batez ere jasangarritasunari lotutakoak.
Mikel Armendariz Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta María Sanz de Galdeano CEINeko zuzendari kudeatzaileak 2024ko Iruña Ekintzaile programaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Ekimen horren bidez, parte-hartzaileek ekintzailetza-proiektu bat sortzen eta egituratzen ikasiko dute, hura enpresa bilaka dadin.
2024ko Iruña Ekintzaile programan parte hartzeko interesa dutenek Udalaren eta CEINen webguneetan eskuragarri dagoen online formulario baten bidez ematen ahalko dute izena, eta une horretatik aurrera, programaren garapenari buruzko informazioa jasoko dute. Izena ematen dutenen artean, gehienez ere 20 pertsona hautatuko dira, eta haiek 300 orduko prestakuntza-programa bat egiteko aukera izanen dute aurtengo irailetik abendura bitarte.
Programaren garapenean, parte hartzaileek ekintzailetza-prozesuei buruzko berariazko prestakuntza jasoko dute, ekintzailetzarako gaitasunak garatzeaz gain haien ideiak zehaztu eta konfiguratzeko, eta horiek enpresa-proiektu bihurtzeko. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: sormena eta berrikuntza, ekintzailetzarako baliabide pertsonalak identifikatzea, balio-proposamena, marketing-a, finantzaketa eta salmentak. Lana taldeka zein banaka eginen da.
Gainera, parte-hartzaileek CEINeko ekintzailetzan espezializatutako langileen eta ekiteko aukeretan aditu direnen laguntza izanen dute, baita mentoreena ere, haien proiektuei feedback-a emateko.
Online masterclassak, networkinga eta emakumeen padela
2024ko Iruña Ekintzaile programak, halaber, interesa dutenei negozio berriak sortzeko aukerei buruzko ideiak eta inspirazioa eskainiko dizkie online eskola magistral ireki baten bidez. Zehazki, maiatzaren 6an, astelehenarekin, Ekintzailetza zirkular eta birsortzailea. Jasangarritasuna pauso bat gehiago emanez bultzatzen duten ekimenak izeneko masterclassa argitaratuko du Valentina De Marchi ekonomiako doktoreak, eta ekiteko gogoa duten pertsonendako gomendioak emanen ditu. De Marchi ESADEko Gizarte eta Jasangarritasuneko irakaslea da, ingurumen-berrikuntzen eta berrikuntza zirkularren ulermenean espezializatuta dago, bereziki balio-kate globaletan txertatutako enpresen testuinguruan.
Aurreko edizioetan bezala, Udalaren eta CEINen arteko lankidetzak aurten ere emakumeei zuzendutako berariazko ekintza bat barne hartuko du. Azkeneko helburua emakumeak ardatz dituzten tresnak eta ekimenak ezagutzera ematea da, modu horretan haiengan eragina duten lanbide-aldaketako edo aldaketa profesionaleko uneei heltzeko mekanismoak identifikatu ahal izateko, bai besteren konturako lanetan, bai ekintzailetza-ereduetan.
Testuinguru horretan, antolatutako jarduerak emakume ekintzaileen ekosistema sustatzea eta networkingaren bidez emakumeen enplegagarritasuna hobetzea du xede, padel lehiaketa baten bitartez. Networkinga funtsezko tresna bat da ekintzailetzan eta enpresa bat edo garapen profesionalerako euskarria eta laguntza eman dezakeen kontaktu-sare bat sortzea, areagotzea eta fidelizatzea du helburu. Hala, lehiaketa ekainaren 1ean eginen da, networkingean adituak diren bideratzaileak izanen dituzte, eta parte-hartzaileek jardunaldi osoan zehar izanen dute haien laguntza networking-espazioak sortzeko.
ARGIBIDE GEHIAGO
• Programari buruzko informazio guztia https://www.pamplona.es/eu/pamplona-emprende eta https://www.pamplona.es/eu/mujeres-en-cambio webguneetan kontsultatzen ahal da.