Sanduzelaiko 25 etxek Iruñeko Udaleko herritarren zientziako proiektuarekin konpromisoa hartu dute auzoko kale eta parkeetako airearen kalitatea neurtu eta ebaluatzeko. Herritarrek aste honetan jaso dute llollobelarrak dituen loreontzi bana: beren leihoetan eta balkoietan jarriko dute bost astez. Loreontzi horiek Agrobioteknologia Institutuak (IdAB-CSIC) aztertuko ditu. Emaitzak metal astunen partikulen eta beste partikulen kopurua zehaztuko du, auzoko kutsadura-maila eta airearen kalitatea ezagutzeko.
Bizilagunen laguntza funtsezkoa da herritarren zientziako proiektuan, laginketa-puntuak auzoko toki desberdinetan kokatzea ahalbidetzen baitu, eta horrekin batera ekintza-radioa handitzea. Jarduera horretan llollobelarrak (Lolium perenne) erabiltzen dituzte atmosferan dauden partikulak eta kutsatzaile jakin batzuk jasotzeko gaitasun handia dutelako. Esposizio-denbora osatu ondoren, Agrobioteknologia Institutuaren (IdAB-CSIC) laborategietan jaso eta aztertuko dira loreontziak, eta han zehaztuko da hiri-kutsadurari lotutako hainbat elementuren metaketa.
Ez da airearen kalitatea aztertzeko proiektu horretan Udala eta Agrobioteknologia Insitutua (IdAB-CSIC) lankidetzan aritu diren lehen aldia. Baina azterketa auzo bakar batean egiten den lehen aldia da. Xedea da auzoak egun duen egoera aztertzea, horren arabera etorkizunean nola bilakatuko den ikuste aldera, kontuan hartuta auzo horretan badirela trafikoa berrantolatzeko hainbat proiektu, Nafarroa etorbidea lurperatzearen eta hiri-antolaketa berriaren ondorioz.
Loreontziak banatzearekin batera, laguntzaile arituko diren herritarrek prestakuntza txiki bat jaso dute kutsadura atmosferikoaren, hirietako emisio-iturri nagusien eta giza osasunean eta hiriko ekosistemetan izaten ahal dituen ondorioen inguruko oinarrizko kontzeptuei buruz.
Azaroaren 24an jasoko dira laginak
Azaroaren 24an (asteartea) amaituko da landa-lana. Egun horretan, loreontziak jasoko dira eta Agrobioteknologia Institutuak (IdAB-CSIC) aztertuko ditu Mutiloan. Parte hartzen duten herritarrek, loreontziak itzultzeaz gain, kutsadura atmosferikoari buruzko lantegi praktiko batean parte hartuko dute eta instalazio zientifikoetan barnako bisita gidatu bat egiteko aukera izanen dute, landare-laginak azterketa egiteko nola prestatzen diren, zein teknika erabiltzen diren eta jasotako datuak nola interpretatzen diren ezagutzeko. Otsailaren amaierara arte itxaron beharko da azterlanaren behin betiko emaitzak ezagutzera emateko.
Emaitza zientifikoez haratago, ekimenak xede du ikerketa-lana herritarrengana hurbiltzea eta ingurumen-hezkuntza sustatzea, eta hiri-inguruneetako airearen kalitateak dakartzan erronkei buruz herritarren, ikertzaileen eta tokiko eragileen arteko elkarrizketa-guneak sortzea.