Dantz Point, Iruña Rock eta En Vivo jaialdiak datorren udaberrian eginen dira Ziudadelan, maiatzean eta ekainean

Dantz Point, Iruña Rock eta En Vivo jaialdiak datorren udaberrian eginen dira Ziudadelan, maiatzean eta ekainean
Iruñeko Udala sustatzaileekin ari da lankidetzan, jaialdi-proposamenak ezagutzeko eta horiek errazago antolatzeko deialdi baten bidez

 

Iruñeko Udala Iruña Rock, En Vivo eta Dantz Point musika-jaialdiekin arituko da elkarlanean udaberrian. Ziudadelan eginen dira, maiatzean eta ekainean: dagoeneko, sarrera batzuk salgai daude, eta artista eta taldetako batzuk jakinarazi dira. 2027ko udaberrian Ziudadelan eginen diren musika-proposamenak ezagutze aldera Iruñeko Udalak irekitako prozedurari esker egin da lankidetza. 

Iruña Rock jaialdiak emanen dio hasiera maiatzaren 28an eta 29an udaberriko programazioari. 2017 sortu eta dagoeneko finkatuta dagoen jaialdia da, eta punk, rap, hard-rock, country eta beste estilo batzuk jartzen ditu oholtza gainean. Ekainaren 4an eta 5ean, berriz, En Vivo jaialdiaren txanda izanen da: indie, pop eta rock estiloak uztartzen ditu, eta artista hasiberriak zein estatu mailan errotutakoak aritzen dira. Azkenik, ekainaren 12an (larunbata), Dantz Point jaialdia iritsiko da Ziudadelara: musika elektronikoa du ardatz, eta programazio eklektiko eta orekatua eskaintzen du, tokiko, estatuko eta nazioarteko artisten eskutik.

Iruñeko Udalak joan den irailean argitaratu zuen iragarkia Nafarroako Kontratazio Atarian; horri esker izan du Ziudadelan udaberrian musika-jaialdiak antolatzeko prest dauden horien berri, formatu txikian zein ertainean. Ekimen horiekin lankidetzan aritzea da asmoa, helburu hauek lortze aldera: kultura bultzatzea eta hedatzea, kultur helburuekin hiri-espazioa indartzea, eta arte plastikoetako adierazpenak eta adierazpen eszeniko eta musikalak sustatzea. 

Lankidetza horren barruan, 14x12 metroko eszenatoki estali bat jarriko du Iruñeko Udalak Ziudadelan, baita bi aldagela, leihatila bat eta komunak ere. Guztira, 5.000 lagunendako edukiera eta perimetroko itxitura izanen ditu eremuak. Hiru jaialdietako sustatzaileekin hitzarmenak sinatuta berretsi da lankidetza; hain zuzen ere, sustatzaile horiek arduratuko dira jaialdi bakoitzean kontzertuak eta ikuskizunak antolatzeaz. 


ZIUDADELAKO JAIALDIAK UDABERRIAN MAIATZAK 28–EKAINAK 12

•    IRUÑA ROCK 2027ko maiatzaren 28an eta 29an 
o    Iruña Rock rock musika-jaialdi ezaguna eta finkatua da: 2017. urteaz geroztik egiten da Iruñean. Estiloei dagokienez, punka, rapa, hard-rocka eta countrya barne hartzen ditu, eta helburu argia du Ziudadelan mota guztietako musikaz gozatzeko aukera izatea. 

•    EN VIVO. 2027ko ekainaren 4an eta 5ean
o    En Vivo jaialdiak estilo hauek ditu ardatz: indiea, popa eta rocka Estatu mailako artista berriak eta errotuak biltzen ditu askotariko musika-esperientzia kartsua eskaintzeko.

•    DANTZ POINT. 2027/06/12
o    Dantz Point Ziudadela helburu publiko, artistiko eta soziala duen musika elektronikoko kultur ekitaldi bat da. Askotariko programazio orekatua eta kalitate artistiko altua du, eta tokiko, estatuko eta nazioarteko artistak barne hartzen ditu.

 

¿Te ha sido útil esta página?