Iruñeko Udalak 45.594 euro bideratu ditu ‘Bertsolaritza Irakaskuntzan’ programara: D ereduko bederatzi ikastetxetan emanen da Iruñean

Iruñeko Udalak 45.594 euro bideratu ditu ‘Bertsolaritza Irakaskuntzan’ programara: D ereduko bederatzi ikastetxetan emanen da Iruñean
416 saio aurreikusten dira guztira 2026-2027ko ikasturtean, eta Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko 32 ikastaldek hartuko dute parte
Bertsolarismo


Tokiko Gobernu Batzarrak Bertsolaritza Irakaskuntzan programaren adjudikazioa onetsi du 2026-2027ko ikasturterako. Programak ikasleen sormena bultzatzea du helburu D ereduko ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetan, eta, horretarako, bertsopaperak eta inprobisazioa landuko dira. Programak alderdi hauek landuko ditu: hizkuntza-zuzentasuna, jendaurrean aritzea, norberaren buruan konfiantza izatea, besteen lanarekiko enpatia eta talde-lanean aritzeko gaitasuna. 

Kontratua Nafarroako Bertsozale Elkarteari adjudikatu zaio, gehienez ere 45.593,60 euroan. Saio bakoitzak 109,60 euroko kostua du gehienez, eta 2026ko irailaren 15etik 2027ko ekainaren 30era bitarte egindako saioak ordainduko dira. Ikasturte batez luzatzeko bi luzapen barne hartzen ditu kontratuak. Udalak 416 saio kontratatuko ditu guztira, eta 32 ikastaldetan emanen dira D ereduko bederatzi ikastetxe publikoetan: Amaiur, Bernat Etxepare, Buztintxuri, Elorri, Hegoalde, Mendigoiti, Patxi Larrainzar, Sanduzelai eta San Frantzisko.

Zentroei ongi datorkien egun eta orduen arabera adostu da egutegia: 2026an, irailetik abendura bitarte, 223 saio eginen dira guztira, 24.440,8 euroan; beste 193 saioak urtarriletik ikasturtearen amaierara arte eginen dira, 21.152,8 euroan. 

Talde bakoitzari ikastetxeko ikasgela bat esleituko zaio, eta bakoitzak 13 saio emanen ditu eskola-ordutegiaren barruan. Taldeak Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko 3., 4., 5. edo 6. mailakoak izaten ahal dira, ikastetxearen beharren arabera. Berariaz programarako sortutako material didaktikoa prestatuko du adjudikaziodunak, eta, horiek horrela, ikasgelako lana bertsolaritza eta Nafarroako kultur ondarea transmititzeko baliatuko da; horrez gain, ahozko trebetasunak eta sozialak, norberarenak eta komunikatiboak landuko dira, betiere jolasak eta talde-lana abiapuntu hartuta.

Proposamenak jolasak eta jolas-ariketa praktikoak ditu oinarri, eta, horri esker, bertsolaritzaren transmisioak ardatz izanen du, alde batetik, ezarritako curriculuma, eta, bestetik, haurren interesa eta parte-hartzea. Metrika, errima eta ofizioak landuko dira ikasgelan, eta, amaitzeko, bertso-saio txiki bat eginen da, ikasitakoa erakusteko xedez ikasleek egindako emanaldi bat eta guzti.

Bertsolaritza Irakaskuntzan programa 1986az geroztik sustatzen du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, udalekin, mankomunitateekin, ikastetxeekin eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Iruñeaz gain, Nafarroako beste 52 udalerritan ematen da programa, 70 ikastetxe baino gehiagotan, eta 3.000 ikasle inguruk parte hartzen dute.

¿Te ha sido útil esta página?