Poesia-errezitaldi musikala eta Pedro Salaberriren margolan esklusibo bat, horra hor Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren urteurrena ospatzeko ekitaldiak

Poesia-errezitaldi musikala eta Pedro Salaberriren margolan esklusibo bat, horra hor Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren urteurrena ospatzeko ekitaldiak
Saria urriaren 30ean entregatuko da Kondestablen; eta arratsaldez, errezitaldi bat eginen da Pompelon, Lorcaren ‘Poeta New Yorken’ poema-liburua inspirazio hartuta
Concurso

 

 

Urriaren 30ean (ostirala), 12:00etan, Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria entregatuko da Kondestablearen jauregian. Edizio berezia da, sariaren 20. urteurrena baita, eta, aurten, honako hauek jasoko dute: euskarazko modalitatean, Ane Zuazubiskar Iñarrak Tigre bat azalean poema-bildumaren egileak, eta gaztelaniazkoan, Sergio Manuel Moreno Domínguezek Septiembre y lunes (Iraila eta astelehena) poema-liburuaren egileak. 

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatzen dute Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria, eta urteurrena ospatzeko, batetik, Lamentos de la Gran Manzana (Sagar handiko intziriak) poesia-errezitaldi musikala eginen da ostiral horretan bertan, Pompelo Civivoxean, eta, bestetik, Pedro Salaberri Zunzarren margolari eta Nafar Ateneoko lehendakariak berariaz mugarri horren oroigarri gisa egindako margolan bat aurkeztuko da. Bi hamarkada hauetan, 8.000 poema-bilduma inguru jaso dira euskaraz eta gaztelaniaz, gehienak estatuko egileenak. Dena den, jasotako lanen heren bat inguru beste herrialde batzuetako egileek egin dituzte, batez ere latinoamerikarrek. 

Gaur goizean, eginen diren jarduerak aurkeztu dituzte Kondestablen Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Pedro Salaberri Zunzarren Nafar Ateneoko lehendakariak eta Javier Asiáin Urtasun Nafar Ateneoko Poesia eta Literatur Sarietako epaimahaikideak. Aurkezpena egiteaz gain, 20 urteko literatura- eta poesia-ibilbidearen balantzea egin dute, saria 2007an abian jarri zenetik gaur arterainokoa. 

Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria bi helburu hauekin sortu zen: batetik, literatur-sorkuntza sustatzeko prestigiozko baliabide bat izateko, eta, bestetik, nazioartean hiriaren izena lirikaren bidez hedatzeko. Lehenengo edizioetan gaztelaniazko modalitatea antolatzen zen soilik, eta, hamargarren ediziotik aurrera, euskaraz ere antolatzen da, elebitasunaren aldeko apustua eginez sustatze aldera. Aurkeztutako lanak kalitatezkoak direla bermatze aldera, estandar tekniko hauek ezarri ziren: olerki-bildumak argitaratu gabeak izatea, 400 eta 800 bertso arteko luzerakoak izatea, eta gaiei eta formari dagokienez libre jokatzea.

Urteurrenaren karietara, jarduera bereziak
Bi hamarkadako literatura-ibilbidea ospatzeko, Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak ostiralean eginen duten sari-banaketaz gain, beste kultur jarduera batzuk antolatu dituzte, herritarrei irekiak eta sarrera librekoak, poesia eta lirika zabaltzen eta sustatzen jarraitzeko xedez.

Lamentos de la Gran Manzana (Sagar handiko intziriak) ikuskizunak Federico García Lorcaren Poeta New Yorken liburua du inspirazio-iturri, eta olerkari granadarraren heriotzaren 90. urteurrenaren oroimenez eginen da. Poema-errezitaldia, jazz musika eta liburuko zati batzuetako abesti egokituak uztartuko dira ikuskizunean. Poesia-errezitaldi musikalean, Javier Asiáin Urtasun poetak eszenatokia partekatuko du Maia Catalán, Pedro Planillo, Jorge Sánchez, David Yanguas eta Dani Domínguezekin. Ikuskizuna 19:30ean hasiko da Pompelo Civivoxean, eta sarrea librea izanen da leku guztiak bete arte.

20. urteurren honetan, modu berezian parte hartuko du Pedro Salaberri Zunzarrenek: margolaria eta Nafar Ateneoko lehendakaria da, eta mugarri horren oroimenezko margolan bat egin du berariaz. Ohikoa eta bereizgarria duen paleta kromatikoa erabili du Salaberrik, eta margolana sariketako bi modalitateetako lan irabazleak bilduko dituzten argitalpenetan txertatuko da.

Azken edizioan, guztira 383 poema-bilduma
Uztailean eman zen Iruña Hiria Nazioarteko XX. Poesia Sariarekin lotutako epaia. Aurtengo edizioan 383 lan aurkeztu dira guztira, 19 euskaraz eta 364 gaztelaniaz, eta munduko hogei bat herrialdetako egileek hartu dute parte. 3.000 euroko saria jasotzen du irabazleak, hala euskarazko modalitatean nola gaztelaniazkoan, eta, horrez gain, saritutako lanak argitaratzen dira.

Sergio Manuel Moreno Domínguez (Jérez de la Frontera, 1982) –Septiembre y lunes (Iraila eta astelehena) lanaren egilea– Arte Ederretan lizentziaduna eta Humanitateetan eta Arteetan masterduna da Kataluniako Universitat Oberta-n (UOC). Aurretik, sari hauek jaso ditu: XXXVIII. Joaquín Lobato Poesia Sari Nazionala (2025), LXIX. Alcaraván Nazioarteko Poesia Saria (2022) eta XVIII. José María Valverde Nazioarteko Poesia Saria (2014).

Halaber, poema-bilduma hauen egilea da: También la sombra crece (Granada, 2026) y 30 tweets de amor y una publicación desesperada (Sevilla, 2017). Ane Zuazubiskar Iñarrak (Arrasate, 1997), euskarazko modalitateko Tigre bat azalean lan irabazlearen egileak, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi du, eta, batez ere, kazetari aritu da Euskadi Irratian. Gainera, Zulora eta Ez hain ondo podcastak aurkeztu ditu Gaztea irratian. 

Nafar Ateneoa arduratzen da lehiaketa osorik antolatzeaz, eta Iruñeko Udalak sarien zenbatekoa ordaintzen du, bai eta lehiaketak eragiten dituen gastuak ere, hala nola maketazioa, kartelaren diseinua eta epaimahaikideen ordainsariak. Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du poema-bilduma irabazleen 250 ale erosteko, modalitate bakoitzeko 125, eta Nafar Ateneoak argitaratuko ditu Cénlit Ediciones nafar argitaletxearen zigilupean.

 

¿Te ha sido útil esta página?