Iruñategi proiektua «gizarte-ehunaren azterketa» koLaboratoriotik eratorritako lantaldean oinarrituta garatu da, Iruñeko elkarte-mugimenduaren eta gizarte-ekimenaren egungo bilakaera eta egoera aztertzeko eta balioesteko, etorkizunean hura indartzeko tresna gisa.
Iruñategi proiektuak hiriko 13 auzoetako elkarte-baliabideen, erakunde-baliabideen, gizarte-ekonomiako baliabideen eta herritarren ekimenen argazki erreal bat erakusten du. Horrela, auzo bakoitzaren eta hiri osoaren sare komunitarioaren ikuspegia ematen du, haren garapena indartzeko.
14 mapa horiek, 13 mapa (bat, auzo bakoitzeko) eta Iruñeko laburpen-mapa bat, 2017ko otsailaz geroztik hainbat fasetan egindako lanari dagozkio, Herritarren Parte Hartzea Dinamizatzeko Zerbitzuaren laguntzari eta hiriko gizarte-sarearen lankidetzari esker.
Hau izan da baliabideen sailkapena:
Baliabideei buruzko datuak iturri hauetatik eskuratu ziren: Elkarteen Erregistro Nazionala, Nafarroako Elkarteen Erregistroa, Iruñeko Udaleko Elkarteen Errolda eta online bilaketa. Horrez gain, landa-lan zehatza egin dugu auzoetako bakoitzean, tokiko eragileekin elkarlanean, informazioa osatzeko.
2018ko udaberrian, lortutako datuak alderatzeko lan bat egin zen lurralde- eta sektore-eremuetako eragile espezifikoekin, horiek zuzendu eta hobetzeko. Proiektua garatzeko, marka adierazgarri bat sortu zen, IRUÑATEGI, gaur egungo eta etorkizuneko gizarte-ehunaren analisiaren inguruan egiten diren ekintza guztiak identifikatuko dituena.
2018ko irailaren 26an, errealitatearen argazki finkoa erakusten duten mapen bertsioa aurkeztu zen, 2018ko maiatzari dagokiona. 1,20 x 2,00 metroko tamainako 13 paneletan eta DIN-A1 edo antzeko formatuan inprimatutako mapetan gauzatu zen. Mapek aurrealdean erakusten dute auzoaren proiekzioa, baliabide guztien kokapen geografikoarekin, ikonoaren arabera zenbakituta eta identifikatuta. Atzealdean, berriz, baliabideak izen osoarekin, deskribapen laburrekin eta posta-helbidearekin daude ordenatuta. Egoitza baldin badute edo gune jakin batean biltzen badira, posta elektronikoa eta web-helbidea. Mapetako informazioa biltzen dute panelek, laburbilduta. Euskaraz eta gaztelaniaz dago mapa eta paneletako informazio guztia. Kasu gehienetan, udal-eraikinetan egongo dira ikusgai. Leku horietan bertan eskatu ahal izanen dira mapen paperezko kopiak, eta publikoari harrera edo arreta egiteaz arduratzen diren pertsonek banatuko dituzte.
Guztira 1.958 baliabide bildu dira: 1.397, elkarteenak; 507, instituzioenak; 16, ekonomia sozial eta solidariokoak; eta 38, ekimenenak. Auzoka, Zabalgunean eta Alde Zaharrean pilatzen dira baliabide gehien, 396 eta 352, hurrenez hurren.
Mapa horiek honako esteka hauetan kontsultatu eta deskargatu ahal izanen dira: asociaciones.pamplona.es/irunategi eta asociaciones.pamplona.es/eu/. Webgune berean kontsultatu ahal izanen da IGS mapa, baliabide geolokalizatuekin, zeinak IRUSKANen integratuta baitaude, Iruñeko Udalaren baliabideen atarian.