Aurrekontua: 1.595.072,66 euroan esleitu ziren lanak. Obran zehar 358.637,35 euroko gastu handiagoa onartu zen. .
Deskribapena: Obraren xedea Pio XII.aren etorbideko bideak eraberritzea zen; alegia, ibilgailu pribatuaren aurrean garraio-modu alternatiboak lehenestea (oinezkoa, garraio publikoa, bizikleta), galtzadan norabide bakarreko bidegorria sortzea eta bi noranzkoetan aparkaleku-zerrenda kentzea. Garraio publikoa lehenesteko neurriak ere txertatzea aurreikusten zuen proiektuak. Jarduketa irekia eta malgua da, «kostu txikiko» esku-hartzearekin, proposamenean atzera egiteko aukera egon dadin. Esku-hartze horren ondorioz, egungo espaloiak oinezkoendako soilik diren espazio gisa finkatu dira, eta, oro har, zirkulazioa hobetu da, bidegurutzeetan oinezkoendako pasabideak aldatuz eta berriz diseinatuz. Era berean, aparkaleku-zerrenda bidegorria sortzeko erabili da. Egungo eskuineko erreia (aparkaleku-zerrendaren ondoan) funtzio anitzeko espazio malgu bihurtu da. Ibilgailuendako bi errei egonen dira noranzko bakoitzeko. Garraio publikoa, ahal dela, kanpoko erreitik ibiliko da, eta han eginen ditu geldialdiak, bazterbiderik gabe. Bidegurutzeak semaforoen bidez lehenetsi dira garraio publikoarendako. 2018ko uztailaren 3an hasi ziren lanak, eta abenduaren 31n bukatu.
Proiektua: Mendillorrin hiri-igogailu bat jartzea.
Aurrekontua: 817.440,69 euroan (BEZa barne) esleitu ziren obrak. Obran zehar 243.786,45 euroko gastu handiagoa onartu zen.
Deskribapena: 2018ko uztailaren 4an, Mendillorri auzoko irisgarritasuna hobetzea helburu zuen ekimen honen obra-amaiera esleitu zen, beheko aldearen –lehen eta laugarren faseak– eta goiko aldean dauden gainerako faseen artean, non auzoko zerbitzu gehienak baitaude. Ekimenaren xedea zonak komunikatzea zen, hiri-igogailu baten bidez. Obraren irismenaren barruan zegoen igogailura sartzeko eremuak urbanizatzea, igogailura sartzeko bideetan arkitektura-oztopoak kentzea eta eragindako eremuan dagoen landare-ezponda garbitzea eta egokitzea. Goiko aldeko bideen zati batzuk ere leundu ziren, eta, horrela, konexio ugaritan irisgarritasun egokia izatea lortu da.
LEHENGO HILTEGIKO PARKEA
Proiektua: Iruñeko Udal Planeko ARS-3ko S.O-1 unitatea urbanizatzeko proiektua
Aurrekontua: 842.109,8 euro (BEZa kanpo)
Deskribapena: 2018an, garai batean La Protectora SA hiltegia hartzen zuen eremua urbanizatzeko obrak egin ziren, eta, aurreikuspenen arabera, 2019ko maiatzean amaituko dira lan horiek. 13.300 m2-ko parke handi bat, jarduera ekonomikoko gune bat eta zuzkidura-lursail bat hartuko du espazioak.
Parkea Iruñetik gertuen dagoen zatian sortu da, mendi-hegal batean. Hegal horri tratamendu naturala emanen zaio, inguruko eremua landa-eremua dela kontuan hartuta. Lekuaren orografia lehengoratu da, eta bertako espezietako zuhaitz eta zuhaixka-masak dauden belardi bat osatu da. Parkearen goiko aldean bankuak dituen begiratoki bat jarri da, eta hegoaldean, berriz, egoteko, piknikak egiteko eta haurrendako jolasak dituen gune txiki bat egin da, erabilera horietara egokitutako altzariekin. Espazio hori inguruko mendi-hegaletako landa-irudian txertatzea da asmoa. Zuhaitz eta zuhaixkak tantaka ureztatzeko sistema bat aurreikusi da, parkearen ezaugarriekin bat etorriz. Proiektuak, gainera, jasotzen du errepidetik gertuen dagoen eremua aparkalekuekin, espaloi berri batekin eta bidegorriarekin urbanizatzea, Iruña-Orkoien ibilbidean mugikortasuna eta oinezkoen lotura errazteko. Era berean, urbanizazio berriak, plangintzaren antolamenduaren arabera, jarduera ekonomikoetarako lurzati bat sortuko du, errepidetik gertuen eta Orkoienekin mugan dagoen zatian, bai eta zuzkidura-lurzati bat parkearen ondoan ere.
REDIN CRUZAT JAUREGIA ERABERRITZEA
Proiektua: Redin Cruzat jauregia eraberritzea, Gizarte eta Kultura Zentro Komunitario gisa erabiltzeko. Plazara! proiektua
Aurrekontua: 536.225,64 euro (BEZa barne).
Deskribapena: Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko irailean erabaki zuen Kale Nagusiko Redin Cruzat jauregia eraberritzeko lanak esleitzea. Obren bidez, Redin Cruzat jauregiaren eraikinaren erabilera Plazara Proiektua izeneko partaidetza-prozesuan planteatutako beharretara egokitu nahi da. Prozesu hori 2016. urtearen amaieratik aurrera joan da garatzen, Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetza eta Gizartea Ahalduntzeko Alorraren lankidetzarekin. Obrak 2018ko urriaren 15ean hasi ziren. Zazpi hilabeteko iraupena aurreikusi zen.
SAN FRANTZISKO IP-KO PATIO ESTALIA
Proiektua: Patio estali bat eraikitzea Iruñeko San Frantzisko ikastetxe publikoan.
Aurrekontua: 299.799,28 euros (BEZa barne).
Deskribapena: Irailaren 28an hasi ziren San Frantzisko HLHIPko patioa estaltzeko lanak, eta abenduaren 31n amaitu ziren. Obra horien bidez, duela urte batzuetatik dagoen behar bat konpondu nahi zen. 2003. urteaz geroztik, ikastetxeko Zuzendaritza Udalari eta Nafarroako Gobernuari jolastokian leku estali bat jartzeko eskatzen aritu zen, euria egiten duen egunetan ikastetxearen berezko jarduerak egiteko.
SALESTARREN KOMUNITATE-ZENTROA
Proiektua: Bi proiektu gauzatu ziren Maria Auxiliadora ikastetxea (Salestarrak) Txantreako komunitate-zentro gisa egokitzeko. Batetik, Maria Auxiliadora ikastetxeko irisgarritasuna eta ekitaldi-aretoa hobetzeko lanak. Eta, bestetik, eraikinaren hegal bat eraberritzea, bertan bulegoak jartzeko.
Aurrekontua: Lehenengoan, obrak 513.439,30 euroan (BEZa barne) esleitu ziren, nahiz eta obran zehar 99.767,08 euroko gastu handiagoa onartu zen. Bigarren proiektua 325.172 euroan esleitu zen, baina 32.379,47 euroko gastu handiagoa onartu zen.
Deskribapena: Lehen proiektuak hiru jarduketa aurreikusten zituen. Alde batetik, eraikinean dagoen ekitaldi-aretoa indarreko araudira egokitzea, Iruñeko Udalak Civivoxen estiloko ekitaldi-areto gisa erabili ahal izateko, eta, horrela, auzoko erabilera publikoko espazioen udal-sarean integratzeko. Bestalde, irisgarritasunaren arloko jarduketak aurreikusten ziren Iruñerria kaleko sarrera nagusian, bai urbanizazioari dagokionez, bai barrualdeei dagokienez. Azkenik, igogailu berri bat ere aurreikusten zen, jende guztia sarrera nagusitik ekitaldi-aretora iritsi ahal izateko. 2018ko maiatzaren 22an hasi ziren lanak, eta abenduaren 31n bukatu. Bestalde, bulegoak jartzeko eraikinaren ekialdeko hegala eraberritzeko proiektuaren bidez, herritarrei zerbitzuak emateko izaera administratiboko gune bat sortzea zen asmoa. Batera hasi ziren bi proiektuetako lanak, baina bigarren proiektu horretakoak azaroaren 6an amaitu ziren.
GIZARTE-JANTOKIA ETA EGUNEKO ZENTROA
Proiektua: Carmen kaleko 25 zenbakiko lokala egokitzea, gizarte-jantokia eta eguneko zentroa jartzeko.
Aurrekontua: 187.573,52 euros (BEZa barne).
Deskribapena: 224 m2-ko lokal huts bat da; ez da erabili eraiki zenetik. Zerbitzu eta hartune guztiak ditu. Egokitzapen-proiektua Gizarte Ekintza eta Komunitate Garapeneko Alorraren gidalerroetan oinarrituta garatu zen. Proiektuaren helburua honako espazio hauek gaitzea zen: jantokia jartzeko gune bat, 50 lagunendako edukiera izanen duena (bi txandatan); otorduak zerbitzatzeko gune bat, jantokitik bereizita; jantokiko arduradunaren mahaia jartzeko beste gune bat; baxera garbitzeko eta gauza gutxi batzuk gordetzeko gune bat; kaleko hezitzaileendako bi bulego; bilera-gela txiki bat; eguneko zentro gisa erabiltzeko espazio zabal bat; eta langileendako komun bat eta aldagela txiki bat. 2018ko martxoaren 5ean hasi ziren lanak, eta ekainaren 14an bukatu.
DONEJAKUE BIDEAREN INTERPRETAZIO-ZENTRO
Proiektua: Kale Nagusiko 20 zenbakian dagoen lokala egokitzea, Donejakue bidearen interpretazio-zentroa bertan jartzeko.
Aurrekontua: 234.329,80 euro (BEZa barne).
Deskribapena: Esku-hartzearen xede nagusia: Kale Nagusiko 20 zenbakiko beheko solairuan eta sotoan dagoen udal-lokalaren barnealdea eta hara sartzeko bideak egokitzea; horrela, % 100eko irisgarritasuna ahalbidetu da, Donejakue bidearen interpretazio-zentro gisa duen erabilera berrira egokitzeko. Behe-solairuan eraikitako azalera 158,27 m2-koa da, guztira. Bi gune ditu altuera desberdinetan, eskailera eta arrapala bidez komunikatuko direnak. Era berean, lokaleko sarbidea aldatuko da, arrapala egokitu baten bidez. Lokalak hiru gune itxi izanen ditu, eta horietako batean komunak eta sarrerako ataria egonen dira. Gainerakoa argia eta librea da, eta interpretazio-zentroaren edukien edukiontzi eta erakusmahai gisa erabiliko da. Aldez aurreko eraispenak: beharrezkoa izan zen Kale Nagusiko fatxada ixteko arotzeria eta barruko itxiturako pertsiana kentzea, eta fatxadan bao bat irekitzea, aireztapen-sareta jartzeko. Proiektuan garrantzi berezia ematen zaie isolamendu termikoei eta hezetasun-isolamenduei, gelaren kalitatea hobetzeko eta lokalaren energia-gastua murrizteko. Ezinbesteko baldintza izan da indarrean dauden irisgarritasun-arau guztiak betetzea. Martxoaren 5ean hasi ziren lanak, eta 2018ko azaroaren 3an amaitu.
II. ZABALGUNEKO AUZO-UNITATEA ERABERRITZEA
Proiektua: II. Zabalguneko auzo-unitatea egokitzea.
Aurrekontua: Se adjudicaron las obras por importe de 227.704,46 euros (IVA incluido). 227.704,46 euroan (BEZa barne) esleitu ziren obrak. Obran zehar 14.771,29 euroko gastu handiagoa onartu zen.
Descripción: Auzo-unitatearen egungo banaketaren berrikuntza integrala egitea; bi bulego Aita Calatayud kalera ematen duen aldean mantentzea, eta beste laurak, berriz, etxadiko barne-patioko ipar-mendebaldeko fatxadara ematen duen aldean. Instalazio guztiak eguneratzea. Itxaroteko eremu bat, administrazio bat, sei bulego, bilera-gela bat eta komun bat sortzea, 194,80 m2-ko azalera erabilgarrian. 2018ko ekainaren 5ean hasi ziren lanak, eta uztailaren 4an bukatu.
ZIUDADELAKO ARMEN ARETOA
Proiektua: Sarrerako langa jartzea Armen Aretoan, eta biomasa bidez beroa ekoizteko zentrala jartzea Ziudadelan.
Aurrekontua: 184.087,50 euros (BEZa barne).
Deskribapena: Esku-hartzearen xede nagusia da Ziudadelan biomasa bidezko beroa ekoizteko zentral bat jartzea, jarraian Armen Aretoaren eraikineko berokuntza-sistema instalatu ahal izateko. Biomasa bidezko beroa ekoizteko zentralaren proiektuarekin batera, jarduketa-eremuan beharrezkoak diren beste jarduketa osagarri batzuk aurreikusten zituen proiektuak; batzuk haiekin batera gauzatu beharrekoak, eta beste batzuk, berriz, haiekin batera edo modu bereizian gauzatu zitezkeenak. Galdara-gela zentralizatua San Anton gotorlekuko kasamata zaharrera sartzeko tunelean jarri zen. Horretarako, kasamata zaharrera sartzeko tunelaren ganga iragazgaizteko lanak egin ziren, eta pellet bidezko galdaran keak husteko tximinia bat eraiki zen. Tuneletik irteteko egurrezko ate bat jarri zen, biltegietan pelletak kargatu ahal izateko. 2006. urtean egindako berokuntza-zirkuituaren estankotasuna egiaztatu zen, zirkuitu hori Armen Aretoraino eramateko. Eta ate automatikoa duen langa bat eraiki zen ate nagusian, etorkizunean, berogailuaren erabilera optimizatzeko. 2018ko irailean hasi ziren lanak, eta abenduaren 12an bukatu.
PLAZAK URBANIZATZEA ZIDAKOS IBAIAREN KALEAN ETA MONJARDIN ZEHARKALEAN
Proiektua: Iruñeko ARZ-3 banaketa-eremuko XVI/ZN1 eta XIX/ZN6 eremuak urbanizatzea.
Aurrekontua: 220.227,00 € (BEZa kanpo).
Deskribapena: Obra horiek 2018ko maiatzaren 30ean jaso zituen Udalak. Bi plaza egin ziren: bata, Monjardin zeharkalearen ondoan, eta, bestea, Arrosadian, Zidakos ibaiaren kalearen ondoan. Lehenengoan, Monjardin zeharkalea luzatu zen, egungo sekzioarekin: 2,00 metroko espaloia, 9,20 metroko galtzada eta 1,50 metroko espaloia. Kalea noranzko bakarrekoa denez, baterian aparkatzeko zerrenda aurreikusi da eskuineko aldean, eta lineako aparkalekua ezkerreko aldean; beraz, zirkulatzeko eremua 2,50 m-ra murriztu da. Sekzio hori Tenis Klubaren mugara iritsi arte mantendu da; leku horretan, 90 graduko bira egiten da eskuinera, eta kalearen sekzioa txikitu da, 8 metroko galtzada eta 1,50 metroko espaloia izatera pasatuz. Galtzada berri horrek 2 m-ko lineako aparkalekua dauka bi aldeetan, eta 4 m-ko zirkulatzeko eremua erdialdean. Joan-etorri gutxiko kale berri horrek, Mutiloabeiti kaleak eta etxadia osatzen duen eraikin berriak mugatzen dute plaza berria. Plaza bi gunetan geratu da banatua: bata, portxearen ondoan egoteko gune bat, banku eta farola batzuekin; eta, bestea, zuhaitzez osatutako gune bat.
Zidakos ibaiaren ondoko plaza argi eta garbi bereizitako bi eremutan banatuta geratu da. Alde batean, egoteko zolatutako eremu bat, bankuak dituena, non lau zuhaitz handi landatzea proposatzen den; eta, bestean, gune lorategidun bat, mehelinak estaltzen dituzten zuhaitzekin. Plaza 50 x 33 x 6,5 cm-ko hormigoizko lauza aurrefabrikatuez zolatu zen, eta zuhaitzendako txorkoak utzi ziren, bai eta bi parterre ere, soropil, tapizatzaile eta zenbait zuhaitzekin, plazari landaretza eta itzala ematen diotenak. Espaloirik ez zen egin, plazako zoladura galtzadarekiko mugaraino eraman baizik. Etxebizitzetara sartzeko espaloi bat mantendu zen, baina plazaren zoladura berarekin zolatuta.
OINEZKOENDAKO PASABIDEAK HOBETZEA, ITURRAMAN, ARROSADIAN ETA ARROTXAPEAN
Proiektua: Iturrama, Arrosadia eta Arrotxapea auzoetako oinezkoendako pasabideen bide-segurtasuna hobetzea.
Aurrekontua: 178.138,81 euro (BEZa barne).
Deskribapena: 2018ko ekainaren 15etik abenduaren 28ra bitartean, oinezkoen ibilbideak aldatzeko eta oinezkoen pasabideen egungo egoera aldatzeko beharrezkoak ziren hainbat obra egin ziren Iturrama, Arrosadia eta Arrotxapea auzoetan. Neurri horien bidez, segurtasun-koefiziente handiagoak lortu nahi dira. Horretarako, espaloiak eta galtzadak aldatu ziren, eta espaloietan aitzinamenduak egin ziren oinezkoendako pasabideetan eta/edo posizio-aldaketak egin ziren kokapenik gomendagarriena ez zutenetan. Horri lortzeko, zintarriak, zolatak, zoladurak, hiri-altzariak, galtzadak, ertz-erreten eta bide-seinaleak berritu ziren, berriro gauzatuta.
PUMP TRACK PISTA TRINITARIOSEN
Proiektua: Urbanización y construcción de pista de pump track en el parque de Trinitarios.
Aurrekontua: 78.282,58 euro (BEZa barne) urbanizatze-lanak egiteko, eta 157.796,10 euro (BEZa barne) proiektua idatzi eta pump track pista baten eraikuntza gauzatzeko.
Deskribapena: Uztailaren 16tik irailaren 12ra bitartean, Trinitarios parkearen perimetroa urbanizatzeko lanak egin ziren. Bertan, pump track pista bat eraikitzea aurreikusten zen. Hau zen urbanizatze-lanen xedea, funtsean: oinezkoendako bide batzuk urbanizatzea, eta espazioa aldatzea, bi obren bidegarritasuna eta errematea lortzeko, eta, horrela, eremua erabilera publikora egokitzeko. 78.282,58 euro (BEZa barne) bideratu ziren. Ia aldi berean, 2018ko uztailaren 31tik irailaren 26ra bitartean, pump track pista eraikitzeko obrak egin ziren. Proiektuaren eta obraren baterako kontratazioa barne hartzen duen kontratua da. Trinitarios parkeko pump track pistak altuera eta luzera ezberdinetako 6 jauzi eta 30 roller dauzka, bai eta bihurgune, peralte eta gune izurtuak ere, bizikletarekin, skatearekin edo patinekin ibiltzeko. 40 x 50,25 metroko neurria du. Haurrendako pump track bat ere badu, zirkuitu sinpleago batekin, obalo itxurakoa, bost roller eta bikoitz bat dituena, bai eta ordoki bat ere, hasiberriendako gune seguruago bat eskaintzeko. Trinitarios parkeko berdegunean dago, Biurdana kaleak, Gipuzkoa etorbideak eta Arga ibaiak berak mugatuta, Kosterapea pasealekuaren inguruetan.
MENDILLORRI-LORATEGI JANGARRIKO HEGALA
Proiektua: Lezkairuko urbanizatze-lanen 9. fasea (Mendillorri-Lorategi jangarriko hegala).
Aurrekontua: 93.251,37 € (BEZa kanpo).
Deskribapena: Obra horiek 2018ko maiatzaren 23an jaso zituen Udalak. Lezkairuko Zalduko etxeen ondoan dagoen mendi-hegalaren egokitzapena da. Hirigintza-garapen berriarekin komunikatzeko oinezkoendako bi bide sortzea jasotzen du proiektu horrek.
Lezkairuko Zalduaren etxeetatik gertu dagoen Mendillorriko magalean egin diren lanen helburua da hura egokitzea urbanizazioan integratzeko. Horretarako, hormigoizko bide batzuk eraiki dira, Zalduko etxeen goiko aldearekiko komunikazioa hobetuko dutenak, eta, horrez gain, argiteria publikoa eta hiri-altzariak ere jarri dira, Hirigintzako Gerentziako zerbitzu teknikoek idatzitako proiektuari jarraikiz. Lorategi «jangarri» bat sortu da, mendi-hegalaren landare-tratamendu baten bidez. Horretarako, zuhaixkak landatu dira espaloiarekin muga egiten duen eremuan, zuhaitz berriak landatu dira eta mantentze-lan gutxi behar duen belardi bat sortu da. Guztira, 115 zuhaitz jartzea eta ureztatze-sistema bat instalatzea aurreikusi da.