Iruñeko Udalaren 2018eko memoria

HERRITARRENDAKO PROIEKTUAK

ESTRATEGIA BULENGOA

Berriki eratu den zerbitzua da Estrategia Bulegoa (2017). Estrategia Bulegoaren funtzioetako bat da Hiriko Plan Estrategiko bat (2030 Estrategia) diseinatu, prestatu eta kudeatzea, epe luzerako hiri-eredua, helburu estrategikoak, jardun-ildoak eta proiektu estrategiko eraldatzaileak zehazte aldera. Estrategia Bulegoak baditu beste eginkizun batzuk ere, besteak beste: Europako funtsen laguntzen deialdiak identifikatzea, eta proiektuak prestatu, aurkeztu eta kudeatzea; proiektu transbertsalak bultzatzea; auzoko plan integralak koordinatzea; ikerketa soziologikoa egitea eta kanpo-lankidetza sustatzea.

2030 ESTRATEGIA

2018an, Estrategia Bulegoak abian jarri zuen 2030 Estrategia egiteko prozesua. Estrategia horrek bilatzen den hiri-eredua definituko du, bai eta hiriko errealitateak eredu horretara eraldatzeko proiektuak ere. Hainbat ekintza egin ziren, hala nola oinarri metodologikoak diseinatu ziren, gobernamendu eta parte-hartze eredua jarri zen abian, eta lehen fasea (aurrediagnostikoa) egin zen, zeinak bildu baitzituen azterketa historiko bat, herritarrei egindako inkesta bat, adituei egindako elkarrizketak eta joeren azterketa bat. Aurreikusita dago prozesuak aurrera egitea 2019an, 2030 Estrategia egiten amaitzeko.

EUROPAKO PROIEKTUAK

2018an, Estrategia Bulegoak 3 proiektu aurkeztu zituen Europako laguntza-deialdietarako, eta, azkenik, 2 onetsi ziren: URBACT programako Making Spend Matter, kontratazio publiko estrategikoari eta gastuaren azterketari buruzkoa, eta, INTERREG EUROPE programako POTEnT, energia-trantsizioari buruzkoa.

Horrez gain, aurreko urteetan onetsitako 6 proiektu koordinatzen eta kudeatzen jarraitu zuen Estrategia Bulegoak: STARDUST, CREACITY, JACOB@CCESS, KINTOAN BARNA eta SPAGYRIA.

STARDUST

Proiektu honek –H2020 SCC1 Europako programak kofinantzatua– barne hartzen du Smart Cities direlakoei buruzko hiru proiektu pilotu egitea Europako hiru hiritan (Iruña, Trento eta Tampere), eta bertan parte hartzen dute, halaber, emaitzak transferi behar zaizkien beste hiri batzuk (follower cities). Iruñeko Udalaren zeregin nagusia da askotariko erakundeak biltzen dituen tokiko partzuergoaren buruan jardutea, pilotua garatzeko. 2018an, ekintza-plana definitzen egin da lan nagusiki –eta hor sartzen dira hasierako proiektuari egindako zenbait aldaketa–, hura 2019. eta 2020. urteetan gauzatzeko, eta 2021. eta 2022. urteetan monitorizatzeko. Ekintza-planaz gain, honako hauek egin dira: tokiko partzuergoaren 3 bilera antolatzea; Europako partzuergoaren 3 bileratan parte hartzea; Europa mailan askotariko lan sortei ekarpena egitea (WP7: negozio-ereduak, WP8: komunikazioa, eta WP9: kudeaketa); urteko jarraipenaren lehen txostena egin da; eta hainbat bilera egin dira proiektuaren bazkideekin eta udal-zerbitzuekin, 2019-2020 aldian ezarri beharreko jarduketak teknikoki definitzeko (estalki fotovoltaikoa, datu-prozesaketa guneetako beroa berreskuratzea, argiteria adimenduna, kargagune fotovoltaikoa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea, mikrosare adimenduna, gaming tool...).

CREACITY

CREACITY Europar Batasunak INTERREG POCTEFA programaren bidez kofinantzatutako proiektua da, eta haren helburua da eskaintza turistiko erakargarri eta kalitatezkoa garatzea, Hondarribia-Baiona-Iruñea mugaz gaindiko hiri-eskualdeko ondare harresituaren balorizazioari lotuta. Proiektuak erronka du hiru hiriek hartzen duten lurraldea ongi kokatutako helmuga bihurtzea, kulturaren eta negozioen arloetako turismoa erakartzeko urteko urtaro guztietan. Horretarako 4 estrategia bateratu ezartzen ditu irizpide jasangarrien araberako zaharberritzearen, sormen artistikoaren, berrikuntza turistikoaren eta gastronomiaren sustapenaren alorretan. 2018an, Estrategia Bulegoak garatu ditu Iruñeko Udalari, proiektu honen buru den aldetik, dagozkion kudeaketako zereginak (bilerak kudeatzea, harremanak POCTEFAko Idazkaritzarekin, ekintza guztien egitekoak berrikustea, txostenak, gastuaren aitorpenak eta abar). Horrez gain, Bulego honek koordinatu ditu inplikatutako udal-alor/-unitate guztiak (Kultura, Turismoa, Proiektuak eta Obrak, Komunikazioa eta Ogasuna).

JACOB@ACCESS

Europar Batasunak INTERREG POCTEFA programaren bidez kofinantzatutako proiektua da, eta haren helburua da desgaitasunak dituzten pertsonek kulturara eta ondarera iristeko orduan dituzten desabantailak gutxitzea, eta haiek gizarteratzen laguntzea. Proiektuaren bazkideek mugaz gaindiko azpiegitura-sarea sortzea proposatzen dute, desgaitasuna dutenak mugaz gaindiko lurraldeetako kulturara hobeto iritsi ahal izan daitezen diseinaturik. Donejakue bideari loturiko ondarea izanen da partekatutako gai nagusia. Proiektuko bazkideak honako hauen inguruko lankidetza izanen dute: irisgarritasun materiala (higiezinen eta higigarrien banaketa) eta immateriala (desgaitasuna duten pertsonek erabiltzeko diseinaturiko museo- eta bizipen-soluzio berritzaileak). 2018an, proiektuaren koordinazioan egin da lan, eta, horrez gain, lan egin da askotariko proiektuen exekuzioa –proiektua osatzen duten obrak– koordinatzen, eta Iruñeko Donejakue bidearen Interpretazio Zentroaren (Ultreia) oinarrizko musealizazioa egiteko agiriak definitzen eta idazten. Orobat, bilerak egin dira gainerako bazkideekin, bai eta jardueraren urteko txostena eta gastuen aitorpena ere.

KINTOAN BARNA

KINTOAN BARNA Europar Batasunak INTERREG POCTEFA programaren bidez kofinantzatutako proiektua da, eta haren helburua da eskaintza turistiko kalitatezkoa eta erakargarria garatzea. Eskaintza erakargarri horren ardatza izanen dira baliabide natural eta identitarioen balioa, ondarea, historia komuna eta gastronomia, Garazitik Iruñera zabaltzen den korridorean, Baigorriko, Garaziko eta Esteribarko ibarrak zeharkatuz eta muinean Kintoa duen mugaz gaindiko eskualde txiki bat osatuz. Proiektuaren asmoa da lurralde-korridore hori helmuga turistiko bihurtzea, eta produktu integral gisa posizionatzea turismoa erakartze aldera, bai eta bertako garapen sozioekonomikoa bultzatzea ere, hartara, egungo despopulazio-joerari aurre eginda. Aldaketa horrek lotura zuzena du Garazi-Iruña lurralde berri bat sortzearekin, turismo kulturala eta naturala sustatzeko hainbat aukera emango dituena: mendi-ibilaldiak, naturako kirola, bertako produktuen eskaintza zabala, kalitatezko ostatuak eta identitatearekin zein historia komunarekin zerikusia duten jarduerak. 2018an, jarduketen plangintza eta koordinazioa landu da bazkideen artean. Horretarako,askotariko lan-bileratan parte hartu da Turismo alorrarekin lankidetzan.

SPAGYRIA

Europar Batasunak INTERREG POCTEFA programaren bidez kofinantzatutako proiektua da, eta haren helburua da, mugaz gaindiko lankidetza-ekintzen bidez, produktu kosmetiko ekologikoak ikertu eta garatzea. Horretarako, kideek berrikuntza- eta teknologia-arloko sare bat sortuko dute, enplegurako zentro bereziez, eta ikerketa- eta eraldaketa-zentroez osatuta. Lan-ildo berri bat ezarriko da proiektuaren bazkide diren enplegurako zentro berezietan; lan-ildo horren barruan, sendabelarrak landatuko dira, eta horiek izanen dira abiapuntua produktu kosmetikoen inguruan ikertzeko eta horiek garatzeko. Horrekin batera, proiektuak arau bat garatuko du, izaera ekologikoa ziurtatzeko/egiaztatzeko; proiektuko kideek, ondoren, ziurtapen/egiaztapen horren erabilera partekatua izanen dute, eta ildo berean lan egin nahi duen edozein ekoizle ekologikori transferitzen ahalko diote. Iruñeko bazkideak dira. 2018an, Iruñeko Udalaren ahaleginak 3. ekintzan (Garapen agronomikoa) ardaztu dira, zehazki 3.2 jardueran (Egokitze agronomikoa). Horren barnean Udalak, batetik, proiektuari lursail ekologiko egiaztatu bat utzi dio Aranzadiko meandroan eta, bestetik, negutegi-idortegia gauzatzeko proiektu teknikoaren definizioan lan egin du. Exekuzio-proiektuak zenbait fase izan ditu: premiak definitzea, lurraldera egokitzea (EKHren baimenak) eta Elkarkiderekin koordinatzea; proiektuaren enkargua espezializatutako ingeniaritza talde bati ematea; proiektua onestea eta hari oniritzia ematea; eta, azkenik, obrak lizitatzea. Orobat, bilerak egin dira gainerako bazkideekin, bai eta jardueraren urteko txostena eta gastuen aitorpena ere.

MAKING SPEND MATTER

Europar Batasunak INTERREG POCTEFA programaren bidez kofinantzatutako proiektua da. Ingalaterrako Preston hiriko jardunbide egoki batean dago oinarrituta, eta haren helburua da gastuaren azterketa erabiltzea kontratazio publiko estrategikoa bultzatzeko tresna gisa, tokiko ekonomia, berdintasun soziala, ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzeko. 2018an, proiektuaren 1. fasean (apirila-urria), jardunbide egokia transferitzeko metodologia zehazten duen transferigarritasun-azterlana garatzen egin da lan. Urrian, URBACT programari eskatu zitzaion 2. fasea onets zezala. Azkenean, onetsi zen, eta abenduan abiatu. Bi urteko iraupena izanen du.

Iruña Hegoaldeko EDUSI

Iruña Hegoaldeko Hiri Garapen Jasangarri eta Integratuko Estrategia (EDUSI) 2016an egin zen, eta EEGF funtsen laguntza-deialdi batera aurkeztu zen. Onartu ez bazen ere, Udalak EDUSI gauzatzeko bost urteetan (2017-2021) 2,5 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuen. Helburu hauek ditu estrategia horrek: Azpilagaña, Milagrosa eta Santa María la Real auzoak eraberritzea ikuspegi integratu eta parte-hartzaile baten bidez. 2018an, DUSI estrategiaren koordinazio tekniko eta administratiboan egin du lan Estrategia Bulegoak, besteak beste: udal-alorrekin lankidetzan, proiektuak zehazten, bai eta aurrekontua kontrolatzen ere; 2018-2021 aldirako jarduketak biltzeko eta lehenesteko parte-hartze prozesu bat egiten (Partaidetzako alorrarekin lankidetzan); auzoko elkarbizitza hobetzeko sendotze-programa bat zehazten; etorkizuneko ekintzen plangintza egiten; Hirigintza Jarduketako Plan Berezia koordinatzen... Horrez gain, babesa eman zaio proiektu berriak martxan jartzeari: inkubagailu gastronomikoa, mikroinformatikako teknikari laguntzailea, elkarbizitzarako esku-hartze sozialeko proiektua, merkatarien elkarteari bultzada emateko plangintza...