Iruñeko Udalaren 2018eko memoria

HIRI-EKOLOGIAKO ZERBITZUA

  • Uso-populazioaren gaineko kontrola. Taconerako usategi ekologikoa jarri ostean, haren kudeaketa-plana garatu da. Horrez gain, Gazteluko plazako ostalariek aurkeztutako kexak direla eta, hegazti harrapari bidezko bigarren mailako proiektu bat abiarazi da. Bi hilabetez –irail eta azaroan–, hegazti harraparien aditu batzuen kontrolpean, Harris arranoak eta sakre belatzak erabili zituzten, eta inguruko usoak haizatzea lortu zuten, behintzat jateko orduetan.
  • Ingurumen-irizpideak txertatu dira udalerriko harresien, zubien eta zuhaitzen mantentze-lanetan. Fauna talde jakin batzuetan (saguzarrak, hegaztiak, anfibioak eta narrastiak) adituak diren pertsonen laguntzarekin, badaude kontserbazio-irizpide batzuk, zeinak Iruñeko harresien (Ziudadela, Frantziako Atea), zubien eta zuhaiztien (babes berezia behar duten espezieen koloniak edukitzen ahal dituzten zuhaitz zaharrak kimatzeko baldintzak zehazten dira) mantentze-lanetan inplikatutako udal-zerbitzuei deribatzen baitzaizkie.
  • Fauna-espezieak kontserbatzea eta mantentzea. Hiri Ekologiako Zerbitzuak fauna-talde jakin batzuei buruzko azterlanak egiten ditu, eta beharrezko ekintzak egiten ditu haien populazioak mantentzeko.
    • Hegazti ugaltzaileen adierazlea: 2009tik, Iruñeko hegaztien populazioa aztertzen da, maiatzaren erdialdera egindako transeptu baten bidez. Iruñeko hegaztien kontserbazio-egoera ona adierazten da 2018ko azterlanean. Hauek dira hegazti ugarienak: haitz-usoa (% 20), etxe-txolarrea (% 19), sorbeltz arrunta (% 12), kardantxiloa (% 6), eta mika arrunta (% 5).
    • Hegazti negutarren adierazlea: 2018tik, udalerriko ibai-ingurunean neguan egoten diren hegaztiei buruzko azterlan bat egiten hasi da; horrenbestez, ezin da joerei buruz hitz egin oraindik. 35 espezietako 890 hegazti identifikatu ziren, eta hauek nabarmendu ziren: mikak, zozo arruntak, ubarroiak eta txantxangorriak.
    • Aterpe-Refugio proiektua: Ilundain-Haritz Berri fundazioarekin elkarlanean, Iruñeko hegaztien populazioaren diagnostikoa egin ostean, hegaztiendako behar diren aterpeak edukitzeko helburua duen proiektu bat jarri da abian. Proiektu horretan proposatzen da habiak eta errutegiak jartzea (30 habi, apo-hontzendako; eta 8 errutegi, belatzendako), bai eta ikastetxeetan jarduerak egitea ere. Ikasleen laguntzarekin 89 habi-kutxa jarri dira hegazti intsektiboroendako, eta datuak Lorategi Zerbitzura igorri dira. Hauek dira datuak:

  • Ingurumen-irizpideak txertatzea udal-kontratuetan. Udal-zerbitzuetako bulegoko paper birziklatuaren hornikuntza-kontratuan aholkularitza egin da paper birziklatuaren ehuneko bat sartu eta paperetik kloro askea guztiz desagerrarazteko; eta, era berean, aholkularitza egin da komun publikoen garbiketa-kontratuan honako hauei buruz: garbiketa-produktuen etiketatze ekologikoa, bakterioestatikoen hornidura komunetan, zabor-poltsa biodegradagarriak komunean eta hondakinak kudeatzeko plan bat ezartzea.
  • Hiri-baratzeak. Ekologiako Zerbitzuak abian jarri du hiri-baratze komunitarioen sare bat, eta auzokideen elkarteei laga zaie haien kudeaketa. Gaur egun, honako hauek funtzionatzen dute: Alde Zaharreko hiri-baratzea, Pellejerías zokoan (La Piparrika elkartea); Txantreakoa, Adoain Aitaren kalean (Krispilak elkartea); eta Donibanekoa, Irantzuko monasterioaren kalean (San Juan-Xar elkartea). Ermitaldea elkarteak Mendebaldea-Ermitagañan baratze bat jartzeko proiektua aurkeztu du, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren albo batean dagoen gunean, Antonio Pérez Goyena pasealekuaren eta Arcadio María Larraona kalearen arteko gurutzean. Bestalde, Mendialdea Elkarteak Barkazio kalean dagoen Unión Deportiva Rotxapea elkartetik gertu dagoen espaziorako baratze-proiektua aurkeztu du. Oraindik ez da bi proiektuetako bat bera ere onartu. Horrez gain, Etxabakoitz auzoan aisialdirako eta gizarterako baratzeak egiteko proiektua lantzeari ekin zaio.
  • Konposta egiteko gune komunitarioa. 2018. urtean, bi eskaera jaso ziren konpostaje-eremuak abian jartzeko: bat, González Tablas kalean, Nafarroako Gobernuak baimendu zuena; eta beste bi, Sanduzelain, Reparaz doktorearen kalean eta Kaiko kalean. Konpostaje-eremu horiek jarri asmo diren espazioaren zailtasuna dela eta, diseinu-proiektu bat egitea eskatu zen (aldaketa egitea eta espaloia berriz berdetzea).
  • Edalontzi berrerabilgarria.
    • Udal-jabetzako edalontzi berrerabilgarria erabiltzen diren ekitaldiak: Auzoko festetan eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek antolatutako ekitaldietan, 87.772 edalontzi berrerabilgarri jarri ziren eskuragarri parte-hartzaileendako. % 24 inguru ez zen berreskuratu. 66.573 edalontzi berrerabilgarri garbitu dira.
    • Lokal eta antolatzaile pribatuek edalontzi berrerabilgarriak erosi dituzten ekitaldiak: Sanferminetan, 82 lokal eta udal-emakidek hartu zuten parte edalontzi berrerabilgarriaren udal-sisteman. Gutxi gorabehera, 500.000 edalontzi berrerabilgarri jarri ziren parte-hartzaileen eskura, eta 319.806 edalontzi garbitu ziren; % 36 izan zen itzuli gabekoa.
  • Agenda 21. Udala Nels Sareko kidea da; sare hori Nafarroako udalerrietako tokiko agenda 21ek osatzen dute. Sareak ematen dituen dirulaguntzak jasotzeko 4 proiektu aurkeztu ziren, eta 18.000 euroko dirulaguntza lortu zuten horietako bik: Aterpe-Refugio proiektuak eta hiri-baratze komunitarioen proiektuak.