"The sun also rises" - "Fiesta"

1925. Hori da Hemingwayk bere bizitza aldatzeko erabakia hartu zuen urtea. 1925eko sanferminek elkarrekin gurutzatzen diren istorio eta pertsonaia sorta bat eskaini zioten, eta bere lehen eleberri handia idaztera bultzatu zuten: ‘The Sun Also Rises’ 1925 mugarria izan zen Hemingwayrentzat, harrezkero ez zegoen atzera egiterik. Urte horretan lagun talde batek sanferminak goitik behera fotografiatu zituen: Erraldoiak, buruhandiak, jendea, zaldikoak, entzierroa, zezenak, peñak, kaleak, plazak, eta Iruñerrian barna egindako txango guztiak.

‘The Sun Also Rises’-en orrietan ere islatuta geratu ziren oroitzapenen album xehatua. Iruñean egindako argazkiek eleberrian erreproduzitzen diren uneak irudikatzea ahalbidetu zutela ematen du. Hemingwayk bazekien bere zoriontasunaren zati bat hiri txiki honetan zegoela.

1925eko sanferminen ostean Ernest Hemingwayk beste eleberri bat idazteari ekin zion. ‘The Sun Also Rises’-en lehen zirriborroarekin bi hilabete eman zituen. 1925eko uztailaren 13tik irailaren 15era bitarte amaitu zuen, Madril, Valentzia, Donostia, Hendaia eta Parisera egindako bidaien artean. ‘A Moveable Feast’ liburuan Hemingwayk azaltzen du bere emazte Hadley-rekin Schruns-era (Austria) joan zela eskuizkribuaren lehen erdia idazteko. Haren lagun eta idazle Scott Fitzgerald-ekin kontsultatu ostean, eleberria 1926ko urtarrilean amaitu zuen, eta New York-era hegan egin zuen argitaletxeari erakusteko. Schruns-era itzulita, liburua berrikusten amaitu zuen, eta 1926ko apirilean entregatu zuen.  Scribner’s argitaletxeak 1926ko urriaren 22an argitaratu zuen eleberria. Berehalako arrakasta izan zuen Estatu Batuetako kultura-munduan. ‘The Sun Also Rises’-ek, Iruña literatura unibertsalean txertatzeaz gain, literatura anglosaxoiari bira eman zion, hizkuntza soil eta zuzenagatik, eta deskribapen azkar, xehatu eta ia piktorikoengatik.

Bi hilabete eskasetan 7.000 ale saldu ziren. Bi urteren buruan zortzi inprimatze egin ziren. 1927an eleberria Erresuma Batuan inprimatu zen, ‘Fiesta’ izenburupean. Eleberria 1944an argitaratu zen lehen aldiz gaztelaniaz, Argentinan, Santiago Rueda argitaratzailearen eskutik.  Ernest Hemingway bere garaiko idazle-kazetaririk entzutetsuenetako bat bihurtzen joan zen. Hala eta guztiz ere, lagun fidelak mantentzen jakin zuen bizitza osoan zehar. Horietako bat Juanito Quintana izan zen, Quintana hoteleko jabea (Montoya eleberrian), zeinari ‘The Sun Also Rises’-en ale bat bidali baitzion, eleberriko bere alter egoak samindu bazuen barkamena eskatuz. Juanitok maitasun berarekin eta esker on handia agertuz erantzun zion.

NOR DA NOR "THE SUN ALSO RAISES”-EN

Bill Smith

Ernest Hemingwayren haurtzaroko laguna izan zen. 1925ean Parisen bizi zen (han lehen urratsak eman zituen pintore gisa) eta Iruñera sanferminetara joan zirenen talde famatuko kide izan zen. Haren izaerak ere ‘The Sun Also Rises’ eleberrian Bill Gorton pertsonaia osatzen lagundu zuen, nor eta Iruñetik Auritzera autobusez bidaiatzen “euskaldun hauek jende zoragarria dira” dioen hori. Estatu Batuetara itzuli zen, Halrold Loeb-ekin batera, zeinek gobernu-hitzaldiak idazteko kontratatu baitzuen, Truman presidentearenak idaztera ere iritsi zelarik (1945-1953).

 

Patrick Stirling Guthrie

Eskozian jaioa, haren aita, Walter Murray Guthrie, bankaria eta politikaria zen, eta haren amaz dirutza handia zuela esaten zen. Ezkondua eta ondoren dibortziatua, Lady Twysden ezagutu zuen Biarritzen, hura ere dibortziatu berri zela. Haien arteko harremana garai hartako Montparnasse-ko ‘love affair’ handietako bat bihurtu zen. Ez ziren inoiz ezkondu. 1925ean Iruñera heldu ziren lagun-taldeko partaide zen, eta Hemingwayk ‘The Sun Also Rises’-en islatu zuen, Mike Campbell pertsonaiaren izena hartuta. Diru arazoak zituen beti, baita edariarekin ere; 1932an bere buruaz beste egin zuen.

 

Donald Ogden Stewart

1894ko azaroak 30 – 1980ko abuztuak 2. Colombus-en jaioa (Ohio), Hemingwayk ‘The Sun Also Rises’ eleberrian Bill Gortonen pertsonaia sortzeko hartu zituen ereduetako bat da. Saint-Louis-eko jatetxe batean ezagutu zuen Hemingway, eta haien bideak berriz ere Parisen gurutzatu ziren, 1924an. Iruñean izan zen Hemingwayrekin batera 1924an eta 1925ean. Une hartan Stewart Estatu Batuetako idazle satirikorik famatuenetako bat zen. 1941ean gidoilari onenaren Oscar saria irabazi zuen Philadelphia story’ filmagatik. Eskubide zibilen defendatzailea, Macartismoaren etorrerarekin bat ‘Zerrenda beltzean’ sartu zuten. 1951ean Londresera erbesteratu zen, eta han hil zen, 1980an.

 

Mary Duff Stirling, Lady Twysden

1891ko maiatzak 24 – 1938ko ekainak 27. Garai hartan goi klaseko gizartearen giroan oso ezaguna, historiara pasatu da Brett Ashley pertsonaiaren eredu izan zelako, ‘The Sun Also Rises’ eleberrian, Hemingwayrekin batera 1925ean Iruñera joan zen lagun-taldearen parte izan baitzen. Hiru aldiz ezkondua, haren bigarren senarra Twysden-eko hamargarren baroia izan zen, eta horregatik bera Lady Twysden-en tratamendua eduki zuen. 1938an hil zen, 45 urterekin, tuberkulosiak jota.

 

Harold Albert Loeb

1891–1974. New Yorken jaioa, familia judutar batean, ama, Rose, Guggenheimdarrekin ahaidetua zegoen (Peggy Guggenheim, egungo museoen sustatzailea, haren lehengusina zen), eta aita bankari aberatsa zen. Garrantzitsua izan zen 1920ko urteetako arteen munduan Parisko estatubatuar atzerriratuen artean; giro horretan Hemingway ezagutu eta harremana izan zuten, eta garai hartan bikotekide zuen Lady Twysden-ekin batera elkarrekin joan ziren Iruñera, 1925ean. Harold Loebek Robert Cohn pertsonaia hezurmamitu zuen ‘The Sun Also Rises’ eleberrian. Idazlea eta argitaratzailea, egile garrantzitsuen lanak ere argitaratu zituen, besteak beste John Dos Passos-enak. Hiru aldiz ezkonduta eta horrenbeste aldiz dibortziatuta, Harold Albert Loeb Marrakech-en zendu zen, 1974an.