Smart Iruña Lab ekimenaren laugarren edizioa abiatu da Iruñean, espazio publikoan egiten diren proiektuetan probatzen diren benetako arazoei buruzko ideia berritzaileen eta eskalagarrien mintegia

Smart Iruña Lab ekimenaren laugarren edizioa abiatu da Iruñean, espazio publikoan egiten diren proiektuetan probatzen diren benetako arazoei buruzko ideia berritzaileen eta eskalagarrien mintegia
Gaurtik aurrera, eta azaroaren 28ra bitarte zabalik dago epea Smart City esparruan hiria sustatuko duten proiektu pilotuak aurkezteko
smart city

 

Iruñeak Smart Iruña Lab ekimenaren laugarren edizioa gauzatzeko ibilbideari ekin dio: benetako arazoei ikuspuntu berritzaileetatik aurre egin nahi dien ideia berritzaile eta eskalagarrien laborategia. Gaur eguerditik eta azaroaren 28ra arte, mugikortasunaren, energia-efizientziaren edo energia berriztagarrien arloetan ‘hiri adimendunaren’ (Smart city) kontzeptura egokitzen diren proiektu pilotuak aurkezteko interesa duten pertsonek eta enpresek aukera izanen dute beren ideiak garatzeko hautaketa-prozesu batean parte hartzeko.

Udalak hautatutako proiektuei proiektu pilotuaren diseinua egin eta neurrira garatzeko aukera emanen die, bai eta espazio publikoan probatzeko ere, ingurune erreal gisa. Bai eta berrikuntzari lotutako aholkularitza eta prestakuntza ere (negozio-ereduak, komunikazioa, networkinga, etab.), hautatuei proiektuei eta haien emaitzei buruz berri emateko bideak eskainita. Gaur goizean, Smart Iruña Lab proiektuaren oinarri berriak aurkeztu dituzte Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Carlos Andrés Uranga alor bereko zuzendariak. Programaren xedea da Iruña 2030 Hiri Agendan planteatutako hiriaren bilakaera-ildoetara hurbiltzea:jasangarritasuna, berrikuntza eta gizarteratzea.

Smart Iruña Lab martxan jarri da enpresa-berrikuntzari laguntzeko, lankidetza publiko-pribatua sustatzeko eta Iruñean irtenbide eta zerbitzu adimendun berrien esperimentazioa eta ezarpena errazteko, baina betiere herritarren bizi-kalitatea eta beharren arreta hobetzeko asmoarekin, eta, gainera, zerbitzu publikoen prestazioan eraginkortasun eta efizientzia handiagoa lortuz. Halaber, Iruñeak Smart City gisa nazioartean duen kokapena hobetzeko bide bat ere bada. 

Orain arte 9 proiektu inplementatu dira Smart Iruña Lab ekimenaren barruan, besteak beste, led argien lerroak jartzea garajeen irteeretan oinezkoen segurtasuna hobetzeko, gehien erabiltzen diren aparkalekuak hautemateko sentsoreak, eremu handietan dagoen pertsona kopurua kalkulatzeko algoritmoa, hiri-altzarietan kokatutako gailuekin sortutako energia garbia argiteria sare orokorrean txertatzeko interfazea eta soinu-presioaren neurketa sentsore akustiko adimendunen bidez.

Izen-emateak eta proiektuak baloratzeko irizpideak
Deialdian parte hartzeko, www.pamplona.es/eu udal-webgunean programarekin lotutako agiriekin batera dagoen eskabide-orria bete behar da (oinarriak eta proiektuak aurkezteko formularioa https://www.pamplona.es/eu/smart-iru%C3%B1a-lab webgunean deskargatzen ahal dira). Eskabideak bete eta helbide elektroniko honetara bidaliko dira: smartirunalab@pamplona.es.

Oinarrien araberako irizpide hauetan oinarrituta baloratuko dira aurkeztutako proiektuak: jatorria (ekintzaile bat edo batzuk edo enpresa bat), enpresa zenbat eta txikiagoa eta tokikoa izan, orduan eta puntuazio hobea eskuratuko da; proiektu pilotua Iruña 2030 Hiri Agendaren lehentasun batzuekin lerrokatzea; beste hiri batzuetan frogatutako proposamenak –betiere modu ez komertzialean –, Iruñeko benetako arazo bat konpontzea bilatzen dutenak eta "eskalagarriak" direnak. Gainera, proiektu pilotua martxan jartzeak sustatzaileengan, enpresan eta Iruñeko hirian izan dezakeen eragina baloratuko da.

Halaber, kontuan hartuko dute proiektu pilotua Arrotxapean garatzen ari den oPEN Lab Europako proiektuarekin lerrokatuta dagoen. Izan ere, udal-programa hori 2018an abiatu zen, oPEN Lab proiektuarekin lotutako lan ildo gisa, Europar Batasuneko Horizonte 2020 Ikerketa eta Berrikuntza Programaren finantzazioarekin. oPEN Lab ekimenak energetikoki positiboak diren auzoak sortzea du xede, elkarrekin sortzean oinarritutako metodologien eta living labs-en bidez eta helize laukoitza osatzen duten eragileen (administrazioak, I + G+ b, herritarrak eta enpresak) parte-hartzearekin.

¿Te ha sido útil esta página?