Eguberriko argien instalazioa aurrera doa Iruñeko kaleetan barna, estreinaldiaren egunean –azaroak 30, astelehena– prest egon dadin. Alde Zaharreko, Zabalguneko eta hiriko auzoetako 87 kale eta plazatan apaingarriak jarriko dira: kale-argietan 149 daude, zuhaitzetan, 26, eta, horrez gain, 204 arku eta zoruko 25 irudi jarri dira apaingarri gisa Gainera, argiak bereziak izanen dira Gazteluko plazan, Udaletxe plazan, Udaletxeko eta Gayarre antzokiko fatxadetan, Karlos III.aren etorbidean, Merindadeen plazan eta Vianako Printzearen plazan.
Eguberrietako argi eta apaingarrien kontratua urriaren 15etik 2027ko urtarrilaren 31ra bitarte egonen da indarrean, azken hura baita argiak kentzeko epemuga. Kontratua Iluminaciones Ximénez SAU enpresario adjudikatu zitzaion 401.386,10 euroan (BEZa barne). Kontratuak hiru luzapen izaten ahalko ditu, Eguberrietako kanpainetarako 2030. urtera arte. Hiru luzapenak egiten badira aurreko kanpainetan erabili ez diren elementu, arku eta apaingarriak jarriko dituzte. Argi guztiak LED teknologiakoak dira.
Kontratuak honako hauek barne hartzen ditu: Eguberrietako kanpainako apaingarrien eta argien alokairua, muntaketa, mantentze-lanak eta desmuntaketa Iruñeko ardatz komertzial eta turistiko nagusietan, erdigunean zein auzoetan. Auzoetako argiei dagokienez, Eguberrietako argiak eta apaingarriak zentralizatzen dituzten intereseko puntuak ezarri dira; puntu horietan lurreko egiturak eta Eguberrietako beste apaingarri batzuk eta altuerako argiak jarriko dira. Kale nagusietan, apaingarriak faroletan jarriko dira gehien bat.
Azaroaren 30ean piztuko dira argiak: azaroaren 29an, igandearekin, San Saturnino egunarekin batera, hauteskundeak eginen direnez, jaieguna astelehenera pasako da Iruñeko lan-egutegian. Azaroaren 30ean, Argiluna ikuskizuna eta Udaletxeko ezkaratzeko jaiotzaren inaugurazioa eginen dira argiak piztu aurretik. Argiak 2027ko urtarrilaren 6ra arte egonen dira ikusgai. Oro har, argiak 17:45etik 23:00etara arte egonen dira piztuta; abenduko eta urtarrileko ostiral eta larunbatetan, argiak goizaldeko 01:00etan itzaliko dira, eta Eguberrietako jaiegunen bezperetan, abenduaren 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean, argi horiek goizaldeko 02:00etan itzaliko dira.