Matthias Malefond frantziar jatorriko artista polifazetikoak Ez dira pasako sormenezko proiektua jarri du ikusgai Ziudadelako Labean: euskal musika tradizionala du oinarri erakusketak, eta soinua, eskultura eta instalazio plastikoa uztartzen ditu. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egindako arte- eta ikerketa-egonaldian ekin zion artistak erakusketari, udaberrian, zentro horrek Etxepare Euskal Institutuarekin eta Zébra3 gunearekin batera bultzatutako Kometak proiektuaren barruan. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak diruz laguntzen du egitasmoa, eskualdeetako sortzaileen eta kultur eragileen arteko harremanak sendotze aldera, baita sorkuntza garaikidearen inguruko mugaz gaindiko zirkulazioa eta lankidetza sustatzeko ere. Urtarrilaren 24ra arte bisitatzen ahalko da erakusketa, eta gaur goizean aurkeztu dute Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zuzendariak eta egileak berak.
Musika kontzeptu-ardatz gisa
Hainbat diziplina artistikotako hiru lanez osatuta dago proiektua, eta interes komun batek lotzen ditu hirurak: errepikatzea, lekuz aldatzea eta eraldatzea. Kontzeptuari dagokionez, euskal musika tradizionalari buruzko ikerketa du ardatz, batez ere ahotsean eta klarinetean oinarrituta. Peru Galbeterekin egindako grabaketak eta Amaren Alabak taldearenak egilearen grabazioekin uztartzen dira, eta artistak egindako horietan ehundura elektronikoak eta soinuak tartekatzen dira. Oinarri hori abiapuntu hartuta, soinua material espazial bihurtzen da; irudia, berriz, konposatzeko elementu, eta eskultura, forma horiek higitzen dituen espazio.
Musika da ardatz nagusia, eraldatzen duen, gainjartzen den eta higitzen den materiala baita. Osagai guztiak aztertuz gero, eskulturan ageri diren gaiak, errepikapenak eta bukleak musikaren bidez garatutako egituretan islatzen dira. Bideoak magnolia du abiapuntu, eta landare horrek bide ematen du paisaiaren inguruan hausnartzeko, hura eraikitzeko eta haren ikuspegia transmititzeko. Testuinguru horretan, musikak irudiak lagundu eta eraldatu egiten ditu.
Ez dira pasako instalazioa
- Matthias Malefond
- Tokia: Ziudadelako Labea
- Datak: azaroaren 20tik 2027ko urtarrilaren 24ra
- Honako hau da erakusketa bisitatzeko ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30et