Bi kutxa eta lorategi bat, horra hor Arrosadiko Guelbenzu zinema-aretoak berritzeko eta aktibatzeko proiektu-lehiaketaren irabazlea: Jorge Tárrago Mingo arkitektoa buru duen taldearen proposamena da, eta 20.000 euroko saria jaso du. Arrosadia, auzoan ezin hobe Jarduketa Plan Integratuaren barruan daude Guelbenzu zinema-aretoak birgaitzeko lanak. Eskualde Garapeneko Europako Funtsek (EGEF) finantzatu dute plana, garapen jasangarria eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa sustatzea helburu hartuta.
Honako hauek idatzi dute Bi kutxa eta lorategi bat: Rubén Alcolea Rodríguez, Susana Calderón Risquete eta Manuel González Torrado arkitektoek eta Carlos Durán Drake arkitekto teknikoak. Proposamen irabazleak hauxe planteatzen du: bi bolumen edo “kutxa” eraikitzea, eta bertan, hurrenez hurren, liburutegia eta erabilera anitzeko aretoak ezartzea zinema-areto zaharren jatorrizko bolumenaren barruan. Gainerako espazioa libre utziko da egoteko, elkartzeko eta harremanetan jartzeko plaza gisa. Epaimahaiak nabarmendu duenez, proposamenari esker plaza publiko bat sortuko da hainbat eskala eta atmosferatan, eta horrek aukera emanen du aldi berean eta modu organikoan askotariko jarduerak egiteko. Gutxi gorabehera 6 milioi euroko prezioa dute proposamenean txertatutako lanek.
Eraikinaren eremu guztiak hartu-emanean daude, hala bisualki nola fisikoki, eta, hortaz, eraikina oso intuitiboa da, eta zabala dela hautematen da. Gainera, gunearen aztarna fisiko eta immaterialak balioan jartzen ditu proposamenak, eta oreka ezartzen du identitatearen eta esku-hartzearen artean. Kontuan hartu da eraikinak ingurunearekin bat egitea, eta planteamenduak egungo eraikinaren balio historiko, arkitektoniko eta sinbolikoa errespetatzen ditu. Halaber, epaimahaiak azpimarratu du diseinuak irtenbidea aurkitzen diola sarbideen auziari, baita kanpoko espazio publikoarekiko harremanari ere.
Proposamen irabazlearen xehetasunak, epaia emate aldera epaimahaiak aditzera emandako irizpideak eta egitasmoaren hurrengo urratsak azaldu dituzte Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak eta Maialen Ariz Sarasketa Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko zuzendariak. Hautatutako proposamena urtarrilean aurkeztuko da publikoki, herritarrei irekitako informazio-saio batean: behin betiko proiektua idatzi aurretiko ekarpenak eta iradokizunak jasoko dira bertan. Aurreikuspenen arabera, datorren hilabeteetan idatziko da egikaritze-proiektua, eta helburua da lanak urteko lehen seihilekoan lizitatzea eta 2027ko azken hiruhilekoan hastea.
5.000 euroko lau accesit aurkeztutako 32 proposamenen artean
Aipatu moduan, proposamen irabazleak 20.000 euroko saria eskuratu du, baina, horrez gain, epaimahaiak lau accesit eman ditu lehiaketaren oinarriei jarraikiz. Hala, aurkeztutako 32 proposamenen kalitate handia egiaztatu da. Proposamen hauek izan dira sarituak: Diego Ibáñez Lahoz arkitektoa buru duen taldearen Agora (Alejandro Díaz Pérez, Leire Segurola Solana, Andrés Moreno Hernández eta José Augusto Alda Catalán); Mikel Perea Lópezen taldearen Kultura anitzeko lorategia (Alberto Miranda Santafé, Javier Oyanarte Gallego, Carolina Ábrego Jiménez, Oscar Campión Mezquiriz eta Juan José Visus Fandos); Raúl Montero Martínez buru duen taldearen Oreka (Emilio Pardo Rivacoba, Eduardo Dipré Mazza, Damián Plouganou Bastianelli, Marc Buxó Torrent eta Francisco Barrios Aranaz); eta Laura Hernández Sanz arkitektoa buru duen taldearen guelbenZU (Jokiñe Crespo Garbisu, Oscar Mongay Jiménez eta Ignacio Cordero Fort). 5.000 eurokoa da accesit bakoitza.
Agora proposamenari buruz, epaimahaiak hauxe nabarmendu du: batetik, materialak eta koloreak modu egokian erabili izana, gunearen balio historikoak berreskuratzeko nortasun-tresna baitira; eta, bestetik, proposatutako proiektuaren kalitate espaziala oro har. Kultura anitzeko lorategia proposamenari dagokionez, berariaz azpimarratzen da kokapenaz, plaza publikoa baliatzeko eraz eta kanpoko bolumetriaren tratamenduaz bezainbatean proposatutako antolamendu berezia. Izan ere, era askotako irtenbideak mahaigaineratzen ditu planteatutako erronkak behar bezala ebazteko. Oreka proposamenari, berriz, oso adierazgarria dela aitortzen zaio: aurretik zegoen eraikinaren balio arkitektonikoa eta izaera bere horretan mantentzen ditu. Azkenik, guelbenZU proposamenaren funtzionaltasuna eta estrategia argia eta soila nabarmendu du epaimahaiak.
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkaria izan da epaimahaiburu, eta sei epaimahaikide hauek osatu dute lehiaketaren epaimahaia: Maialen Ariz Sarasketa Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko zuzendariak; Alba Lorente De Diego Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SAko arkitektoak; Margarita Asenjo Lozano PCH-IB SAko arkitekto teknikoak; Soledad Castiella Ramírez Udaleko arkitektoak; Aitor Acilu Fernández arkitektoak, Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak izendatuta; eta Arantzazu Luzarraga Iturrioz arkitektoak, EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak izendatuta.
2003az geroztik erabili gabeko eraikinak onera ekarriko du auzoko kultur bizitza
Guelbenzu zinema-areto zaharrak 1963an ireki ziren, eta erabili gabe egon dira 2003an behin betiko itxi zirenetik. Hala, zinema-aretoak birgaitzeko proiektuak xede du eraikina erreferentziazko azpiegitura publiko bihurtzea, horrekin batera kultura-, hezkuntza- eta komunitate-jarduerak bultzatzeko, gizarte-kohesioa indartzeko, eta lagungarri izateko Arrosadia berroneratu dadin. Epaitu den proiektu-lehiaketaren oinarriak honako hauek dira: Arrosadian egun dagoen liburutegia lekualdatzea, jarduerak egiteko erabilera anitzeko aretoak sortzea, eta eraikinaren barruan erabilera libreko plaza publiko bat sortzea babesleku klimatiko, egonleku eta topaleku gisa.
Parte hartzeko prozesuko hausnarketa eta proposamenetako asko oinarrietan txertatu dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalak bultzatu zuen prozesu hori, Guelbenzu zinema-aretoak gerora izanen zituen erabilerak zehazteko. Arrosadiko Bulego Berdeak egin zuen parte hartzeko prozesua lantegien, bileren eta eraikinera egindako bisiten bidez: Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SA udal-enpresak kudeatzen du bulego hori. Bizilagunek, auzoko erakundeek, elkarte-ehunak eta beste eragile batzuek aukera izan zuten gerora eginen den azpiegituraren erabileren, arkitekturaren eta nortasunaren inguruan gogoeta egiteko.
Eraikina erabat birgaitzeko proposamenak egin behar ziren, irizpide hauei jarraikiz: jasangarritasuna, energia-efizientzia, irisgarritasun unibertsala, arkitektura-kalitatea eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa. Era berean, erantzuna eman behar zioten azpiegiturarako zehaztutako beharren programari, eta espazio publikoaren eta auzo osoaren arteko harremana sendotu behar zuten.