500 lagun baino gehiago parte hartzen ari dira Mintzakide euskarazko mintzapraktika programaren 2026-2027ko edizioan

500 lagun baino gehiago parte hartzen ari dira Mintzakide euskarazko mintzapraktika programaren 2026-2027ko edizioan
Zabalik jarraitzen du ekimenean izena emateko epeak, eta, ikasturte honetan, A2 maila eta hizkuntza ulertzeko gaitasuna dutenek ere parte hartzen ahalko dute

500 lagunek osatzen dute Mintzakide, eta doan ematen da Iruñeko Udalak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak sustatzen duten euskarazko mintzapraktika programa. Irailean 2026-2027ko ikasturterako izena emateko epea ireki zenetik, ehun pertsona inguruk egin dute bat ekimenarekin. Mintzakide programak xede du parte-hartzaileek hitz-jarioa hobetzea eta hitz egiterakoan konfiantza hartzea, bai eta hirian harreman pertsonalak euskaraz eraikitzen laguntzea ere. Berritasun nagusi gisa, ikasturte honetan, programan parte hartzen ahalko dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A2 mailan euskaraz ulertzeko gaitasuna dutenek.

Izena emateko epeak zabalik jarraitzen du Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren webgunean eta aurrez aurre auzoetako euskaltegietan. Argibide gehiago jasotzeko, idatzi mintzakide@taupamugimendua.eus helbidera.

Mintzakide programak 20 urtetik gorako ibilbidea du, eta euskaraz hitz egin nahi duten 16 urtetik gorako pertsonak biltzen ditu talde txikietan, ordubeteko edo ordu eta erdiko saioetan. Eginen diren jarduerak eta topalekua parte-hartzaileek aukeratzen dituzte. Euskaraz aritu nahi direnak ‘bidelariak’ dira; laguntzen dieten euskaldunak, berriz, ‘bidelagunak’.  Aurtengo edizioan, talde berriak martxan daude dagoeneko Iturraman, Erripagañan, Zabalgunean, Txantrean eta Alde Zaharrean, eta, horrez gain, aurrez ezarritako taldeak daude. Berritasun gisa, ‘Ulerlagun’ izeneko talde bat jarri dute martxan: A2 maila duten eta hizkuntza ulertzeko gaitasuna duten pertsonei zuzenduta dago. Programak online modalitatea ere barne hartzen du: talde batean sartzeko zailtasunak dituzten edo kanpoan bizi diren pertsonei zuzenduta dago, eta, dagoeneko, mota horretako 10 talde eratu dira. 

Ohiko taldeez gain, gai eta zaletasunei lotutako taldeak ere badaude, hala nola mendi-irteerak, antzerkia eta joskintza; horiek ere harrera ona izaten ari dira. Interes jakinen bat duen edozeinek talde berri bat sortzea sustatzen ahal du. Programazioak, halaber, batera egiteko jarduerak barne hartzen ditu, hala nola abenduaren 6an Durangoko azokara eginen den bisita: hainbat probintziatako parte-hartzaileak elkartuko dira bertan. Aurreikuspenen arabera, Iruñeko lehenengo Mintzodromo ibiltaria urtarrilean antolatuko da: proposamen horrek gonbidatu bereziekin hitz egiteko aukera emanen du, bai eta opariez eta sorpresez gozatzeko ere. 


MINTZAKIDE 2026 - 2027

•    Izena emateko epea zabalik dago Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren webgunean

  • Gutxieneko euskara maila: A2
  • Adina: 16 urtetik gorakoak
  • Tokia: taldeek erabakitzen dute zer gune publikotan bilduko diren astean behin
  • Jarduera osagarriek aberasten dute programa
  • Argibide gehiago, hemen: mintzakide@taupamugimendua.eus
     
¿Te ha sido útil esta página?