
Iruñeko Udalak herritar guztien eskura jartzen ditu zentro komunitario guztiak, topagune gisa erabil dezaten, bertan jarduerak egin ditzaten eta elkarte-bizitza sustatzeko. Martxoaren 18ra bitarte irabazi-asmorik gabeko entitate orok eska dezake zentro komunitarioak erabiltzea, entitate erabiltzaile egonkor gisa jarduerak egiteko.
Iruñeak hamaika zentro komunitario ditu, honako auzo hauetan: Buztintxuri, Etxabakoitz, Ermitagaña, Mendillorri, Milagrosa, Azpilagaña, Arrotxapea, Sanduzelai, Lezkairu, Alde Zaharra eta Txantrea. Zentro komunitarioak Udalaren lokalak dira, auzotarrek erabiltzekoak, irekiak, erabilera anitzekoak eta integratzaileak. Auzoetan lokal batean edo batzuetan eduki dezakete egoitza, eta Iruña zentro komunitarioen sare batez hornitzen dute, elkarte-bizitza sustatzeko eta herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzeko xedez.
Entitate erabiltzaile egonkorrak izan nahi duten elkarteek eskabide bat bete behar dute, bai eta honako agiri hauek aurkeztu ere: elkartearen nortasun juridikoa egiaztatzekoak, estatutuak, Herritarren entitateen udal-erroldan izena eman izanaren gaineko ziurtagiriak edo memoria bat, azaltzeko zer jarduera edo erabilera egin nahi dituzten zentro komunitarioan. Argibiderik jaso nahi izanez gero, 948 420 510 telefonora deitu daiteke, centroscomunitarios@pamplona.es posta-helbidera edo Komunitate Ekintzako Alorrera (Zapatería k. 40, 3. sol.) idatzi edo Udalaren www.pamplona.es/eu/accion-comunitaria webgunera jo.
Zentroen funtzionamendu-arauak eta esleipen-irizpideak
Eskabideari atxikita daude zentro komunitarioen funtzionamendu-arauak. Honakoa da haien ohiko ordutegia: astelehenetik ostegunera eta igandeetan zein jaiegunetan, 08:00etatik 22:00etara; ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan, ordutegia luzeagoa da, 08:00etatik 24:00etara. Zentro komunitarioa erabiltzen duten pertsona eta kolektibo guztien ardura da Zentroaren barne-araubidea ezagutzea, betetzea eta betearaztea. Halaber, instalazio eta bitarteko material komunitarioak errespetatu, zaindu eta mantendu behar dira. Berariaz debekatuta dago Zentro Komunitarioan eduki diskriminatzaileko mezuak edo pertsonen intimitatearen eta ohorearen kontrakoak hedatzea, bai eta irabazi-asmoa duten entitateen publizitatea egiten dutenak ere.
Zentroetako guneak erabiltzeko esleipen-irizpideak bat etorriko dira zentro komunitarioak arautzen dituen ordenantzaren helburu eta xedeekin. Esleipenetan, kontuan hartuko da erabilera-eskaera egin duten entitateek edo elkarteek irabazi-asmorik ez izatea edo haien xedeetako bat izatea herritarren parte-hartzea sustatzea, elkartegintza garatzea edo jarduerak sortzea auzoetan elkarrekin bizi diren pertsonen eta kolektiboen behar eta interes zehatzetatik abiatuta. Gune bera erabiltzeko lehiarik egonez gero, zenbait irizpide hartuko dira kontuan, hala nola egin nahi den jarduera espaziora egokitzea, jardueraren gizarte-eragina edo auzoan duen errotze-maila.
Zentro komunitarioez entitate erabiltzaile egonkor gisara baliatzeko, hitzarmen bat sinatu behar da Udalaren eta erabilera egonkorrerako lizentzia lortu duten entitateen artean. Erabilera-baimenaren iraupena ezin izanen da izan lau urtetik gorakoa, Zentro komunitarioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan jasota dagoenarekin bat.