‘Iruñaldiari’ hasiera emanen zaio udal-agertokietan: datorren larunbatean, ‘Amour’ keinu- eta maskara-antzezlana taularatuko dute Pompelo Civivoxean

‘Iruñaldiari’ hasiera emanen zaio udal-agertokietan: datorren larunbatean, ‘Amour’ keinu- eta maskara-antzezlana taularatuko dute Pompelo Civivoxean
Halaber, ‘Lur’ kontzertua barne hartzen du Pompelo Civivoxeko programazioak: Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok emanen dute azaroaren 14an (larunbata)
Iruñaldia


Pompelo Civivoxean, larunbatean, 19:00etan, Marie de Jongh konpainiak Amour keinu- eta maskara-antzezlana oholtzaratuko du; haurrei zein helduei zuzenduta dago. Ikuskizun poetikoa Iruñaldiaren programazioaren barruan dago eta MAX eta FETEN sariak jaso ditu: arte eszenikoen esparruko aintzatespenik garrantzitsuenetako bi. Iruñaldiak udal-agertokietan antolatutako programazioari hasiera emanen dion antzezlanerako sarrerak 10 euroan daude salgai pamplonaescultura.eu/eu eta jaialdiaren webguneetan.

Udalaren espazioetan antolatutako emanaldien artean Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok Lur kontzertua emanen dute: azaroaren 14an, larunbata, 19:30ean, Pompelo Civivoxeko agertoki berean. Aurretik, dantzaren zaleek Aztarnak. Mihise gaineko dantza doako performanceaz gozatzeko aukera izanen dute: Kresala Dantza Taldeak eginen du, 12:30ean, Udaletxe plazan. 

Keinu- eta maskara-antzerkia
Amour hitzik gabeko ikuskizuna da eta Jokin Oregik, Ana Meabek eta Pio Ortiz de Pinedok interpretatzen dute. Lanak maitasuna eta gorrotoa banatzen dituen lerro finari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen die ikusleei, antzerkia emozioak, hausnarketak, zalantzak eta ziurtasunak partekatzeko topagune gisa ulertuta.

Lanak dena hastear dagoen herrialdean jolasean ari diren ume batzuk erakusten dizkigu. Mundua deskubritzen dabiltza, beren unibertsoa itxuraldatuz. Nagusiak imitatzen dituzte, ausart eta ozar. Maitatzeko gai direla sinistuta daude, maitasunaren sakonera arrotza zaien arren. Badute usainen berri, badakite azala zer den, fereka, abandonua, aterpea, desira. Orainean bizi dira. Eta bat-batean, hirurogeitik gora urte igaro dira. Eta paradoxa: ezin etsaia lagun bihurtu maitasunaren egiazko esanahiaz aspaldi jabetu ziren arren. Badakite denbora iragana dela. Ez dakite, ordea, maitasunak beti ematen duela aukera bat. 

Iruñaldiaren hirugarren edizioa
Iruñaldia euskarazko kultura garaikideko jaialdiaren hirugarren edizioa azaroaren 5etik 14ra bitarte egiten ari da hiriko hainbat agertokitan. Ekimena Iruñeko Udalaren eta Loraldiaren arteko lankidetzatik sortu zen eta Euskarabideak eta Laboral Kutxak babesten dute. Horrez gain, jaialdiak NAIZ komunikabidearen eta Iruñean euskararen eta kulturaren esparruekin lotura duten eragileen laguntza ere badu. Besteak beste, Euskalerria Irratia, Katakrak, Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topagunea, Laba eta Geltoki.

Programazio osoa Iruñaldiaren webgunean kontsultatzen ahal da. Sarrera behar duten jardueretarako sarrerak webgune horretan bertan eskuratzen ahal dira, bai eta pamplonaescultura.es/eu webgunean ere, Civivox sarean egiten diren jardueren kasuan. Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Gayarre antzokiaren webguneetan barruti horietan antolatutako ikuskizunetarako sarrerak daude eskuragarri. 


2026KO IRUÑALDIA. AZAROAK 5–14

  • Azaroak 7, larunbata

    • Amour, Marie de Jongh. Familia-antzerkia. Pompelo Civivoxean, 19:00etan. Prezioak: 10 eta 8 euro

  • Azaroak 8, igandea

    • Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko, Gotzon Barandiaranen Galbahea liburuaren inguruko poesia eta musika. Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Prezioak: 10 eta 8 euro 

  • Azaroak 10, asteartea

    • 1:1 Eskala, musika eta bertsolaritza Olatz Salvadorren eta Alaia Martinen eskutik. Laban, 19:30ean. Prezioak: 10 eta 8 euro 

  • Azaroak 12, osteguna

    • Amaitasunaren lorratzak, musika eta poesia Maddi Etxeberriaren eta Txomin Hegiren eskutik. Karrikirin, 19:30ean. Prezioak: 10 eta 8 euro

  • Azaroak 13, ostirala

    • Nogen. 10. urteurrena kontzertua. Gayarre antzokian, 20:00etan. Prezioak: 15 eta 12 euro 

  • Azaroak 14, larunbata

    • Aztarnak. Mihise gaineko dantza, Kresala Dantza Taldearen performancea. Udaletxe plazan, 12:30ean. Doan

    • Lur kontzertua, Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio. Pompelo Civivoxean, 19:30ean Prezioak: 10 eta 8 euro 

¿Te ha sido útil esta página?