
Ziudadelako Arma aretoan, larunbatean, 11:00etatik 13:30era bitarte idazketa-lantegi elebiduna eginen da, euskaraz eta gaztelaniaz, La memoria es una hoja en blanco / Memoria orri zuri bat da izenburupean. Iñigo Satrustegik emanen du kontakizunari eta oroimenari buruzko saioa eta sarrera librea da, leku guztiak bete arte. Jarduera Hemen ez den leku bat erakusketa kolektiboaren osagarria da: Arma aretoko lehen solairuan egonen da ikusgai 2027ko urtarrilaren 24ra bitarte.
Idazketa-lantegian oroimenean eta kontakizun indibidual eta kolektiboetan sakonduko da. Xedea da orri zurien gainean hitzak idatzi eta haien artean lotzea istorio berrietan bizitza hartu dezaten. Oroimena eraikuntza-prozesu gisa agertzen da Hemen ez den toki bat erakusketako lanetan: Nagore Chivite Lizarraga, Ainhoa Apeztegia Extramiana eta Leire Lacunza Miranda artista garaikideen obrak barne hartzen ditu, Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bildumako artelanekin batera, Jone Rubio eta Elena Olave erakusketako komisarioek hautatuak.
Lantegia Arma aretoan ikusgai dagoen erakusketaren hiru bitartekaritza-jardueretan lehenengoa da. Abenduaren 12an, ostirala, 18:00etan, Carmen Rodríguez Conesak musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen Carmasutra izeneko kontzertua emanen du. Hurrengo lantegia datorren urtean eginen da, zehazki, urtarrilaren 16an (larunbata) 11:00etan, Ingurua izendatuz gerorako lur bat malgutuz izenburupean: Ane Zubeldia Magriña idazlearen Kontra (Susa, 2025) liburuan agertzen den aipu bat da. Lantegi hori euskaraz emanen dute Ainhoa Apeztegia eta Nagore Chivite idazleek eta aldez aurretik izena eman behar da cultura@pamplona.es helbide elektronikoan.
Hemen ez den leku bat erakusketaren jarduera osagarriak
2026ko azaroaren 7an, larunbata, 11:00–13:30:
La memoria es una hoja en blanco / Memoria orri zuri bat da
Idazketa-lantegia Iñigo Satrustegiren eskutik.
Sarrera librea, leku guztiak bete arte