Iruñeko Udalak Lekuko programa abiarazi du, ekintzaileei eta merkatariei negozioen belaunaldi-aldaketan aholkularitza emateko

Iruñeko Udalak Lekuko programa abiarazi du, ekintzaileei eta merkatariei negozioen belaunaldi-aldaketan aholkularitza emateko
Helburua da hiriko saltoki txikizkarien nahi gabeko itxierak saihestea, merkatariei eta ekintzaileei ematen zaien laguntzari esker
Fitxategi



Hiriko merkataritza biziberritzeko asmoz, Iruñeko Udalak Lekuko programa jarri du abian. Ekimenari esker, harremanetan jartzen dira beren saltokietan belaunaldi-aldaketa nahi duten merkatariak eta ekintzaileak. Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak eta Carlos Andrés Uranga alorreko zuzendariak programaren berritasun garrantzitsuenak aurkeztu dituzte gaur goizean. Programa oinarrituta dago ixteko arriskuan dauden negozioen eta ekiteko interesa duten pertsonen aurretiazko ikerketa batean.

Gaur egun, INEko Enpresen Direktorio Zentralaren arabera 4.075 negozio txikizkari daude hirian, eta horietatik 60k ehun bat urte dituzte. Helburua da, batetik, jakitea negozio horietako zenbatek duten ixteko arriskua, haien jabeek laster erretiroa hartzearen ondorioz; eta, bestetik, negozio horien ardura hartu nahi duten ekintzaileen poltsa bat ezartzea. Horretarako, Udalak mapaketarako tresna digital bat egitea enkargatu du, eta horri esker, triaje-prozesu baten bidez, ixteko zorian dauden negozioak behar beste denboraz hautemanen dira. 

Triaje hori egiteko, hiriko negozioei inprimaki bat bidaliko zaie, erregistratutako merkataritza-jarduera guztiak barne hartuta. Diseinatuko den tresna sektoreko komunikazio-kanal ohikoetara egokitu beharko da, bai helbide elektronikoetara bai mugikorreko mezularitzara; tresna horrek funtsezko bideetatik igaro beharko du, ahalik eta direktorio osoena egiteko. Sortuko den galdera-sortak formatu aproposa izan beharko du, negozioak jarduera-segmentuen eta eskualdatu edo ixteko geratzen den denboraren arabera sailkatzeko, erabaki horiek hartzeko arrazoiak kontuan hartuta. Ildo horretan, lekualdatze horren arrazoia zehaztu beharko da; Arrazoi horietako batzuk dira adina, senide batek ez ordeztea, kontziliatzeko zailtasuna, besteak beste. 

Zerrenda hutsa bihurtzeaz gain, tresna digitalak alerta goiztiarreko sistema izan nahi du, Iruñeko negozio txikien egoera banan-banan monitorizatu eta belaunaldi-aldaketarako prozesuak aurreratzeko. Horregatik, tresna ahalik eta osoena izan behar da, eta datu hauek barne hartu beharko ditu direktorioan: azalera, negozioaren dimentsioa eta kokapena, egungo egoera-orriak, negozioari lotutako kontratuak, eta negozioaren balorazio-tartea eskualdatzeari begira. Direktorioa eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da galdera-sorta eraginkorra izatea eta erraz eguneratzeko gaitasuna izatea. 

Identifikatzea, aholkuak ematea eta eskualdatzea
Udalaren helburua da tresna hori urte bukaerarako garatzea, 2025eko lehendabiziko hilabeteetan hiriko negozioei buruzko informazioarekin elikatzeko. 

Dagoeneko eskuragarri dauden datu horiek baliatuz, ixteko arriskuan dauden negozio horiek identifikatuko dira. Negozio horiek izena ematen ahalko dute Lekuko programaren aholkularitza-, prestakuntza- eta laguntza-planean, salmenta- eta eskualdatze-prozesuan laguntzeko. Hain zuzen ere, aholkularitza-lan hori programaren beste ardatzetako bat da. Laguntza horren bidez, neurri zuzentzaileak eta laguntza-neurriak martxan jarriko dira, eskualdatze antolatua prestatu, zabaldu eta gauzatzeko. 

Jarduera ekonomikoaren araberako interes-taldeak sortu eta gero, parte hartu nahi duten negozioen eskaerak eta negozio baten ardura hartu nahi duten pertsonen eskaerak bilduko dira. Une horretan aholkularitza-fasea jarriko da martxan. Fase horretan aldeen arteko elkarrizketak eginen dira, finantzaketa-azterketak eta dirulaguntzak eginen dira, eta probaldi baterako konpromisoa sinatuko da; horren ondoren, salerosketa-kontratu bat sinatuko da. 

Lokala Mercaderes kalean
Mercaderes kaleko 11. zenbakiko udal-lokala merkatarien eta ekintzaileen topagune izanen da. Udalak espazio horren egokitzapen-lanak hasi ditu, eta bertan Lekuko programan izena eman duten negozioetarako prestakuntza-ikasgelak izanen dira. 

Lokalak 176 m2-ko azalera du, beheko solairuan, solairuartean eta sotoan banatuta. Gehiena, azaleraren 107,37 m2, arreta, kudeaketa eta bulego eremu gisa egokituko da, merkataritza sektoreari zerbitzuak eskaintzeko.  Lokalak “Lekuko Aretoa” hartuko du. Lokalak 36 metro karratu inguru ditu, eta bertan Iruñeko negozioetako titularrekin laguntza- eta babes-jarduerak eginen dira, betiere negozio horiek belaunaldi-aldaketarako prozesuan edo eskualdatze-prozesuan badaude edo ekintzaile berriak baldin badira. 

Lekuko izeneko espazioak merkatarien elkarteen topagune izan nahi du, eta bertan sinergiak garatu, eta zerbitzu berriak martxan jartzeko beharrak aztertu daitezke. 

Lanen egotzikapenak 188.331,02 euro joko du, eta neurri batean Next Generation EU funtsen finantziazioa dute.




 

¿Te ha sido útil esta página?