
Lorategi Zerbitzuaren mintegia Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa den Miluzeko finka batean (hilerriko errepide zaharrean) dago gaur egun eta laster gertuko lurzati batera lekualdatuko dute. Egun dagoen kokapena uholde-eremuan dago eta ibaiaren goraldiek hainbatetan kaltetu dituzte instalazioak eta makineria, beraz, lekualdaketa funtsezkoa da. Mintegia 3. poligonoko 1371 lurzatian jarriko da. Lurzatia Udalaren jabetzakoa da eta 60.000 metro koadro baino gehiago ditu; itxura luxezka du, batez besteko 120 metro inguruko zabalerarekin, zuhaitzez beteriko gune handi bat du eta Hiri Kontserbazioko Alorraren obretako materiala gordetzeko biltegi bat.
Mintegia kokagune berrira eraman eta bertan ezartzeko lanak egiteko kontratua Lacunza Hermanos SL enpresari adjudikatu zaio 236.391,75 euroan eta hiru urteko berme-epea izanen du. 75 eguneko gauzatzeko epea dute jarduketek eta honako hauek barne hartuko dituzte: lurzati berriaren egokitzapen eta antolamendu orokorra, itxitura perimetrala altxatzea, bertan dagoen sarean ur-hargunea sortzea eta gertuen dagoen kolektorearekin lotzen den saneamendu-sare berri bat sortzea.
Etorkizunean, zerbitzu- eta biltegi-eraikin bat, konpostatze-guneak eta kapera anitzeko itxurako berotegi bat itzal-eremuarekin egonen dira lurzatian. Lehenengo esku-hartze horretan ez dira egitura egonkorrak eraikitzeko lanik eginen. Esku-hartzea lurzatia egokitzeko besterik ez da eginen, behin behineko instalazio desmuntagarriak –aldagelak, jangela eta biltegiak– lekualdatu ahal izateko. Aldez aurretik zenbait lan eginen ditu udalaren Lorategi Zerbitzuak, sastrakak kentzea kasurako.
Mintegian Berdeguneetako Zerbitzuko lau langilek egiten dute lan eta egun, neguko eta udako kanpainetarako landareak ekoitzi eta biltzeko berotegiak daude bertan, bai eta zuhaitzen mintegi-gunea, agregakinak eta lurra biltzeko gunea, landare- eta konpost-hondakinak biltzeko gunea, makineria eta materialendako biltegiak eta langileendako aldagelak ere.
Eginen den instalazioan 14.790 m2 inguruko azalerako mintegi bat planteatzen da, barneko eta kanpoko eremuetan antolatuta, ekoizpen- eta logistika-lanak egiteko. Barneko eremuek 905 m2 hartuko dituzte: 195 m2 aldagela, bulegoa eta lantegi berotuendako eta 710 m2 tresnendako, makinendako, barneko bilketendako eta substratuendako biltegiendako. Kanpoko eremuak 13.885 m2 hartuko ditu, honela banatuta: 1.475 m2 administrazio-, karga- eta maniobra-eremuetarako; 10.100 m2 landareak ekoitzi eta landatzeko (mota desberdinetako zuhaitzak, zuhaiskak, sasoiko loreak, berotegiak eta itzalguneak), eta 2.310 m2 bilketa handietarako, materialen siloetarako eta lurrak nahasteko eremuetarako.
Gainera, etorkizuneko udal-mintegiak Bide Garbiketa Zerbitzuak udazkenean eta neguan jasotako orbela konpostatzeko eta lehortzeko gune bat izanen du. Eremu horri esker, landare-hondakinak konposta egiteko aprobetxatzen ahalko dira edo haien pisua murriztu hondakindegira eraman aurretik, hondakinen kudeaketa eraginkorragoaren eta jasangarriagoaren alde eginez.