Udalak laginketa egiteko bi biribilgune prestatu ditu Sanduzelain, auzoan airearen kalitatea neurtzeko parte hartzeko azterlanaren osagarri gisa

Udalak laginketa egiteko bi biribilgune prestatu ditu Sanduzelain, auzoan airearen kalitatea neurtzeko parte hartzeko azterlanaren osagarri gisa
Bi neurketak alderatuko dira, eta, horri esker, egiaztatuko da biribilgunea lurperatzeak zer eragin izanen duen ingurumenari dagokionez
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak, Agrobioteknologiako institutuarekin (IdAB-CSIC) lankidetzan, Sanduzelain airearen kalitatea neurtzeko parte hartzeko azterlana osatu du: urrian jarri zen abian, eta dagoeneko 18 loreontzi landatu dira Nafarroa etorbideko eta Cuatrovientosko biribilguneetan. Espazio publiko horiek laginketa-puntu osagarri gisa erabiltzeak aukera emanen du eremuan eginen den lurperatzearen zuzeneko eraginak egiaztatzeko; egiaztapen hori egiteko, azterketa konparatiboa eginen da zirkulazio-aldaketak zuzenean eraginen dion biribilgunearen –Nafarroa etorbidekoa– datuen eta gorabeherarik izanen ez duenaren datuen artean. 

Landaketa honek 2025ean egindako beste bati ematen dio jarraipena. Orduan, Udalak ehun bat loreontzi jarri zituen hainbat kale eta etorbidetako biribilgune eta erdibitzaileetan ingurumen-ikerketa bat egite aldera. Oraingoan, bi neurketak aldi berean jarriko dira martxan, herritarren zientziako ekimenaren emaitzak espazio publikoetan eginen den laginketarekin osatzeko, horrek guztiak aukera emanen baitu Iruñeko eremu horretako airearen kalitatearen ikuspegi fidagarriagoa edukitzeko. 

Bi ekimenak Agrobioteknologiako Institutuarekin (IdAB-CSIC) lankidetzan sustatu ditu Iruñeko Udalak, eta landareak erabiltzea dute oinarri: zientzian ohikoa da landareak bioadierazle gisa erabiltzea, masa-espektrometriaren (ICP) bidez partikulak eta metal astunak (zinka eta burdina, adibidez) aztertzeko. Llollobelar ingelesa (Lolium perenne) erabiltzen ari dira, gaitasun berezia baitu atmosferan dauden partikulak eta kutsatzaileak erakartzeko. Landareak aire zabalean eduki eta gero, azaroaren amaieran, leihoetan eta balkoietan dauden loreontziak bildu eta aztertuko dira, hiri-kutsadurarekin lotutako hainbat elementuren metaketa zehazteko.

Helburu zientifiko eta pedagogikoa 
Sanduzelain airearen kalitatea neurtzeko herritarren zientziako parte hartzeko azterlanak xede du, emaitza zientifikoez haratago, ikerketa-lana herritarrengana hurbiltzea, ingurumen-hezkuntza sustatzea, eta herritarren, ikertzaileen eta tokiko eragileen arteko elkarrizketa-guneak sortzea hiri-inguruneetako airearen kalitateak sortzen dituen erronkei buruz.

Proiektua urrian abiatu zen, Sanduzelaiko Civivoxean: informazio-saio bat egin zen, eta bertan xehe-xehe azaldu ziren airearen kutsadurari eta landareak ingurumen-bioadierazle gisa erabiltzeari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Jardunaldiari amaiera emateko, llollobelar-loreontziak banatu ziren boluntarioen artean. 

Hurrengo saioan, loreontziak itzuliko dituzte parte-hartzaileek, haien analisia egiteko: Agrobioteknologiako Institutuan (IdAB-CSIC) eginen da azaroaren 24an (asteartea). Egun horretan, airearen kutsadurari buruzko lantegi praktiko bat eginen da, bai eta CSICeko instalazio zientifikoetan barnako bisita gidatu bat ere. Bisitaren bidez, azterketa zientifiko baten ibilbide osoa erakutsiko zaie parte-hartzaileei, lurrean laginak hartzetik emaitzak lortu arte, eta herritarren laguntzaren garrantzia azpimarratuko da.  Azkenik, datorren urteko otsailaren 23an, asteartea, amaierako jardunaldia eginen da Sanduzelaiko Civivoxean: azalpen- eta dibulgazio-izaera izanen du, eta azterketaren emaitzak emanen dira aditzera.

¿Te ha sido útil esta página?