52 ekintza proposatzen ditu ‘Elkar bizi / Convivir’ Iruñeko I. Bizikidetza Planak (2026-2030), Iruña memoria ardatz duen hiri integratzaile eta kohesionatua izan dadin

52 ekintza proposatzen ditu ‘Elkar bizi / Convivir’ Iruñeko I. Bizikidetza Planak (2026-2030), Iruña memoria ardatz duen hiri integratzaile eta kohesionatua izan dadin
Udal-ekintzak bideratuko ditu planak, eta, horretarako, 33 helburu dituzten 12 ildo estrategiko txertatu dira lau erronka hauen inguruan: memoria, berdintasuna, auzoak eta kohesioa
Fitxategi
Plan Convivencia


Hauxe da ‘Elkar bizi / Convivir’ Iruñeko I. Bizikidetza Planaren (2026-2030) helburu nagusia: bizikidetza eta gizarte-kohesioa hobetzea memoria eta errespetua oinarri hartuta. Iruñean abian jarritako lehen bizikidetza-plana da, eta Iruñeko Udalari laguntza emateko tresna da, ekintzak txertatzen baititu helburu hauek lortze aldera: eguneroko harremanak hobetzea, pertsonen eta taldeen arteko hartu-emana bultzatzea, eta errespetua, enpatia eta guztien onerako konpromisoa sustatzea.

Gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu du Joseba Asiron Saez alkateak Iruñeko I. Bizikidetza Plana (2026-2030), gobernu-taldea osatzen duten udal-talde hauetako ordezkariekin batera: Garbiñe Bueno Zabalza (EH Bildu), Mikel Armendariz Barnechea (Geroa Bai), eta Txema Mauleón Echeverría (Contigo-Zurekin). 366 ekarpen barne hartzen ditu planak, eta hura egiteko prozesuan 28 entitatek eta elkartek parte hartu dute guztira, baita udal-langileek, erakundeen ordezkariek, talde politikoek eta herritarrek ere. Agiria azaroaren 12ko Osoko Bilkuran onetsiko da. Une honetan, euskaratzen eta irakurketa errazera moldatzen ari dira, dokumentuaren edukia hobeki helarazi eta ulermena errazteko.

Berariazko 52 ekintza barne hartzen ditu planak, eta gradualki eginen dira 33 helburu lortze aldera; horretarako, urteko programazioa egituratzeko hamabi ildo estrategiko txertatu dira, eta horiek lau erronka nagusi hauetan multzokatu dira: Iruña, memoria, justizia eta erreparazioa ardatz dituen hiria; Iruñean berdintasunez bizitzea eta gure arteko aldeak errespetatzea; Iruñeko auzoak eta espazio publikoa partekatzea; eta Iruñean komunitatea sortzea, inor bazter utzi gabe. Gainera, bizikidetzaren arloan udal-alorrek egiten duten lana jaso eta ezagutzera ematen du Iruñeko I. Bizikidetza Planak. “Plan paregabea” izateko xedez, esparru komuna eskaintzen du, eta horri esker, bizikidetzarekin lotutako politikak, programak eta udal-zerbitzuak bateratzen dira, horien arteko lankidetza bultzatzen da, eta bikoiztasunak saihesten dira.

2027an aplikatuko da plana lehen aldiz, eta 30.000 euroko zuzkidura du; horri esker, planaren gobernantza jarriko da abian, eta lehenengo erronka –memoriari buruzkoa– bultzatuko da. Beste hiru erronkak –berdintasuna, auzoak eta kohesioa– zeharkakoak dira udal-alorrei dagokienez, eta berez dituzten udal-baliabideei esker eginen dira, hau da, ez da partidarik bideratuko erronka horiek lortzeko. Alkatetza izanen da planaren buru, eta Bulego Estrategikoak laguntza teknikoa emanen du. Urte bakoitzean, egindako jarduketen balantze publikoaren berri emanen da. Era berean, 2028an tarteko ebaluazioa eginen da, eta, 2030ean, azken ebaluazioa.

Memoria duen hiria
Lehenengo erronkak –Iruña, memoria, justizia eta erreparazioa ardatz dituen hiria– bi ildo estrategiko ditu: batetik, Biktimen aitortza eta duintasuna; bestetik, Elkarrizketa demokratikoa eta polarizazioaren prebentzioa. Erronkak duintasuna eta pairamena aitortzen die ETAren, motibazio politikoko ekintzen eta errepresio frankistaren biktimei, eta begirunez jorratzen ditu bakoitzaren testuinguru historikoa eta gizarte- eta araudi-esparrua. Erronkak printzipio hauek ditu oinarri: egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea. Halaber, gizartearen polarizazioa prebenitu nahi du, eta, horretarako, indartu egiten ditu elkarrizketa, errespetua eta desberdintasunen kudeaketa demokratikoa.

Ekintza hauetan, besteak beste, gauzatzen dira helburu horiek: batetik, aitortza egiteko udal-ekitaldien urteko agenda bat sortzea; bestetik, jarduerak antolatzea liburutegietan, Civivox sarean eta Gaztediaren Etxean, testigantzen, giza liburutegien, irakurketen, kultur sorkuntzen eta bisiten bitartez gazteek memoria demokratikoaren berri izan dezaten. Hezkuntzari dagokionez, bi unitate didaktiko proposatzen dira, bata memoria historikoari buruzkoa, eta, bestea, hiriaren oraintsuko memoriaren ingurukoa. Horrez gain, ETAren, motibazio politikoko ekintzen eta errepresio frankistaren biktimen testigantzak txertatuko dira Ondare Materiagabearen Artxiboan, Nafarroako Gobernuarekin eta NUPekin lankidetzan. Hala, behar bezala jasoko da haiek bizitakoa eta pairatutako indarkeria. Era berean, belaunaldien arteko ziklo bat egitea proposatzen da irakurketa eta elkarrizketa ardatz hartuta: aurrez hautatutako testuak erabiliko dira, eta bideratzaile baten eskutik, prestakuntzak eginen dira buloen, desinformazioaren eta adimen artifizial sortzailearen inguruan.

Aniztasuna ondasun gisa
Bigarren erronkak –Iruñean berdintasunez bizitzea eta gure arteko aldeak errespetatzea– lau ildo hauek barne hartzen ditu: Kulturen arteko bizikidetza, harrera egitea eta kidetasuna; Berdintasuna eta aniztasuna; Hizkuntza-, erlijio- eta kultura-aniztasuna; Euskara eta bizikidetza. Helburu hauek ditu erronkak: besteak beste, aniztasunaren errespetua abiapuntu hartuta bizikidetzaren alde egitea, harrera egiteko estrategia berriak bultzatzea, elkartzeko eta elkarrizketan aritzeko guneak bultzatzea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea, eta hizkuntza-aniztasuna.

Bestalde, ekintzen barruan, herritarrendako postontzi bat sortuko da diskriminazio-adierazpenak gizartearen aurrean salatzeko, eta, horrekin batera, baliabideak hedatuko dira. Halaber, harrera egiteko zerbitzuak mapatuko dira, beharrezkoa denean laguntza eman eta bitartekaritza eta konpainia eskaintzeko. Horiek horrela, funtsezko ekintzak proposatzen dira IV. Berdintasun Planari eta I. LGTBI Planari dagokienez, eta, horrez gain, Udalaren LGTBIfobiaren aurkako Behatokia urtero emanen da ezagutzera eta herritarrak sentsibilizatzeko neurriak ezarriko dira. Euskarari lotutako bizikidetza sustatzeko, berriz, honako hauek txertatuko ditu Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako Planak: ibilbide eta ezaugarri ezberdinak dituzten pertsonak elkartzeko eta elkarri entzuteko guneak.

Espazio publikoa, pertsona guztiendako
Planaren hirugarren erronkak – Iruñeko auzoak eta espazio publikoa partekatzea– ildo hauek barne hartzen ditu: Gatazkak positiboki kudeatzea; Bizilagunen arteko bizikidetza eta gizalegezko kultura; eta Espazio publikoa jaiak eta aisia. Hala, helburu hauek txertatu dira: gatazka komunitarioak prebenitzea eta kudeatzea; elkarrizketa sustatzea eta eguneroko gatazkak lankidetzan ebaztea; espazio publikoak seguruak, irisgarriak eta inklusiboak direla bermatzea; eta espazio publikoa modu orekatuan erabil dadin sustatzea, aisia, jarduera ekonomikoa eta atseden hartzeko eskubidea bateragarri eginez. Helburu horiek guztiak lortzeko, aisialdi-eredu jakin batzuk bultzatzen dira, jaietan eta beste ekitaldi batzuetan balio hauek sustatzeko: errespetua, inklusioa, erantzukidetasuna eta bizikidetza.

Horren harira, bi edo hiru gatazka hautatuko dira esparru horren barruan, zaratari, aisiari, garbiketari eta espazioa erabiltzeari lotutakoak; bestalde, jarduketak ezarriko dira tartean sartutako pertsonen egoerari eta eskakizunei arreta eman ondoren, eta irizpide hauek ezarriko dira: irisgarritasuna, errespetua, erasoei aurrea hartzea, ingurunea zaintzea eta erabileren bizikidetza. Jarduketen arduradunak eta epeak ezarriko dira, eta berrikusketak eginen dira, protokoloak eta baliabideak finkatu daitezen.

Gizarte-inklusioa eta -kohesioa
Planaren laugarren erronkak –Iruñean komunitatea sortzea, inor alde batera utzi gabe– hiru ildo estrategiko hauek ezartzen ditu: Inklusioa eta bizitza komunitarioarekin eraginkortasunez bat egitea; sare komunitarioak eta elkarte-ehuna; eta Gizarte-kohesioa eta kidetasuna. Hauek dira helburuak: batetik, pobrezia, zaurgarritasun eta gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzea ikuspegi prebentibo eta komunitario batetik; eta, bestetik, mesede egitea hala aukera-berdintasunari nola hiriko baliabide, zerbitzu eta partaidetza-guneak modu bidezkoan erabiltzeari. Halaber, elkarte-ehuna eta sare komunitarioak sendotzen dira, pertsonen eta taldeen arteko loturak eta babesa hobetzeko, eta espazioak sortzen dira adin, jatorri eta gizarte-errealitate desberdinak dituzten pertsonak elkartu eta harremanetan jar daitezen.

Hauek dira helburu horiek lortzeko ekintzetako bat: administrazioarekin lotutako gaietan eta kontu teknikoetan laguntza ematea hasi berri diren taldeei eta deialdietan parte hartu eta udal-baliabideak erabiltzeko gaitasun txikiagoa duten kolektiboei. Halaber, auzoen eta partekatutako beharren arabera, baterako proiektuak eratuko dira, eta, horrekin batera, informazio bilduko da espazio komunitarioen erabilgarritasunari, ordutegiei, irisgarritasunari eta erabilera-baldintzei buruz. Borondatezko ekimenak bultzatzea ere ekintzen barruan dago. Egitasmo horien bidez, elkarteek, bizilagunek eta hainbat adin eta jatorriko pertsonek bat egiten dute interesak partekatzeko, eta, horretarako, sareak, topaketak eta kirol-, kultura- eta komunitate-programak baliatzen dira. Azkenik, auzoan ongietorria egiteko ibilbideak sortuko dira, iritsi berri diren horiek edo auzoari hain lotuta ez dauden horiek baliabide, elkarte eta bizilagunekin bat egiteko.
 

¿Te ha sido útil esta página?