
Tokiko Gobernu Batzarrak Arrotxapeko Runa parkean oinezkoendako bi pasabide hornitu eta instalatzeko lanen adjudikazioa onetsi du. Kontratuak barne hartzen du egun daudenak kendu eta zurezko pasabide aurrefabrikatu berriekin ordeztea. Lanen aurrekontuak 36.239,50 euro jotzen du eta horiek egiteko epea bi hilabetekoa da.
Bi pasabide berriak egun daudenen toki berean kokatuko dira, eta ezaugarri funtzional, dimentsional eta estetiko bateragarriak izanen dituzte, aurretik zegoen oinezkoendako ibilbidearen jarraitutasuna eta segurtasuna bermatzeko. Berrituko diren pasabideetako bat Garbitzaileen ibarbasoaren inguruan dago, Zamargileen zubitik gertu, eta, bestea, San Pedroko igerileku zaharren eremuan, Vergel zubitik hurbil.
Pasabideek kanpoko erabilera iraunkorrerako diseinatuta eta fabrikatuta egon behar dute, eta berariaz kontuan hartu beharko dira hezetasuna, euria, hezetasun- eta lehortze-zikloak, Arga ibaiarekiko hurbiltasuna, ingurumen-esposizioa, gerta litezkeen ekintza bandalikoak eta udalaren mantentze-lanak egiteko baldintzak. Gainera, araudian ezarritako labainkortasun-irizpideak bete beharko dituzte. Pasabide berriek baranda erresistente, egonkor eta seguruak eta espazio publikoan egoteko egokiak dituzte aldeetan; ertzak, elementu ebakitzaileak, harrapatzeak eta erabilera desegokiak eta eskalada errazten duten egiturak saihestuz.
Kontratuak jarduketa egoki egiteko beharrezko lan guztiak barne hartzen ditu: desmuntatzea, garraioa, fabrikazioa eta hornikuntza, obra zibila, egiaztapena, eta, behar izatekotan, zimendatzeak eta ainguraketak, muntaketa, bitarteko osagarriak, seinaleztapena, hondakinen kudeaketa, ingurunea babestea, probak, amaierako agiriak eta garbiketa. Media Madera Ingenieros Consultores enpresak eginen ditu lanak.