Iruñeko Udalak diagnostiko kuantitatibo bat egin du, hiriko hamabi auzoetako adinekoen egoerari buruz

Iruñeko Udalak diagnostiko kuantitatibo bat egin du, hiriko hamabi auzoetako adinekoen egoerari buruz
Udalak Donibane auzoko lehenengo diagnostikoa 2018ko abenduan egin zuen, eta orain udal-teknikariek ondorengo hamabi lanak egin dituzte

 

Iruñeko Udalak diagnostiko kuantitatibo bat egin du, adinekoen egoerari buruz, hiriko hamabi auzoetan: Azpilagaña, Buztintxuri, Alde Zaharra, Zabalgunea, Ermitagaña-Mendebaldea, Etxabakoitz, Iturrama, Mendillorri, Milagrosa-Arrosadia, Arrotxapea, Sanduzelai eta Txantrea.

Impactos Aholkularitzak iaz Donibane auzoko egoerari buruz egin zuen diagnostikoa izan da lan honen abiapuntua eta oinarria Komunitate Ekintzako, Garapenaren aldeko Lankidetzako eta Kiroleko Alorreko zein Estrategia Bulegoko udal-teknikariek geroan egin dituzten hamabi azterlanetarako. Argibide guztiak www.pamplona.es webgunean daude eskuragarri, adinekoen egoera jasotzen duen orrian.

Iruñeko Udalak bere egiten du zahartzeari aurre egiteak sektore anitzen esku-hartzea eskatzen duela, non bat egin behar baitute Udalaren konpromisoak eta partaidetza-jardunak, batetik, eta sektore zein zerbitzu ezberdinetako eragile sozialek eta profesionalek, bestetik. Hori horrela, beharrezkotzat jotzen du adinekoen beharrak sakon aztertzea, horretarako adinekoen esparruko adituen eta adinekoen parte-hartzea edukita, zuzen bideratutako lan-ildoak ezartzeari begira. Horrek ekimen batzuk abiarazi ditu fenomeno honi heltzeko. Ekimen horietako bat izan da Iruña “Adinekoekin Adeitsuak diren Hirien Sarean” sartzea.

Zahartze-prozesuak, sexu, pobrezia, bakardade, hezkuntza-maila eta abarren arabera

Diagnostikoetan, adierazle soziodemografiko nagusiak identifikatuz eta aztertuz argazki bat zehaztu nahi izan da, honako hauen balorazioa egiteko: auzo bakoitzak esparru honetan dituen defizitak, indarguneak, gabeziak eta gaitasunak.

Azterlanean, hainbat datu txertatu dira adierazle batzuei buruz: zahartze-prozesua, biztanleria-egiturako aldaketak, zahartzearen feminizazioa, bakarrik bizi diren pertsonak eta adineko atzerritarrak. Beste zenbait datu ere hartu dira kontuan, hala nola egoera ekonomikoa eta pobrezia-arriskua, adinekoen laguntza-baliabideetarako eskuragarritasuna, hezkuntza-maila eta auzo bakoitzak dituen zerbitzuak eta ekipamenduak. Alde batetik hiriaren kopuru generikoak ematen dira, eta bestetik, auzo bakoitzarenak. Diagnostiko bakoitzaren bukaeran, laburpen bat egiten da, taulez eta grafikoez osatua, non alde bakoitzaren kopururik esanguratsuenak jasotzen baitira.

Iturrama eta Donibane, auzorik zaharkituenak

Otsaileko erroldaren datuek adierazten dutenaren arabera, egun 65 urteko edo 65etik gorako 46.342 pertsona bizi dira Iruñean, hau da, biztanleen % 22, eta, egiaztatu daitekeenez, urtetik urtera gorantz doa joera. Iruñean erroldatutakoen batezbesteko adina 44 urte da.

Zahartze-prozesua ez da homogeneoa hiri osoan. Auzo batzuetan zahartze-indizea batez bestekotik gora dago, hala nola Iturrama, Donibane, Ermitagaña-Mendebaldea eta Txantrean, eta beste batzuetan, Buztintxuri-Euntzetxikin eta Mendillorrin, aldiz, ez da iristen % 10era. Iturrama eta gero Donibane dira Iruñeko alde zaharkituenak.

Oro har, zahartzeko joera gero eta handiagoa izanen da, nabarmen, datozen urteetan. Diagnostikoek zio demografiko sorta bat ematen dute horren eragiletzat: bizitza-itxaropena handitzea (Nafarroan, 83,8 urte), ‘baby boom’ berantiarra, jaiotze-indizeen beherakada eta azken urteetan immigrazioa gelditu izana.

Buztintxuri eta Mendillorri, 80 urtetik gorako lagun gutxien duten auzoak

Udal-diagnostikoek adierazten dute ezin dela homogeneoki hartu adinekoen kolektiboa, nahiz eta, oro har, adinekoei buruz hitz egiten denean 65 urtekoak edo hortik gorakoak hizpide hartu. Izan ere, 80 urtetik gorakoen beharrak eta ahalmenak nabarmen bestelakoak dira gazteagoenekin alderatuta. Donibane, Iturrama, Zabalgunea eta Txantrea dira 80 urtetik gorako biztanle gehien dituzten auzoak. Kontrako muturrean Buztintxuri eta Mendillorri daude.

Hartara, premia eta interes desberdinak dituzten bi multzo handitan sailkatu behar da adineko jendea. Batetik, zaharrenak, zeinentzat laguntza-zerbitzuak indartu eta isolamendu- zein bakardade-egoerei aurre egin behar zaien. Bestetik, gazteenak, zeinentzat eskaintza biziagoa eta ugariagoa sortu behar den, elkarrekin jarduteko ekintza eta leku gehiago eskainiz zein gero eta adineko jende gehiagok pairatzen duen bakardadeari aurre eginez. Halaber, udal-azterlanak adin-talde horretan gizarte-konpromisoa sustatzea proposatzen du, boluntarioen lanaren bidez.

Epe ertainera, errealitatea eraldatu eta adinekoen karakterizazio berria eratuko duten beste prozesu batzuk ere aurreikusi dira, honako zio hauek kontuan hartuta: ‘baby boom’ berantiarraren ondoriozko zahartze masiboa eta prestakuntza-handiagoko jendea zein etorkinak multzo honetan gehitzea. Eraldaketa horiek guztiak direla medio, egungoa ez bezalakoa izanen da zahartze-prozesua: beste kezka eta ardura batzuk edukiko dituzte; seguruenik, oraingoak baino aktiboagoak izanen dira, eta heterogeneotasun handiagoa egonen da. Hortaz, haien eskariak ezberdinak izanen dira.

Emakumeen portzentaje handiagoa, ekonomikoki zaurgarriagoak izaki

Sexu-banaketa izan da diagnostikoetan aztertu den beste datu bat, hala hirian nola auzo bakoitzean. Oro har, Iruñean bizi diren 65 urtekoetatik eta 65 urtetik gorakoetatik, % 59 emakumeak dira, eta kopuru hori handituz doa, adinean gora egin ahala: 80 urtetik gorakoetan, emakumeen kopurua % 60tik gora doa, eta 99 urtetik gorakoetan % 84 da.

Aztertu egin da, baita ere, adinetako zenbat bizi diren bakarrik: 65 urteko eta hortik gorako % 23 bakarrik bizi dira. Bereziki deigarria da portzentaje hori 85 urtetik gorakoen artean, asko egin baitu gora: 85 eta 89 urte bitartekoetatik, % 32 bakarrik bizi da, eta kopuru hori % 36ra iristen da 90 urtetik gorakoen artean. Sexuen arabera, bakarrik bizi diren adinekoen profila femeninoa da, argi eta garbi.

Diagnostikoek alderdi ekonomikoei ere heldu diete: 65 urtetik gorakoen pobreziaren arrisku-tasa, Iruñean, % 13,5 da, eta alde handia dago gizonen (% 9,5) eta emakumeen (% 16,3) artean. Bizi-kalitatearen mailei dagokienez, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak (EELZ) artatzen duen populazioa aztertu da, bai eta menpekotasun-mailak ere. Azterlan horien arabera, EELZk 947 lagun artatzen ditu Iruñean, eskari handieneko auzoak Txantrea (140) eta Arrotxapea (132) direlarik.

¿Te ha sido útil esta página?