Iruñeko Udalak etxebizitza kooperatiboei buruzko beste jardunaldi bat antolatu du maiatzaren 24rako, hirian etxebizitza eskuratzeko zer alternatiba eskaini hausnartzeko. Hemen bizi gara? Hitz eginen al dugu haiei buruz? Etxebizitza kooperatiboko komunitateak sortzen du izena, eta Calderería kaleko udal-aretoan izanen da (Calderería k. 11), 10:00etatik 18:00etara. Interesa dutenek viviendaskoop@pamplona.es helbide elektronikora idatzita ematen ahal dute izena.
Elkartzea, hausnartzea eta iritziak trukatzea da helburua, etxebizitza kooperatiboko komunitateak sortzeari buruz betiere. Parte hartzeko jardunaldia izanen da, eta herritarrek esperientziak trukatu eta etxebizitza-eredu jasangarriago eta komunitarioago baten inguruan hausnartuko dute. Beatriz Comesaña bideratzaile, irakasle eta komunitate-bitartekaria han izanen da: partaidetzan eta gatazken kudeaketan aditua da, eta Sakoneko Demokraziaren ikuspegia du oinarri. Halaber, Alicia Comenge Segard bideratzaile eta trebatzaile sistemikoak ere parte hartuko du jardunaldian: taldeei aholkularitza eta prestakuntza ematen aritzen da, eta hainbat metodologia uztartzen ditu taldearen kohesioa eta eraginkortasuna indartzeko.
Iruñeko Udalak etxebizitza kooperatiboen inguruan antolatzen duen bigarren jardunaldia da: lehena otsailaren 18an izan zen, Baluarten. Otsaileko jardunaldian, Udalak Alde Zaharreko eta Buztintxuriko hiru lurzati proposatu zituen erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatiboen proiektuak egiteko.
Etxebizitza Eskuragarrien Plana:
Etxebizitza Eskuragarriaren Planaren bidez, herritarrek etxebizitza eskuratzea bermatu nahi du Iruñeko Udalak, eta bereziki, gaur egungo gizartearen eta hirigintzaren joerekin bat datozen alternatibak bilatu nahi ditu etxebizitzarako. Erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatiboek xede dute higiezinen merkatuaren erronkei eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunei aurre egitea eta komunitate-bizitza sustatzea.
Udalaren webgunean atal bat jarri dute etxebizitza kooperatiboei buruz: maiatzaren 24ko jardunaldiaren xehetasunak, otsaileko jardunaldiaren nondik norakoak eta erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatiboei eta etxebizitza-kooperatibei buruzko azalpenak bildu dituzte hor. Halaber, gai horren inguruko albisteak eta berriak jasotzeko estekak ere jarri dituzte.
Jardunaldi horiek eta Udalak etxebizitza kooperatiboei eman nahi dien bultzada Iruña Marka berriaren proiektuaren barruan daude: duela zenbait hilabete aurkeztu zuten hiri-marka, eta helburu du herritarrak eta gizarte-eragileak parte hartzera bultzatzea hiri pluralagoa, garaikideagoa eta abangoardistagoa eraikitzeko bidean. Hala, hainbat proiektu hautatu dituzte Iruña Marka sustatzeko: denak ere estrategikoak dira, eta etorkizuneko hiria eraikitzeko beharrezko balioak biltzen dituzte.