Etxebizitza duin eta eskuragarria eskaintzea da hiriek gaur egun duten erronka handienetako bat. Testuinguru horretan, Iruñeko Udalak, Etxebizitza Eskuragarriaren Planaren barruan, herritarren egungo beharrei erantzungo dieten bizileku-eredu alternatiboak bultzatzeko lan egiten du.
Eredu horien artean, erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboak nabarmentzen dira, irtenbide jasangarriak, eskuragarriak eta komunitate-sarea indartzea dakarten proposamen berritzaileak.
JARDUNALDIAK
Datorren otsailaren 18an, Iruñeak, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiboaren eredua aztertzeko, "Biziko gara hemen? " izeneko jardunaldiak burutuko ditu.
Herritar guztientzat irekia eta doakoa den ekitaldi honen helburua, hirian dauden aukerak ezagutaraztea eta etxebizitza-kooperatiba mota honen sorreran parte hartzen duten eragileen artean elkarrizketa sustatzea da.
Zer dira erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboak?
Erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboak jabetza kolektiboaeta erabilera indibiduala konbinatzen dituen bizitegi-eredua dira.Etxebizitza baten jabetza eskuratu beharrean, pertsonak eraikinaren jabetza duen kooperatiba baten parte izanda antolatzen dira. Egoiliarrek beren etxebizitza mugarik gabe erabili eta gozatzeko eskubidea dute,hasierako ekarpen baten eta hileko kuota eskuragarri baten truke.
Eredu hau, lankidetza komunitarioan eta sostenigarritasunean oinarritzen da, espazio partekatuak eta erabaki kolektiboak sustatuz. Gainera, higiezinen espekulazioa saihesten du, jabetzak kooperatibarena izaten jarraitzen duelako eta kolektibotik kanpo ezin zaielako hirugarrenei saldu edo alokatu.
Zer dira etxebizitza kooperatibak?
Etxebizitza-kooperatibak etxebizitza-proiektuak elkarrekin garatzeko biltzen diren pertsona-elkarteak dira. Autogestioaren, elkartasunaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioetan oinarritzen da haren funtzionamendua. Nafarroan, eredu hori tokiko beharretara egokitzen ari da, berrikuntza arkitektonikoa, ingurumenaren iraunkortasuna eta pertsonengan zentratutako ikuspegia uztartuz.
Etxebizitza kooperatiba mota desberdinak daude, eta erabilera lagapena da jardunaldi hauetan jorratzen dugun modalitatea: etxebizitzak modu kolektiboan kudeatzen dira, irisgarritasuna bermatzeko eta espekulazioa saihesteko.