Iruñeko Adinekoen Udal Kontseiluak bere bigarren bilera egin du gaur goizean, joan den apirilekoaren ostean. Topaketan hogei bat entitate egon dira ordezkatuta, eta Kontseiluaren beraren araudian egindako aldaketak landu dira, zeinak laster jendaurrean paratuko baitira, eta auzoetan aktibatu diren adinekoen sareei buruzko informazioa eman da.
Udal-organo honen bilera Udaletxean egin da, eta Iruñeko biztanle zaharrenei zuzendutako udal-programetan txertatutako berritasunak ere aztertu dira. Zehazki, urrian, eta Kontseiluak berak eskatuta, Udalak hiruhilekoko hainbat lantegi programatu ditu, adin tarte horretako eten digitalari aurre egiteko. Hasiera batean Alde Zaharrean eginen dira, eta ondoren, auzoz auzo.
Halaber, bertaratutakoei Udalaren Komunitate Ekintzako programen garapenaren berri eman zaie. Horien artean daude, besteak beste, ‘Martxan’, ‘Aisia-ostegunak eta -ostiralak’, ‘Beti norbaitekin’, ‘Zaintzen dutenak zainduz’ eta Itxaropenaren Telefonoarekin elkarlanean egiten ari diren 65 urtetik gorakoendako lantegiak. Ekimen horietako bakoitzari buruzko xehetasunak Iruñeko Udaleko webgunean adinekoei zuzendutako atalean aurkitu daitezke.
Ondoren, Udalbatzak, Enrique Maya alkatea buru zela, harrera egin die bertaratutako entitate gehienei, 30 pertsona ingururi, bihar, urriaren 1ean, izanen den Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta.
Adinekoen Udal Kontseilua adinekoen beharrei erantzuteko irtenbideak elkartrukatu, batera jarri eta abiaraztea sustatzea xede duen organoa da. Herritar hauen parte-hartze aktiboa ahalbidetu nahi da, hiriko gizarte-, politika- eta kultura-esparruetan, baita esparru horretan gizarte-boluntariotza piztu eta bultzatuko duten jarduketak eta neurriak sustatu ere.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Adinekoen Udal Kontseiluak gaur goizean aztertu ditu bere araudia eta hirian herritar horiei zuzendutako programak