Iruñako Historia

ERDI AROKO IRUÑA

Erdi Aroan, hiria hiru gune ezberdinetan hazi zen, harresiz banaturik eta, askotan, elkarrekin etsaiturik:

Lehenik, jatorrizko nukleo zaharren aztarnak –baskoienen eta erromatarrenak– Nabarreria hiria osatzen joan ziren. Biztanleak nafarrak ziren, eta batez ere nekazaritza-lanak egiten zituzten. Ohiko hizkuntza euskara zen, Europan bizirik dirauen hizkuntza aurreindoeuropar bakarra.

Donejakue Bidearen babesean, herritar franko andana iritsi zen Iruñera, Nafarroako errege-erreginek eskaintzen zituzten abantailek –lurraldea birpopulatzeko politiken barruan– erakarrita. Horrela sortu zen San Zernin burgua. Biztanle gehienak artisauak eta merkatariak ziren, eta okzitaniera zen bere ohiko hizkuntza.

Azkenik, beste toki batzuetatik iritsitako nafarrek eta beste atzerritar batzuek hirugarren biztanlegunea eratu zuten, San Nikolas hiria. Nabarrerian bezala, biztanleak nekazaritza-lanetan eta gremio-lanbideetan aritzen ziren. Hiru hiri horietako bakoitza harresiz inguratuta zegoen, eta ondokoengandik banatzeko lubanarroak edo sakanak zeuden. Elizak defentsa-bastioiak ziren. 1276an, Nabarreriako gerran, San Nikolaseko eta San Zerningo herritarrek bat egin zuten Nabarreriaren kontra, eta hura erabat suntsitu zuten. 1423ko irailaren 8ra arte ez zen iritsi behin betiko bakea, egun horretan promulgatu baitzuen Karlos III.a Prestua erregeak Batasunaren Pribilegioa: hiru guneak batu egin ziren “unibertsitate bakarrean, kontzeju batean eta komunitate zatiezin batean”. Inorena ez zen lurrean, eta hiru hiriek bat egiten zuten tokian, Jureria eraiki zuten, gaur egungo Udaletxea

 

HIRIBURUA GAZTELAK NAFARROA KONKISTATU ONDOREN

XVI. mendearen atarian, Nafarroako Erresuma ehizaki desiragarria zen ondoan zituen Gaztelako, Aragoiko eta Frantziako Koroentzat. Barne-gatazka bat eratzen hasi zen, gainera, gerora nafar leinuen arteko gerra zibila ekarriko zuena. Karlos III.a Prestuak Bianako Printzea titulua sortu zuen Karlos IV.a izango zen bere bilobarendako, zeina Nafarroako Blancaren eta Aragoiko Juan II.aren semea baitzen. Alabaina, azken horrek ez zion utzi printzeari errege izaten ama hil ondoren.

Horren ondorioz, bi bando eratu ziren: agramontarrena eta beaumontarrena. Aragoiko Juan II.a berriro ezkondu zen, Juana Enríquezekin, eta seme bat izango zuten gerora, Fernando Katolikoa. Hainbat urte geroago, Fernando Ingalaterrako Koroarekin aliatu zen Frantziakoaren kontra; Nafarroako errege-erreginek, aldiz, frantziarren alde egin zuten. Testuinguru horretan, Fernando Katolikoak, Aita Santuak emandako buldaren babesean, bere armada Nafarroara bidali zuen 1512an, Albako Dukea buru zela. Nafarroako azken errege-erreginek, Joan Albretekoak eta Katalina  Foixkoak, haien lurraldeak utzi eta Gortea Pirinioetatik bestalde zituzten jabetzetara mugitu zuten, eta handik erresuma berreskuratzen saiatu ziren. Zenbait saiakeraren ondoren, bataila erabakiorra 1521eko ekainean gertatu zen, Noainen, eta nafarrak garaituak izan ziren. Iruñeak Frantziarekiko zuen kokapen estrategikoa zela-eta, ahalegin handia egin zen hiria behar bezala gotortzeko, eta horretarako Errenazimentuko harresiak eta Ziudadela eraiki ziren.

 

XVIII. MENDEA

Argien Mendea hiriarentzat urrezko aroa izan zen. Ilustrazioari eta zenbait kontzepturen agerpenari esker, hala nola herritarren ongizatea, iruindarrek zenbait hirigintzaberrikuntza garrantzitsu bizi zituzten: kaleak galtzadatu ziren, estolda-sistema hobetu zen eta kriseiluen bidezko hiri-argiteria heldu zen. Dena den, proiekturik esanguratsuena hirira urak ekartzekoa izan zen, Ventura Rodríguezek diseinatutako Noaingo akueduktuaren bidez. Horren karietara, Gorteko pintore Luis Paret y Alcázarrek bere iturri neoklasiko enblematikoak diseinatu zituen. Mende honetan hainbat nafar kanpora joan ziren, batzuk, Madrilgo Gortera, eta beste batzuk –indianoak–, Amerikara. Horietako askok gora egin zuten haien estatusean, eta gerora Iruñera itzuli eta oinordekotza-etxe nagusi zoragarriak eraiki zituzten, baita noblezia-etxeak ere.

 

XIX.MENDEA: HIRI BURGESA ETA ZABALGUNEA

Gerrak izan ziren XIX. mendearen bereizgarri nagusia: independentzia-gerra (1808- 1814), Errege-gerra (1822-1823) eta gerra karlistak (1833-1840 eta 1872-1876). 1841ean, Nafarroak erresuma izateari utzi zion: 1841eko Lege Hitzartuak probintzia izatera beheratu zuen. Garai horretan jaio zen tokiko burgesia, eta industrializazioaren lehen pausuak eman ziren. 1860an trenbidea Iruñera iritsi zen. XIX. mendea oso aipagarria izan zen Iruñeko kultur bizitzan. Hiriak Pablo Sarasate biolin-jotzailearen eta Julián Gayarre Erronkariko tenorearen nazioarteko arrakastak ezagutu zituen. Ezinbesteko musika-erakundeak sortu ziren, hala nola Iruñeko Orfeoia, La Pamplonesa edo Santa Zezilia Orkestra, Estatuko zaharrena. 

Mende honetan hiriak hazkunde demografiko handia izan zuen, eta horrek halabeharrez talka egiten zuen harresidun izaerarekin. Jende-pilaketak Iruña hiri osasungaitz bihurtu zuen. Geroraezina zen hiriko Lehen Zabalgunea eraikitzea, eta horretarako Ziudadelako barruko bi bastioiak eraitsi behar izan ziren 1888an. 6 etxe-uharte eskas baino ez zituen auzo txiki horrek ez zuen konpondu etxebizitza-arazoa, baina trukean eraikin modernista bikainak oparitu zizkigun. 1915era arte ez zen onartu Telleriako aurrealdea eraistea, eta horrek ahalbidetu zuen –behingoz– Bigarren Zabalgunea eraikitzea eta hiria hegoalderantz hedatzea. Takonerako Lorategiak eta Media Luna Parkea bihurtu ziren hiriko aisialdirako tokirik gogokoenak.

 

GAUR EGUNGO HIRIA

Iruña eta Iruñerria gaur egun arte handitzen joan dira; hiriak 203.000 biztanle inguru ditu –350.000, metropoli-eremuan–; eta inguratzen duen bai industria- zein zerbitzu-gune garrantzitsuekin batera etorkizunera begira dago. Nafarroako Unibertsitatea 50eko hamarkadan sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa 80koan. Osasun eremuko zerbitzuak ere ereduzkoak dira: Osasunbideko Nafarroako Ospitalegunea, Nafarroako Unibertsitateko Klinika eta Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroa (CIMA). Iruñeak industria lehiakorra du, eta ardatz moduan automobilgintza, botika-industria eta energia berriztagarriak ditu.