DASTATU IRUÑA: ENTZIERROAREN IBILBIDEA
SAN DOMINGOKO ESKORTAK ETA HORMA-HOBIA
Bertatik jaurtitzen da entzierroari hasiera ematen dion suziria. Goizeko 08:00ak puntuan direnean, suziria bota eta eskortako ateak irekitzen dira; orduan, aurreko gauean Entzierrillo delakoan igo diren zezenek handik atera eta 848 metroko lasterketari ekinen diote, zezen-plazara iritsi arte. Ez ezazu “Entzierrilloa” galdu, unerik magikoenetako bat da; iluntzean egiten da (22:00etan) eta adarra joaz ematen zaio hasiera. Une horretatik aitzina, erabateko isiltasunean eta unaiek eta joaldunek soilik lagunduta, zezenek Gaseko eskortetatik San Domingokoetara dauden 300 metroak egiten dituzte.
ZALDIKO ERRETEGIA
Zaldiko erretegia Alde Zaharreko txokorik tipikoenetako batean dago, "San Domingoko aldapan", Nafarroako Museoaren ondoan eta entzierroko ukuiluetatik metro gutxira. Jatetxeko ateak zeharkatuta, gure lurraldeko erretegien tradizioa eta giroa ezagutuko ditugu, eta, horrez gain, zerbitzu bikaina, merkatuko produkturik onenak, gure baratzeko barazkiak, Kantauriko arrainak eta haragi gorri bikain eta ondua izanen ditugu zain, zugan eta zure lagunengan oroitzapen atsegina utziko dutenak. Karta apartaz gain, Zaldiko erretegiak hainbat menu ditu eta, nahi izanez gero, enkarguz, edozein plater prestatuko dute erretegian: paella, itsaskiak, antxume errea, etab.
UDALETXE PLAZA ETA UDALETXEA
Udaletxeko plaza Iruñeko Alde Zaharraren bihotzean dago. Plaza horretatik pasatzen dira Done Jakue bidea, entzierroaren ibilbidea, eta gainera Iruñeko irudi ezagunenetako bat da, Sanfermin jaiei hasiera ematen dien Txupinazoaren eszenatokia baita. Bai plaza txikia eta handia aldi berean!
Plaza horretan dago Udaletxea, hiriko monumentu garrantzitsu eta ezagunenetako bat. Udaletxea Iruñeko burgoak batzearen ondorioz eraiki zen, Karlos III.a Nobleak 1423an emandako Batasunaren Pribilegioaren ondoren, eta gune ireki batean eraiki zen, “inorena ez zen lurralde batean” , hiru burgoek, Navarreriak, San Nikolasek eta San Zerninek bat egiten zuten lekuan.
LERINGO ETA MAÑUETAKO TXURROGILEAK
'El churrero de Lerín' urtean zehar leku lasaia da, zaratatsua den kale batean. Uztailaren 6tik 14ra aldatu egiten da, batez ere sanferminetako entzierroen ondoren. Orduan, ilara luzeak sortzen dira denda txikiaren kanpoaldean, txokolate beroa eta txurro zoragarriak erosteko.
'La Mañueta txurro-denda', Espainiako zaharrenetako bat da eta ia 150 urte daramatza Iruñekoei eta bisitariei sanferminetako goizak goxatzen. Txurro-denda horretan, Paulinak eta haren familiak etxeko errezetari eusten diote: haien trikimailu bakarra aizkorarekin txikitutako Nafarroako pago-egurra eta oliba-olioa erabiltzea da.
GURGUR: ESTAFETAKO GUTIZIAK
Gurgur Estafeta kaleko gozoki-denda bat da, eta Nafarroako arasako gutiziarik onenak biltzen ditu, ahoa kalitatezko eta tokiko elaborazio tradizionaleko jaki goxoekin eta Nafarroako gastronomiako produkturik onenekin gozatzeko. Besteak beste honako produktu hauek aurkitzen ahal dira bertan: jatorri-deitura duten ardo onak, elaborazio tradizionaleko patxarana, zapore eta kalitateagatik saritutako gaztak, izen propioa duten barazki-kontserbak, gozokiak eta pastel tipikoak, eta gure sukaldaritzako jakirik onenen zaporea duten beste gutizia batzuk.
Gainera, mota guztietako saskiak prestatu eta bidaltzen dituzte, tamaina guztietakoak, gustukoenak dituzun produktuekin.
IRUÑA KAFEA: HEMINGWAYREN TXOKOA
Iruña Kafea, taberna eta jatetxea da. 1888an sortu zen eta Iruñeko Gazteluko plazan dago, hiriaren erdi-erdian. Kafe hau ezinbesteko geralekua da Iruñera joaten denarendako, baita Iruñeko toki esklusiboenetako bat ere, bere historia eta tradizioagatik. Hemingwayren txokoa txoko atsegina eta lasaia da, Kafearen ondoan dago, eta Ernest Hemingway idazlearen espiritua eta irudia ditu ardatz.
Halaber, Iruña kafetegia topagunea da Iruñekoendako, tradizioagatik, kokapen ezin hobeagatik, haren areto enblematikoarengatik eta terraza zabalagatik. Gainera, pintxoak hartzeko, jateko edo afaltzeko aukera bikaina eskaintzen du.
GRAN HOTEL LA PERLA
“3 mende, 4 belaunaldi, 5 izarreko” hotel honen historiak, leku atsegin eta paregabe bihurtzen du. Gran Hotel La Perla historia luzeko eta historia horrekin konprometitutako establezimendua da. Iruñeko erdigunean, gurekin ostatu hartu duten pertsonaiei (Ernest Hemingway, Mario Vargas Llosa, Julio Iglesias eta Woody Allen, besteak beste) eskainitako 44 gela eroso dituzu zain.
XIX. mendeaz geroztik, hotela Iruñeko eta estatuko historiaren lekuko izan da, baita une horietako batzuetako protagonista ere. Orson Welles, Manolete, Charles Chaplin, Pablo Sarasate, Julián Gayarre, Imperio Argentina, Cayetano Ordoñez eta Ignacio Zuloaga bezalako pertsonaia handiek Iruñeko luxuzko hotel hau aparteko establezimendu bihurtzen lagundu dute.
ZEZEN-PLAZA
Iruñeko zezen-plaza 1922an inauguratu zen eta nazioartean sanferminetako entzierroengatik egin da ezagun. Orain, aukera paregabea eskaintzen digu, lehenbiziko aldiz zezen-plazaren barruan sartzeko eta urtero uztailaren 6tik 14ra egiten den jaiaren eta emozioaren nondik norakoak ezagutzeko. Bisita gidatu baten bidez, nahiz zeure kabuz ezagutu ahal izanen duzu, autogida baliatuz.
Munduko laugarren handiena da edukierari dagokionez, eta orain, ateak irekitzen ditu bisitariek entzierroaren zatirik arriskutsuenetako baten zirrara senti dezaten, zezenak kalezuloaren igarobide estua zeharkatu eta jendez eta korrikalariz gainezka dagoen plaza batean sartzen direnekoa. Ez da sanferminetako zirrara bera, baina bideo eta azalpen-panelek nolabait ere emozio hori sentitzen laguntzen digute. Erakusketa osatzeko, ukuiluak, kapera, beldurraren aretoa... bisitatuko ditugu, zezenketaren artea azaltzen diguten euskarri elkarreragileak baliatuz.
RODERO JATETXEA
Leku pribilegiatu batean dago, hiriaren erdian, Iruñeko zezen-plazaren ondo-ondoan, eta bi pinuk zaintzen duten gereziondo-koloreko atea zeharkatu eta lokala zapaldu bezain laster harrituko zaitu bertako giroak.
Rodero aitzindaria da sukaldaritza harrigarri eta ez oso ortodoxoan, eta 40 urte baino gehiago daramatza tradiziotik urruntzen diren bere sorkuntzekin ongi jatea maite dutenak gozarazten. Horren erakusgarri da 1994. urtetik duen Michelin izarra, aukera segurua dela bermatzen duena, Espainiako jatetxerik onenetako bat baita.
Su eta lapiko artean hezia, Koldo Roderoren bokazioa oso goiz geratu zen agerian, bere proposamenaren muina zaporea izatearekin amets egiten baitzuen. Chef honek Nafarroako egungo sukaldaritzaren ikuspegi bikaina ematen digu: sortzaileagoa, adimentsua, teknikoa... eta hori oso modu iradokitzailean ikusarazteko dohain bat duela erakusten du.
ENTZIERROAREN MONUMENTUA
Eskultura-multzoa hemeretzi figurak osatzen dute: sei zezen, hiru joaldun eta hamar korrikalari. Horiek guztiak brontze patinadunez eginak dira, eta Estafeta kalearen tarteari dagokion entzierroaren argazki bat betikotzen dute. Multzoak hamar tona baino gehiago pisatzen du eta plataforma baten gainean ezarrita dago, zeina hormigoi armatuez egina baita, eta Karlos III.aren etorbidearen zorua estaltzen duen harlauza-mota berarekin estalia. Rafael Huerta eskultore bizkaitarrak bere adopzio-lurra izan den Nafarroari egindako omenaldi gisara irizten dio bere obra honi.
Eskulturaren proiektua bi fasetan gauzatu zen. Monumentua 1994ko uztailaren 6an inauguratu zen lehen aldiz, Zezen Plazatik metro gutxira. Brontzezko lehen multzo eskultoriko horrek atzeratutako zezen bat egunkari kolpez bideratzen saiatzen ari ziren bi korrikalari besterik ez zituen. Hamar urte geroago, 2004ko otsailean, multzoa osatzeko Iruñeko Udalaren enkargua jaso zuen eskultore bilbotarrak. Bigarren inaugurazioa 2007ko apirilaren 21ean egin zuten, Karlos III.aren etorbidean, Merindadeen plazaren eta Nafarroako Gorteen kalearen artean, oinezkoendako egokitu berria zen tartea irekitzeko egin zen festaren egun berean.
SAN FERMIN KAPERA
Iruñeko kaleak sanfermin jai unibertsalen agertoki nagusia badira, Santuaren Kapera, San Lorentzo elizaren barruan dagoena, fededunen topagune da sanfermin jaietako erlijio-ekitaldietan. Eliza honetatik ateratzen da uztailaren 7 orotan San Ferminen prozesioa, hemen gordetzen baita urtean zehar santuaren tailua.
Oraingo eraikinak bertan zegoen estilo barrokoko beste eliza bat ordeztu zuen; 1901. urtekoa da, eta haren diseinua Florencio Ansoleagak egin zuen. Barrualdea neoklasikoa da. Santuaren kapera 1696 eta 1717 artean eraiki zen, eta Santiago Raón, Fray Juan de Alegría eta Martín de Zalduak egina da. Bere kupulen joko geometrikoa eta goiko aldea koroatzen duen linterna nabarmentzen dira. Hor gordetzen da santuaren irudia; 1717ko uztailaren 6an jarri zen han.
Tailua XVI. mendeko erlikia-ontzia da eta, egurrezkoa bada ere, 1687an zilarrez estali zen. Bularraldeko obaloan San Ferminen erlikiak daude eta tailua zilarrez landutako idulki baten gainean dago.