
Doako hamabost ikastaro eskainiko ditu Zentro Elkarlaneko Guneak udazkenean, partaidetzan trebatzeko. Astelehenean irekiko da ikastaroetan izena emateko epea, eta honako hauek parte hartu ahal izanen dute: herritarrek, elkarteek, herritarren talde eta entitateek, udal politikariek eta teknikariek, eta gizarte- eta komunitate-arloko profesionalei (gizartearen eta hezkuntzaren, kulturaren, osasunaren eta ingurumenaren arlokoak).
Behin-behinean izena emateko, online formulario bat bete beharko da nahitaez ikastaro bakoitzeko, participa.pamplona.es webgunean sartuta. Behin-behinean izena emateko epea amaituta, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie onartuak izan diren ala ez. Onartuek izen-ematea berretsi beharko dute behin betiko izena emanez. Ikastaroak hasi baino hamar egun lehenago itxiko da izena emateko epea eta, salbuespenak salbuespen, epea luzatzen ahalko da baldin eta plazarik bete gabe gelditu bada.
Ikastaroren batean eskainitako plazak baino eskaera gehiago badira, ikastaro bakoitzaren berariazko irizpideen arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, betiere Iruñean erroldatuta egon direnei, eta Iruñeko gizarte- eta kultura-elkarteetako kideei lehentasuna emanez. Aurrera begirako izen-emateetarako, kontuan hartuko da ikastaroaren % 85era agertu ez direnak, eta ikastaroren batean lan pertsonala egin behar bada, hura entregatu ez izana. Halaber, bertaratze-agiria emanen zaie ikastaroaren orduen % 85era agertu diren ikasleei.
Gai-ildoak eta beste prestakuntza-zerbitzu batzuk
Hiru gai-ildo zehaztu dira udazkeneko prestakuntza-proposamenerako, eta besteak beste, honako alderdi hauekin zerikusia duten gaiak jorratuko dira: boluntariotza eta herritar aktiboak, elkartegintza eta antolatutako parte-hartze soziala eta herritar- eta komunitate-sareak. Boluntariotzaren eta herritar aktiboen ildoan, parte hartzeko trebetasun sozial eta teknologikoak sustatuko dira. Elkartegintzaren ildoan, prestakuntzak bi ardatz nagusi ditu: elkarteen kudeaketa (finantzaketa, barne- eta kanpo-komunikazioa eta tresna teknologikoak, besteak beste) eta antolakundeen garapena. Herritar- eta komunitate-sareen esparruan, saretan parte hartu dutenen esperientziak landuko dira, berdintasunean oinarritutako parte hartzea sustatuta, generoari, jatorriari eta gaitasunei dagokienez.
Zentro Elkarlaneko Guneak hainbat prestakuntza- eta sustapen zerbitzu eskaintzen ditu, bai eta partaidetzako ikastaroak ere. Etengabeko prestakuntza (hiru hilekoa) eskaintzen du, baita prestakuntza nahieran ere, gizarte entitateendako. Horrez gain, jardunaldiak, hitzaldiak eta topaketak antolatzen ditu, eta, argitalpen propioak prestatzen ditu, besteak beste.
Herritarren Partaidetzak prestatzaileen eta ikastaro-proposamenen poltsa bat sortu du, prestakuntza-jarduerak eman nahi dituzten profesionalek edo enpresek proposamena egiteko aukera izan dezaten. Halaber, prestatzaileen eta elkarteen arteko hartu-emanak erraztuko dira, betiere beharrak kontuan hartuta. Poltsa horretan sartzeko interesa dutenek, agiri hauek bidali beharko dituzte formacion.participacion@pamplona.es helbidera: aurkezpen-eskutitz bat, prestatzailearen fitxa, prestakuntza-proposamenaren fitxa eta curriculuma.
PARTAIDETZAKO IKASTAROAK. 2025EKO UDAZKENA
BOLUNTARIOTZA ETA HERRITAR AKTIBOAK
1. Parte hartzeko gizarte-trebetasunak
1.1. Enpatia eta komunikazio ez-bortitzaren (KEB) 4 gakoak
1.2. Jendaurrean hitz egitea
2. Boluntariotza
2.1. Boluntariotzara hurbilduko naiz
ANTOLATUTAKO PARTE-HARTZE SOZIALA: ELKARTEGINTZA
3. Elkarteen kudeaketa
3.1. Elkarteen oinarrizko kudeaketa
3.2. Antola ezazu ekitaldia elkarte gisa era profesionalean
3.3. Sare sozialak, hastapena: gizarte erakundeendako eta elkarteendako gida
3.4. Sare sozialak, kausak ikusarazi eta mugiarazteko (euskaraz)
3.5. Sare sozialak, kausak ikusarazi eta mugiarazteko
3.6. Sormena desblokeatzea eta reelak sortzea
3.7. Podcasta gizarte-hezkuntzarako eta parte hartzeko tresna gisa
4. ANTOLAKUNDEEN GARAPENA
4.1. Talde-jarduna bideratzeko oinarrizko ikastaroa (1-4 moduluak)
4.2. Visual thinking
4.3. Parte hartzeko tresnak eta metodologiak: open space-a eta word kafe-a
HERRITAR- ETA KOMUNITATE-SAREAK
5. Sareetan parte hartu dutenen esperientziak
5.1. Kontzientziak pizten: taldeak eraldatzeko sentsibilizazio dinamikak
6. Berdintasunaren inguruko prestakuntza bultzatzea
6.1. Gizarte mentoretza: laguntza emozionala