Zazpi plan doan, gazteentzat, datorren astean: Gaztediaren Etxeko arratsaldeetan eta, orain gainera, Mendillorri eta Buztintxuriko Zentro Komunitarioetan, asteartean eta ostegunean

Zazpi plan doan, gazteentzat, datorren astean: Gaztediaren Etxeko arratsaldeetan eta, orain gainera, Mendillorri eta Buztintxuriko Zentro Komunitarioetan, asteartean eta ostegunean
Zera aurreikusi da: bideo-edizioa, dantza latinoak, indarkeriarik gabeko komunikazioa, buztina modelatzea, imitaziozko bitxien bi sormen-lantegi eta lurrinak egitea

Datorren astean Gaztediaren Etxeak doako zazpi plan eskainiko ditu: bost Zangoza kaleko 30eko instalaziotan, astelehenetik ostiralera (19:30 – 21:00), eta gainerako biak Mendillorri (Sarriguren kontzejuaren k., 3) eta Buztintxuriko Zentro Komunitarioetan (Víctor Eusa kalea, 1). Auzo horietan jarduerak asteartean (18:30 – 20:00) eta ostegunean (10:00 – 11:30) izango dira, hurrenez hurren.

Etxeko asterako aurreikusitakoa zera da: mugikorrez bideoak egin eta gailuan bertan editatzea; dantza latinoen saio bat, saltsa edo batxata esaterako; indarkeriarik gabeko komunikaziorako lantegi motza, parte hartzeko metodologiaz; erritu-totem bat eraikitzen ikasteko aukera; eta, euskaraz, imitaziozko bitxiak diseinatu eta egiteko aukera. Zentro komunitarioetako bi saioetan Lurrin naturalak egiteko lantegia eta Imitaziozko bitxien sormen-lantegia egingo dira, azken hori bigarrenez baina oraingoan gazteleraz.

Jarduera horiek guztiak Hamaika plan uda-programan daude; abuztuan gauzatzen dira, jolas-aisiaren bila edo zaletasun berriak probatzeko aukeraren bila dauden 14 urtetik gorako gazteei zuzenduta. Lantegi guztietako materialak Gaztediaren Etxeak berak jarriko ditu, eta, zerbait sortuz gero, egileek etxera eraman ahalko dute.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Gaztediaren Etxera jo, Zangoza kaleko 30ean, 948 233 512 telefonoan edo casajuventud@casajuventud.com helbide elektronikoan.

Zentro komunitarioetako lehen bi lantegiak
Hamaika plan programaren hirugarren urte honetan, kontzeptuan berritasun bat dago. Jarduerak Etxetik atera eta lau auzotako zentro komunitarioetara ere joango dira: Mendillorri (18:30 – 20:00), Buztintxuri (10:00 – 11:30), Ermitagaña (11:00 – 12:30) eta Arrotxapea (18 – 19.30). Auzoetarako saio bana programatu da, parte-hartzea librea izango delarik.

Egingo diren jarduerak zentro komunitarioek beraiek hautatu dituzte, beren erabiltzaile gazteengan pentsatuz. Asmoa da Hamaika plan programazioko jarduera hauetako batzuk zentro horietara eramatea, auzoetako gazteek udako udal-jarduerak ezagutu eta egiteko ez ezik, Gaztediaren Etxeak ikasturtean eskaintzen dituen zerbitzuak hedatu eta proban jartzeko ere. 

Ekimena abuztuaren 6an hasiko da, asteartearekin, Mendillorrin; José Antonio Vidaurrek, sendabelarretan eta aromaterapian bi hamarkadako eskarmentua duen adituak, Lurrin naturalak egiteko lantegia emango du. Datorren astean Hamaika plan Buztintxurira ere joango dira, abuztuaren 8an, ostegunarekin; eta Alicia Urtasun Artean gradudunak (Euskal Herriko Unibertsitatean) imitaziozko sormen-bitxiak eramango ditu bertara.

Astea. Bideoak smartphonez egin eta editatzea
Datorren astelehenerako, abuztuak 5, proposamena mugikorrez teknikoki ongi dauden bideoak egiten ikastea da, eguneroko erabileretarako zein gizarte-sareetan jartzeko. Hasieratik kalitatea hobetzeko grabazio-jarraibide eta -arauak ez ezik, aplikazioak erabiltzen ere ikasiko da, ondorengo ekoizpen-aldian hobetzeko, editatzean.

Maisu-eskolak Mikel Tolosanaren eskutik izango dira; telekomunikazio- eta informatika-sistemetan tituluduna da, eta 12 urte baino gehiagoko lan-eskarmentua du, bai ikus-entzunezko ekoizleendako kamerari, bai erreportajeak eta proiektuak egiten, pertsonalak zein profesionalak.

Asteartean: saltsa eta batxata
Abuztuaren astearte guztietan mundua dantzan jarriko dute hainbat musika-estilok. Asteartean, abuztuak 6, dantza latinoen saio bat emango du Nerea Bonitok, antzezle, dantza- zein antzerki-irakasle eta TDiferencia konpainiako kideak.

Dantzariek hainbat pauso eta figura egiten ikasiko dute, saltsaz eta batxataz; genero erritmiko eta alaiak dira, Karibeko erritmoak –Kubako sona, merenguea edo bolero erritmikoa– uztartuz sortuta.

Indarkeriarik gabeko komunikazioa, asteazkenerako
Abuztuaren 7an, asteazkenarekin, ahozko adierazpenean nork bere trebetasunak kontrolatzera egongo da bideratuta arratsaldea, Indarkeriarik gabeko komunikaziorako lantegiaren bidez, saio irekian eta parte hartzeko metodologiaz. Helburuak honako hauek izango dira: norberaren ezagutza eta garapena erraztea, eta trebetasun praktikoak jasotzea, asertiboa eta enpatikoa, elkarrekiko errukiorra eta betiere eraginkorra den komunikazioa landuz. Parte-hartzaileek gatazkei eta ezberdintasunei irtenbidea emateko informazioa, era baketsuan trukatzen ikastea da topaketaren helburua.

Lantegia Idoia Ángel psikologo eta Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoko arduradunak emango du, Estatu Batuetako Marshall B. Rosenberg komunikazio ez-bortitzaren sortzailearen premisak oinarri; psikologo, bitartekari, hezitzaile eta terapeuta izan zen.

Azken bi egunetarako eskulanak 
Ostegunean hasiko dira bi eskulan-jardunaldi, eta buztinezko Totem bat eraikiko da, sormeneko behe-erliebeak izango dituela. Modelaketaren oinarrizko teknikak eta ezaugarriak ikastean datza, buztinaren aukera plastikoak esperimentatuz. Yeray Paz Gómez arduratuko da ideiak irudi bilakatzen laguntzeaz; goi-mailako teknikaria da arte plastikoetan eta eskulturaren arte aplikatuen diseinuan.

Abuztuaren 9an, ostiralarekin, imitaziozko bitxien txanda izango da, Alicia Urtasunekin; Artean graduduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta eskulan-lantegietan eskarmentua du. Saio hori euskaraz egingo da. Hainbat osagai egingo dira, hala nola belarritakoak, zintak eta eskuturrekoak, edozein etxetan aurki daitezkeen material arruntez, eta askotan eguneroko gauzak berrerabiltzekotan.

 

19KO TXANKLETAK. HAMAIKA PLAN


Gaztediaren Etxea

Abuztuak 5, astelehena

Bideoak smartphonez egin eta editatzea
•    Nork emana: Mikel Tolosana. Telekomunikazio- eta informatika-sistemetan tituluduna da, eta ikus-entzunezko ekoizleendako kameraria zein erreportajeen egilea

Abuztuak 6, asteartea

Dantza latindarrak
•    Nork emana: Nerea Bonito. Antzezle eta dantza- zein antzerki-irakaslea da, eta TDiferencia konpainiako kidea

Abuztuak 7, asteazkena

Indarkeriarik gabeko komunikaziorako lantegi motza
•    Nork emana: Idoia Ángel. Psikologoa da, eta Gaztediaren Etxeko Psikologia Aholkularitzaren arduraduna

Abuztuak 8, osteguna

Buztinezko Totema
•    Nork emana: Yeray Paz Gómez. Goi-mailako teknikaria da arte plastikoetan eta eskulturaren arte aplikatuen diseinuan

Abuztuak 9, ostirala

Imitaziozko bitxien sormen-lantegia (EUSKARAZ)
•    Nork emana: Alicia Urtasun. Artean graduduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta eskulan-lantegietan eskarmentua du


Zentro komunitarioak

Abuztuak 6, asteartea
Mendillorri (Sarriguren kontzejuaren k., 3)
Lurrin naturalak egiteko lantegia
Nork emana: José Antonio Vidaurre. Sendabelarretako, kosmetika naturaleko eta masajeko irakaslea da 

Abuztuak 8, osteguna

Buztintxuri (Víctor Eusa kalea, 1)
Imitaziozko bitxien sormen-lantegia
Nork emana: Alicia Urtasun. Artean graduduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta eskulan-lantegietan eskarmentua du

¿Te ha sido útil esta página?